“ABUZTUAREN 15EKO BAZKALONDOA” – JOXE AUSTIN ARRIETA

“Inoiz ez jakin batek gure sukaldean freskotasun apur bat egon dadin zer den hobe: patioko leihoa zabalik ala itxita eduki. Zabaltzen baldin baduzu, gurean pilatu den ke usaintsu itogarri guztia kanpora doa, bai, baina baita auzoko beste hamairu sukaldeetakoa gurera sartzen ere. Alabaina, une honetan amak “ireki ezak leiho hori, bestela ito beharrean gaituk eta” esan eta jaiki egin haiz: maratila gogorrari eragin eta aski indarka tiratu behar duk heureganantz, leihoaren bi alderdiak elkarri ohi baino itsatsiagoak baitaude. Gaurko sargoriak zura dilatatu eta nahiko lan leiho demontre hau irekitzen, pentsatzen duk. “Ya está”, diok, azkenik leihoa kirrinka luze batez zabaltzen zaianean. Hor dago patioa, hemen bertan. Lehenengo inpresioa nahiko zuzpergarria da. Aire pittin bat bederen sartzen da, ez askorik, egia esan, gure patio hau zoko hertsi mehar bat baita, baina zerbait: gaurko sargoriaz ez zitekeen gehiagorik espero. Laster erasotzen dik, ordea, keadar lodi batek. Beheko sukalde leihoetatik gora datorren lurrun-mordo likitsa, patio lizunduaren paretetako pitzatuei darien sargori hezearekin nahasia. Frejidura usaina, arrozesne, “Faria” eta kafe egin berriaren usainak, zein zein den bereizten nekeza gertatzen den uholde trinko batetan”.