ERLANTZ URTASUN ANTZANOREN HITZAK (K.O. 2014)

1944ko ekainaren 6an, herrialde askotako tropa aliatuek,

baina gehienbat ingelesek eta estatubatuarrek,

eraso militar bat hasi zuten, Overlord operazioa izenekoa,

Normandiako Lehorreratzea,

edo “E Eguna” ere esaten diotena, urteetan igurikia.

Britainia Handiko baseetatik, milioika soldadu aliatuk

Mantxako Kanala gurutzatu, eta nazien tropak borrokatu zituzten,

horiek hartua zuten eremuan, baita gupidarik gabe irabazi ere

urtebete igaro baino lehen, gudu eta bonbardatze beldurgarrietan,

milioika biktima eraginez.

Alemanek oso gogor eutsiagatik, aliatuek erdietsi zuten

fronte berria irekitzea Mendebaldeko Europan, eta Italiakoarekin lotu;

hala, Hitlerren tropak oraino ere gehiago ahuldu ziren,

ekialdean ere gehienak gibelerat baitzihoazen,

armada sobietar egunean baino egunean ahaltsuagoak bulkaturik.

Egundaino ere, E Eguna jotzen da

gizateriaren historian gerra batean izan den

itsas garraio, aire babes eta lehorreratze ekinaldi militarrik handiena.