ALFONTSO I.A BORROKALARIA

Mikelek honako galdera egin zidan: “Kaixo, barkatu eragozpena, baina lagunarteko eztabaida bat izan dugu “Alfonso el batallador”i buruz: zer izan zen, Nafarroa edo Aragoiko erregea? Egon ginen Aragoi agindupean bera erregea izanik? Eskertuko nizuke berari buruzko azalpen murritz bat, behintzat. Mila esker”.

Mila esker zuri! Eta, honatx, eskatzen duzunari ihardespen xumea, ideia batzuk ez bertzerik, koka gaitezen:

*Alfontso I.a Borrokalaria (1104-1134) Aragoi eta Iruñeko erregea izan zen.

*Garai hartan, oraindik, “Nafarroako erresuma” ez zen idazten, Iruñeko erresuma bai.

*Zergatik ziren Iruñea eta Aragoiko erregeak? 1076an Iruñeko erregea zen Antso IV.a Gartzes Funes aldeko Peñalen tokian erail zuten. Hori gertatu bezain laster gaztelarrek gure lurra inbaditu eta aragoiarrak ere mugetan hedatu ziren. Iruñeko erresuma desagertzekotan zelarik, nafar eliteak Aragoiko Antso Ramirez erregea Iruñeko errege gisa ere onartu zuen, dena gaztelarren eskuetan geldi ez zedin. Horrela, Antso Ramirez, (1076-1094), Pedro I.a (1094-1104) eta Alfontso I.a Borrokalaria (1104-1134) Aragoi eta Iruñeko erregeak izan ziren.

Hondar hau hil zelarik, eta haren testamenduan arazo pila atzeman zutenez (norbait errege izendatu beharrean erlijiosoak ziren militar taldeei dena utzi omen baitzien), Iruñea nahiz Aragoiko eliteek errege bana hautatu zuten, gaztelarren arriskua igarota, berriz ere Iruñea eta Aragoi erresumak era baketsuan bereiziz.

*Hauek dira Alfontso I.a Borrokalariaren garaiko gertakari garrantzitsu batzuk:

-1119. urtean Tutera alderdia militarki konkistatu zuen, ordurarte musulman independientea zena, alegia.

-1127. urtean Gaztelak onartu zuen eskualde hauek Iruñekoak zirela: egungo Bizkaia, Araba zein Gipuzkoa osoak eta Burgos nahiz Errioxako hainbat lurralde… Hots, Antso III.a Handiaren egoera berreskuratuz.

-1130. urtean Baiona militarki okupatu nahi izan zuen, Lapurdin ingelesek zuten boterea gutiagotzekotz.

-Antza denez, hirigintza eta garraiobideak hobetu zituen, Iruñeko erresumak zituen egiturak sendotuz.