Errezeta honekin, 40 magdalena inguru aterako zaizkigu.
Osagaiak:
-
250 g gurin edo oliba olioa
-
250 g azukre
-
6 arrautza
-
350 g irin
-
Legami hauts zorro bat
-
2 goilare brandy
-
Paper moldeak
Egiteko modua:
Alde batetik irina eta legamia nahastuko ditugu. Bestalde, beste ontzi batean arrautzak, azukrea, gurina edo olioa eta brandya jarri eta irabiatu. Ondoren, aurretik elkartutako irina+legamia gutxinaka gehitzen joan ongi nahastuz. Dena batzerakoan, aukerakoa da irabiagailua erabiltzea, nahasketa hobea lortzeko asmoz. Ongi bada, orea prest dugularik, labeko erretiluan paperezko moldeak jarriko ditugu, beraien artean leku pixka bat utziz. Orain, moldeak betetzeko unea da eta erdiraino beteko ditugu, izan ere, beraien tamaina hazi egingo da. Labean sartu aurretik azukrez hautseztatu eta barrura! Magdalenak sartu baino lehen, labea 175º C-tan berotua eduki eta behin sartu ondoren, 15-20 minutuz mantendu. On egin!