Oraingoan urte asko joango naiz atzera, nire haurtzarora hain zuzen ere. Nire buruko kajoi zahar bat irekiko dut, kajoi horri hautsa kenduko diot eta bertan dauden oroitzapen onak gogora ekarriko ditut. Gogora ekarriko ditut garai alaia haiek, ardurarik gabe, nahi nuena egiteko aske sentitzen nintzenean…
Uuuuf, “aske” hitza ez dut uste aproposena denik garai horietan egiten nuena deskribatzeko, agian beste hitz bat erabili beharko nuke…
Egia esan, gure eskola moderno eta aurrerakoietan askatasuna bezalako kontzeptua gehiegi erabili izan da, gehiegi eta alferrean, hitzaren esanahi bera eraldatu delarik. Izan ere, nola esan dezakegu askatasuna lantzen dela eskola batean baldin eta gure umeei marrazki bat ematen badiegu eta marretatik ez ateratzeko esaten badiegu?
Kontzeptuaren berreraikuntza bat egin dezakegu, askatasuna; jada egindako marrazki baten marretatik atera gabe egindako margoketa.
Ez dut uste bide egokiena denik honako hau, beraz, saia gaitezen gure eskoletako planteamendua aldatzen, errotik agian, baina gutxinaka eta pausu sendoak emanez.
MaximeGreene Columbiako Unibertsitateko irakasleak dioen gisara, “ezin gara konformatu gauzen egoera erreproduzitzearekin soilik, haratago joan behar gara”.
Irudimena landu behar du gizaki orok, berezko dugun gaitasun itzela baita. Horretarako, eskolatik hasi behar gara, gure garaian hegalak moztu zizkiguten hein batean, ez diezaiegun hurrengo belaunaldiei berdina egin. Gurekin, nahigabe izan arren, izan zuten akats berdina egingo dugu? Bada garaia umeek marrazkiaren marretatik at marraz dezaten, euren irudimenak baimentzen dien tokiraino marrazteko garaia hain zuzen.