Piztiaren izenaz. Baskoez, nafarrez eta bertzez

Nere eskuetan dago Joseba Asironek idatzi eta Martin Altzuetak ilustratu duten Euskal Herriko Historiako bigarren alea. Liburu bikaina eta alde aunitzetatik guztiz gomendagarria. Lehenengoa ere erosi nuen eta, ateratzen direnean hirugarrena eta laugarrena ere erosteko asmoa dut.

Ai ene! Akats bat aurkitu diot, halere. Eta akats horren pista jarraitu dut. Aymeric Picaudek XII. mendean gure herriaz idatzi zuena agertzen du, ezinbertzea. Eta jatorrizkoan latinez idatzirik dagoena euskaratu du. Honela:

Haran honen (Garaziren) hurrengo, nafar lurraldea dator, ogi eta ardo, esne eta ganadutan aberatsa. Nafarrek eta euskaldunek itxura eta ezaugarri berdinak dituzte, janariei, jantziei eta hizkuntzari dagokienez hain zuzen, baina euskaldunek begitartea zuriago dute nafarrek baino.

Honela dio, ordea, jatorrizko testuak:

Post hanc vallem invenitur tellus navarrorum que felix pane et vino, lacte et pecoribus habetur. Navarri et Bascli unius similitudinis et qualitatis in cibis scilicet et vestibus et lingua habetur, sed Bascli facie candidiores Navarris approbantur.

“navarrus” latinezko hitza euskaraz “nafar” itzultzea aski zilegi da, azken batean bi hitzek jatorri berbera baitute, nahiz eta gaur egun erranahi bera ez. Baina nori bururatu ote zaio “bascli” delakoa “euskaldun” itzuli behar dela? Ikerketatxo bat egin ondoren 1994ko Uztaro 10 aldizkarian Gidor Bilbaok eginiko itzulpena aurkitu dut; eta ene irudikoa da Asironek handik aldatu duela.

Baina guztiz sinetsirik nago “bascli” horretatik “euskaldun” itzultzea ez dela zilegi. Eta azaltzera entseatuko naiz.

Has gaitezen itzulpenaren euskarazko muturretik. Zer erran nahi du “euskaldun” hitzak? Etimologia gardena da: euskara duena; bizardun bizarra duena eta txapeldun txapela duena diren bezalaxe. Hori izan da herriak beti ulertu izan duena, eta gaur egun gehienok ulertzen duguna (1). Ez dakigu, ordea, XII. mendean euskara zutenek beren buruari nola deitzen ote zioten. Oso litekeena da gaur egun bezala, orduan ere “euskaldun” izatea, baina dokumentaziorik ez dago. Euskaldun hitza lehen aldikoz XVI. mendean agertzen baitzaigu.

Bai dakigu, aldiz, XII. mendean “bascli” nor ziren. Eta Aymerid Picaud berak argi azaltzen digu: garaztarrak. Eta segur aski gainerako behenafarrak ere bai. Behe Nafarroa izena historian beranduago agertuko da, lur haiek orduan “bortuz haratago” (ultrapuertos) deitzen zieten, eta ez gutxitan “baskoen lurrak” (tierra de vascos). Aunitzendako amorragarria izanen bada ere, XII. mendean baskoak Ipar Euskal Herrikoak ziren. Eta askoz beranduago ere berdin: Etxeparek bascoac oro preciaçen idatzi zuenean garaztarrei buruz ari zen, doike.

Ikus ditzagun guri deitzeko erabili izan diren hainbat izenen historiatxoa:

1) vascones / bascli / vascos / basques

Izena lehen aldiz Tito Liviok (Titus Livius) historialari erromatarrak aipatu zuen: uascones, Sertorioren gerra kontatzen zuenean. Estrabon (Στράβων) idazle greziarrak erabili zuen bere geografian: “uaskonoe” irakurri behar dena. Idazle honek ematen ditu datu gehien, eta bere berrietatik “baskoi” horien lurra zein zen zehaztu dezakegu: gaur egungo Nafarroa gehiena (2), Aragoako lurrak Etxotik Ejearaino, gutxienez, Errioxako hainbat leku eta Gipuzkoako zati bat, Oiartzundik Iruneraino. Estrabonek bertze herri batzuk ere aipatzen ditu: barduliarrak, karistiarrak, beronak, ilergeteak… Hauetarik zeintzuk ziren euskaldun eztabaidagai izan da eta gaur egun ere bada.

IV. eta V. mendeetarako, ordea, “vascones” izena hedatu egin zen, eta orduko euskaldun guztiak, ipar nahiz hegokoak, izendatzeko erabiltzen zen. Akitaniarrei horrela deitzen zieten, eta handik etorriko da “gaskoi” izena. Eta noizbait Kataluniako Pallars eskualdekoei ere “vascones” deitu izan diete. Arabiarrek Iruñekoei Al-Baskliya deitu zieten.

Behe Erdi Aroan, ordea, izena gainbeheran zegoen eta nafar deitu ohi zieten euskaraz egiten zutenei, pampilonenses. Testuinguru honetan ulertu behar da Aymeric Picauden aipamena. Bascli garaztarrak dira, inongo zalantzarik gabe, ez “euskaldunak”. Are gehiago, testuan berean, aurreraxeago, bascli-en eta nafarren hizkuntza zein den zehazten digu:

Barbara enim lingua penitus habentur Deum vocant urçia Dei genitricem andrea maria panem ogui vinum ardum carnem aragui piscem araign domum echea dominum domus iaona dominam andrea ecclesiam eliçera presbiterum belaterra (…) trictium gari aquam uric regem ereguia Sanctum Iacobum iaona domne iacue

Beraz, testigantza honetan argi geratzen da bai bascliek eta bai nafarrek euskaldun zirela, denek euskaraz egiten baitzuten.

XIX. mende artio gauzek horrela jarraitzen zuten, baskoak Ipar Euskal Herriko euskaldunak ziren; gaskoieraz basco, frantsesez basque. Bertze euskaldunak nafarrak, bizkaitarrak etab. ziren. XIX. mendeko mugimendu erromantikoari, eta bereziki Antoine Abadiari, zor diogu izena berreskuratzea eta euskaldun guziendako zabaltzea.

XX. mendeko azken laurdenean Araban (Trebiñun izan ezik), Gipuzkoan eta Bizkaian “Gernikako Autonomia Estatutua” ezarri zuten, eta beraiendako “País Vasco” izena hartu zuten. Guztiona zen izena bakar batzuendako mugatuz. Erakundetze horrek, alde batetik; eta, bertzetik eta paraleloki, Nafarroa Garaian aunitzek “vasco” izena errefusatzeak ekarri du XXI. mendeko hasiera honetan ezjakin askoren kontzientzian baskoak arabarrak (trebiñuarrak izan ezik), giputzak eta bizkaitarrak izatea.

Eta horretan geldituko balitz, gaitz erdi, baina badirudi batzuek “euskaldun” hitza “basko” murriztu horren euskal ordaina bihurtu nahi dutela. Horregatik larria iruditzen zait “navarri et bascli” “nafarrak eta euskaldunak” itzultzea.

Beraz laburbilduz, badirudi baskoak lehen nafarrak bakarrik ginela, gero denak; ondoren iparraldekoak bakarrik, gero berriz ere denak; eta, orain, mendebaldekoak bakarrik.

2) Vascongado

Aitzinean aipatu dudan gaitzari erremedio bezala-edo, hainbatek mendebaldeko euskaldunei “baskongadoak” deitzen diete. Ongi dago erabilera oker bat salatzea den aldetik, baina horrela hitz honek ere bere jatorrizko adiera galtzen du.

Erdi Arotik hasita, erdaraz, euskaldunen hizkuntzari, euskarari, vascuence deitu izan zaio. Hitz honek jatorria latinean du: vasconice aditzondotik eratorria, erran nahi baitu “baskoien (mintzatzeko) modua”. Honen parekoa romance da; romanice baita “erromatarren modua”. Nafarroan zenbatezinak dira vascuence eta romance kontrajartzen dituzten agiriak.

Era berean, euskaraz egiten dutenei vascongado deitzen diete; eta erdaraz, erromantzez, egiten dutenei romanzado. Nafar euskaldunak (XVIII. mendea artio nafar gehienak) baskongadoak dira nafar dokumentazioan.

XIX. mendeko espainiar lurralde antolamenduan Araba (Trebiñu kenduta), Bizkaia eta Gipuzkoari “provincias vascongadas” deitzen diete. Nafarroa ere, bistan da, baskongadoa da, baina ez da probintzia, erresuma baizik.

3. Vizcaino

Ugari dira XV. mendetik hasita eta XIX. mendea arte gaztelaniazko testuak non euskaldun guzioi vizcainos (edo vizcaínos) deitzen diguten. Adibide pare batekin konformatuko naiz.

Don Quixote liburu ospetsuko III. kapituluan protagonistak borroka bat egiten du bizkaitar batekin, Azpeitiko jaun batekin, alegia. Bide batez, Don Quixotek irabazten duen borroka ia bakarra da.

Frantzisko Jaso Xabierkoak ere, bere hizkuntzari buruz, “ene hizkuntza naturala bizkaitarra izanki” idatzi zuen.

****

Hemen utziko dudala uste dut. Bertzenaz hau luzeegia izanen litzateke. Izenek ez dutela beti gauza bera erran nahi izan frogatu dudala uste dut. Eta, beraz, kontuz ibili behar direla.

Norbaitek izen garrantzitsu bat utzi dudala erranen dit: nafar. Baina horri buruz artikulu oso bat idazteko asmoa dut.

(1) Arront berriak dira hitzari erranahia aldatzeko saiakerak; ez-dakit-nongo-biztanle erranarazteko, euskaraz jakin ala ez. Eta ez-dakit-hango-biztanlea ez denari (ez garenoi) izena kentzeko, goizetik gauera euskaraz bizi baden ber. Honetaz bertze artikulu bat idatziko dut.

(2) Kanpoan gelditzen ziren alde batetik Luzaide eta bertzetik Burunda, Lanaibar eta behar bada Ameskoagoien.