“Ama besoak zabalik hurbildu zitzaidanean, nik, jauzi txiki bat eginez, gerritik heldu nion. Hankatxoak airean, amak bi alboetara amoroski kulunkatu ninduen eta berriro lurrean utzi, baina ni nintzen haurtxoak ez zion inola ere jaregin nahi izan. Salto txiki batekin, sabelaren parean zangoez ama inguratu, bi besoez lepo inguruan besarkatu eta horrela egon nintzen denboralditxo batez. Nire bihotza takikardiaz hasi zen taupakari. Uste dut amak inoiz baino semeago sentitu ninduela eta nik sentsazio berbera jasan nuen amarekiko. Aurpegiari zertxobait atzerantz eragin eta, aurrez aurre finko instant batean elkarri so egin ondoren, biok musuka eta musuka aritu ginen, ni aspertzeke amaren begien bila eta ama negarrari eutsi ezinik, malkoak ihes egitear zituela”.