Jaione gelako giro okaztagarriak nardatuta ohetik jaiki da. Janzten ari deno Josetxori so dago. Zurrunka ari da. Ahoa zabal-zabalik dauka eta darion kirats karminduak den-dena mikazten du. Batek daki zer edanen zuen. Goizeko seietan iritsi da. Lagunekin hamaika gau-zulotan ibiliko zunan, ausarki edaten diotso Jaionek bere buruari. Gelatik jalgi eta egunkaria eta gosaria erosterat jaitsi da karrikarat. Ataritik irtendakoan gaupasa galanta burutu duen gazte talde batekin topo egin du. Kantari doaz. Ozenki, zakarki baina umoretsu. Batek halako kapel mexikarra darama, bertze batek, aldiz, ia metro erdiko gozokia zurrupatzen dihardu, hirugarren batek ditizorro bat lepoan sartuta dauka, gorbata gisan. Bertze biek, elkar hartuta, txanpan botila bana goititzen dute zeharo desitxuraturiko abesti bat abesten saiatzen diren bitarte neketsuan. Batzuetan botilak muturrez behera ahoratzen dituzte baina alferrik. Aspaldi husturik daude. Jaioneren ondotik iragaitean kapelak aitzineko aldetik goratu eta agur dotorea eskaini diote. Gero beren horretan segitu dute aurrera. Aldoka-maldoka. Karrika osoaren jabe dirudite. Jaione, ahal izan dituen bezala saihesturik, kafetegirat sartu da. Egunkaria, pastizak, gailetak, ogiak…
Handik sobera gabe etxean da gosaria prestatzen. Esnea berotzen paratu du, bitartean pastizak labetxoan sartu ditu poxi bat xigor daitezen. Irratia piztu du eguneko berriak entzuteko.
Gaur, aurreneko entzierroa, arras lasterketa garbia izan da. Estafeta karrikaren hasieran, betiko bihurgune irristakorrean, erorketa batzuk suertatu dira. Berauen ondorioz neska bat zapaldurik gertatu da eta hainbat ubeldura sortu zaio. Arratsaldean…
Josetxo da irratia itzali duena. Sabela zakarki hazkatzen ari da, ondoren barrabilak zantarki. Hozkailuraino hurbildu, atea ireki eta garagardo bat du hartu. Solasean hasi da
– Noski, emakume bat zapaldurik. Ez dakit zer dela eta uzten dieten sartzen entzierroetara.
– Josetxo, erorketa suertatu da, auskalo ez ote den mozkor batek eraginda izan.
– Gero eta emakume gehiago sartzen dira eta ibilbidea beti bera da. Orduan eta toki eskaseago dago.
– Baina zer diozu? Entzierroetan sekula ez da gertatu emakume hilik egotea. Gainera denek eginen balute zuk egiten duzuna jai genuke. Zuk uste duzu ongi dagoela?
– Zer ba? Ni ere korrikalaria naiz.
– Korrikalaria? Korrikalaria? Goizeko seietatik hasten baitzarete lekuaz jabetzen zezen-plazaren atearen aurrean lehenak izateko ordaindu gabe eta korrikalaria zarela diozu?
– Ez dut berriz honetaz eztabaidatu gura. Oraindik zezenketara etortzekotan zaude?
-Jakina. Ikusi nahi ditut nolakoak diren hainbertze jende liluratzen duten zezenketa eta zezenkariak. Behin ere ez naiz izan eta zure lagunek txartela oparitu didatenez.
– Dena den saia zaitez sobera ez edaten, gogoan eduki haurdun zaudela.
– Hara! Bertzeen bartzak ikusi eta bere buruko zorririk ez! Eta zure haurdunaldia nola doa?
– Nik ez dut bizitza bat neure sabelean.
– Ezta zure buruan ere!. Nik oso gutitan edaten dut, badakizu, gainera peñakoek oso toki berezia eman omen didate, orkestraren ondoan baina leku baketsuan. Ez dut estutasunik jasanen.Hiru hilabeteetako haurdunaldia edo zortzietakoa ez dira berdin eta behar izanez gero zu bertan egonen zara niri lagutzeko.
– Beno, ikusiko dugu. Ogitartekoak prestatu dituzu?
– Horretantxe hasi behar nuen, lagunduko didazu?
– Zera… kakapirriak jota nago. Komunera noa.
**
Jaionek, jakinda ez duela inolako laguntzarik erdietsiko askaria prestatzeko ogitartekoak egin eta plastikozko poltsan sartu ditu.
Josetxok, zezenketarat joan arte, lotarat joatea xedatu du. Jaione leihorat abiatu da kaleko giroa ikusteko. Zabor-biltzaileak lanean daude jo eta ke gaueko gehiegikeriak xahutu nahian. Kamioia nekez mugitzen da kristalez beteriko karrikotan barna. Txistulari hirukote bat agertu da atzetik talde tiki bat daramalarik. Jauzika ari dira. Zabor-biltzaileei lanean ikusirik laguntzerat hurbildu zaizkie.
– Zer, laguntzaren beharrik duzue?
Kristal, paper eta zabor biltzen hasi dira. Lan talde ederra suertatu da, batek bere ardo zahatoa eskaini die udal langileei.
– Tori, edan ezazue, hauxe da biziaren ura, honetatik edaten duenak ez du berriz asetu beharrik edukiko. Amen.
Esaldiari halako doinu erlijiosoa eman dio. Zabor-biltzaileak zurrut bana egin eta joaten saiatu dira.
– Baina nora zoazte, gure laguntzaren truk ordainsari bat eman behar diguzue.
– Ordainsari bat? baina, guk ez dugu pagatzen.
– Lasai gizona. Aizue, txistulari galant horiek, jo ezazue fandango bat.
Txistulariak “Baserritarra”fandango ezaguna jotzen hasi dira. Taldeko neskak kale garbitzaileei hurbildu eta parez pare dantzan hasi dira. Segituan denak dira dantzan. Jaione gustura dago hau ikusten, ikaragarri laket izan zaio beti kaleko giroa jaietan. Sukalderat abiatu, pastizak hartu eta karrikarat jaitsi da. Iritsi orduko fandangoa bukatzear dago. Hondar birak egin eta denek txistularien lana txalotu dute. Orduan Jaione pastizak banatzen hasi da. Txistulariengandik hasi, kale garbitzaileekin segi eta dantzariekin bukatu du.
– Hagitz ongi jo duzue eta hagitz ongi dantzatu zarete, nongoak zarete?
– Atarrabiakoak.
– Ederki, orduan hantxe izanen nauzue jaietan zuek entzun eta dantzan ikusteko. Agur.
Bakoitza bere bideari jarraiki zaio. Jaione ondoko kalerat joan da bertako erdal hotsak erakarririk. Erraldoiak eta kilikiak daude. Umeak liluraturik daude erraldoiekin, batzuek jantziak ukitzen dizkiete, bertze batzuek eskuak, bakan batzuk, ausartenak, barnerat sartzen dira. Kilikiak jendea zirikatzen aritzen dira, Zaldikok ere jo eta ke dihardu bere puxikaz. Hura zalaparta. Haiek barreak eta lasterketak. Gaiteroak baltse bat jotzen hasi dira. Umeak aldenarazi dituzte. Dantzariak erraldoien barneko alderat sartu eta hasi da dantza. Haurrek, jagoitik gurasoen soinburuen gainean, miretsirik segitzen dute higidura. Halako batean mutiko bat erraldoien artera sartu eta beraien antzera dantzatzen hasi da. Gorputza tinko-tinko jarri du, besoak pixka bat tolesturik baina tinko eta aurpegia serio-serio. Biraka hasi da. Erraldoiekin batera gurutzatzen ari da. Bat-batean ordura arte ikusita ez zegoen bakarra, haren ama, ohartu berri da.
– Ilunber, zer ari zara hor? Zatofitte. Kasu.
Ilunber delakoa marmarrean joan da amarengana. Jendeak txalotu egin du. Lipar batez “erraldoi tikia” agurtzen hasi da munduko boxeo txapeldun berria bailitzen. Amak, aldiz, gomendioa egin dio
– Auniztan erran datzut, ez dantzatu erraldoiekin. Hurrengoan sartu aitzin baimena eskatikodautazu
Hara, baztandarrak hauek ere dio Jaionek bere artean. Atzerritarrak ez ezik herrietakoak ere etortzen dira Sanferminetarat, doike. Goiz ederra eman du, orain etxera doa, arratsaldekoa zer nolakoa izanen den jakiteko aiherrak dago.
***
Zezen-plazaren inguruan jendetza izugarria dago. Batzuk sartu nahiz, bertze batzuk hondar unean txartela erosi guran, baina ez birsaltzaileek saldu nahi duten prezioan, naski. Ahalkegabe batzuek urririk sartu nahi dute hormetatik lehen solairuraino iganez. Hura iskanbila! Erdal hotsaren galanta! Jaione kontu handiz sartzen ahalegintzen ari da. Ez du sabela sobera estutu nahi. Azkenean, peñako lagun batzuek lagunduta, barnera da. Eskuinerat begiratu eta komunak ikusi ditu. Badaezpada ere komunera ganen naiz gero atera behar ez izaiteko. Komunetik irten denean Josetxoren bila hasi da “tendidoraino” igaiteko. Berau aldiz bere peñakideekin ari da jai-dantza bat dantzatzen. Batzuek goiti egiten duteno bertze guziak kukubilko jartzen dira musikaren hurrengo esaldian alderantziz egiten dutelarik. Jaione gogaituta dago. Lagunduko ote dio senar potroso horrek? Argi dago ezetz, betiko moduan dago, hots, bertzeendako barregarri suertatu nahian. Hiru peñakidek, Jaioneren haurdun egoeraz eta haren senarrarenaz jabeturik, “bizkartzainarena” eginez “tendidoraino” jagon egin dute. Jaionek eskertzeko bortzekoa eman die, hauek hemen zeuden, beharrik! hausnar egin du.
Mundu guztia eserita dago, eserita nolabait erraiteagatik. Batzuk puro banatzen, bertze batzuk “konfeti” barreiatzen, bertze batzuk ardo zahatoa gogotik herstutzen. Orkestra etengabe jotzen. Giro ezinago ederra dago. Jaioneren eserlekua gorputz osoa musika-tresnaz inguraturik daukan musikari potzolo baten ondoan dago. Musika-tresnaren gaineko aldean bada entsaladera moduko zerbait sekulako zuloarekin. Beronetatik sortzen da doinu sakon-sakona, grabea, baina, aldi berean, ozena. Gehiegi aditzen da. Jaionek nekez eutsi diezaioke abestiari. Bukatu dutenean musikariarekin hasi da solasten:
– Aizu, nola deritza musika-tresna honi?
– Elikona.
– Elikona?
– Bai, ba omen da “elikadura ona”-ren laburdura.
– Ez da egia, ezta? Adarra joten ari zara.
– Eta zure ustez zergatik nago ni honen lodia?
Jaionek barre egin du. Plazan umore ona dago, zinez. Ideia ederra izan da zezen-plazarat etorri izana. Pozik dago azkenean ediren baitu senarrekin baterat buru daitekeen zerbait. Orkestrak bertze “pieza” bati ekin dio. Hau “dixieland” horietarikoa da, izugarria da zer zaletasun haundia dagoen musika mota honen alde. Elikonariaren ondoan bada neska tiki bat. Tronpeta jotzen dihardu. Bere musika-tresnaren doinua potzoloarenaren gainetik nabari dadin indar itzelak egiten ditu. Zutik jotzen ari da. Notarik zorrotzenetan gorputza gibelerat makurtzen du, tronpeta goititu, begiak hertsi, birikak ontsa-ontsa bete eta Eolok berak berdinduko ez lukeen indarraz putz egiten du. Putz eta putz egiten du. Leher egin arte. Nota bakoitza bere bizitzako hondarra bailitzen. Behin-behineko entrepesa batean egonda kontratua bihar bertan bukatuko bailitzaion. Bigband bateko solista nagusia bailitzen. Gainerako musikari ororen doinuak estali nahiko bailituen. Ziplo, abestia bukatzear dagoenean, musikari guztiak goiti jarri eta neskaren inguruan kokatu dira beren musika-tresnez destatzen ariko balira bezala. Neska gero eta nota zorrotzagoak jotzen ari da. Jotzera ari da! Noraino? Honez gero pentagramako lerroak aspaldi handian bukatuko zitzaizkion, baina gora eta gora ari da. Gero eta zorrotzagorat. Bat-batean musikari guztiak isildu dira. Neskak, egin duen azken notari deutso. Eutsi eta eutsi. Jaione ohartu da putz egiten ari deno gauza dela arnas egiteko ere. Hara, albokarien teknika dio bere artean. Handik minutu erdira neskak musika lipar batez gelditu, ezker eskua goitiraino altxa, HEI oihua bota eta sekulako kadentzia egin du. Kadentzia bukatu eta handik une tiki bat gabe orkestra osoak bukaerako akordea egin du. A zer nolako bukaera! Haiek esku zartak!. Neskak agurtu-eskertu du eta denak eseri dira. Jaionek ezin sinets dezake dagoen giro aparta. Jendea pozez gainezka dago. Urrunean tronpeta hotsak aditu dira, zezenketa hastear dago.
Zezen-plazako borobil nagusiko ate bat ireki da. Zezena ziztu bizian jalgi da. Izugarri ederra da. Gihartsua. Beltz-beltza. Adar luze-luzeak ditu. Lastertasun itzelaz ari da korrika eta korrika. Zoratuta bezala leku guztietara begiratzen du. Bakar-bakarrik dago. Bitartean “tendidoetan” jendea berantesten hasi da. Txistuka ere. Oihuka bakan batzuk. Jaionek ez du fitsik ulertzen. Zezena ikusterat etorri eta plazan denean biraoka hasi. Halako batean zezenarengandik urrunen dagoen atekatxotik zezenkaria atera da. Gizon mehe-mehea eta luzanga da. Arras oinetako bitxiak daramatza, ia ez dute zolarik, korapilorik gabe eta gaineko aldean badute pilotatxo moduko zerbait. Jantzia ere txit arraroa suertatu zaio Jaioneri. Kriskitinez beterik dago. Ttinttarriak bezalakoak. Arras estua eta gorputzari itsatsita. Hain itsatsita non barrabilak txoil nabaritzen baitzaizkio. Horrexegatik aipatzen dituzte beti zezenkarien potroak, doike hausnar egin du Jaionek. Buruaren gibeleko aldean halako mototsa du zezenkariak. Eskuetan oihal gorri-gorria darama. Zezena, dagoeneko, ohartu eta haren aurka joan da zuzen-zuzen eta zezen-zezen, alajaina! Elkarrengandik metro eskasera daudelarik zezenkariak oihala zabaldu, bere inguruan bilduz bira laster bat egin eta zezena du saihestu. Jendea txaloka hasi da. Jaione harrituta dago. Baina, nola erdietsi du? dio bere artean. Berak ere txalotzeari ekin dio. Gustura dago. Zezenak, bitarte zoragarri honetan zezen-plazaren oholak ia irentsi dituelarik, itzuli eta berriz erasoan dihardu. Orain zezenkariak azken uneko higidura eginez, hots oihala zeukan toki berean utziz eta bere hankak eta gorputza aldenduz zezena ekidin du berriro. Jendea pozik dago. Jaione ere. Egia erran ez zuen horrelako ikuskizunik espero. Zezenketa aitzina doa. Plazan sekulako giroa dago. Musikariak jotzen eta jendea zezentokiari so. Bi aitzindariak plazaren erdi-erdian daude, nor baino nor. Zezenak, batzuetan, burua beheiti makurtu, bafada ozenak sortu eta aitzineko eskuinaz putinaren antzeko keinu bat badagi. Aisa gogorragoa egia erran. Behearen gainetik harea indarrez harrotuz. Zezena haserre dago. Sutan. Kiskaltzen. Gero eta bafada bortitzagoak botatzen ditu. Zezenkariak plazako oholezko hesi borobilaz haraindian dagoen bati buruz keinu bat egin dio. Berau ohartutakoan zezentokira da. Hara, bertze zezenkari bat diotso Jaionek bere buruari. Bigarren hau lehengokoa baino lodiago da. Jantzia aisa ilunago du eta askoz ere kriskitin gehiago darama sabeltzarrak nahiz bizkar handiak eskaintzen duten toki zabalak horretarako parada ematen baitu. Plazara delarik makil moduko zerbait darama esku banatan. Makilok koloredun oihalez beterik daude beheko aldean izan ezik. Beheko alde horretako bukaera ez dago oihalez jantzita. Agerian geratzen den zatiak punta zorrotza du. Beronetatik goiti gezi moduko zerbait sortzen da. Handik gorago bertze gezi bat. Distiratsu daude. Distiratsu oso. Distiratsuegi. Jaioneri horrek guztiak zain txarra eman dio.
– Aupa banderilleroa.
Oihu egin duena Jaioneren ondokoa izan da, alkoholez aski hordi dagoen bibotedun gizona. Bitartean banderilleroa harearen erdira iritsi da. Zezenaren arreta bere baitara zuzendu nahian bi besoak goititu eta eskuak beherantz makurtzen ditu banderillak (Jaionek inoiz ikasi nahiko ez zukeen baina ikasi duen hitz berria erabiltzeagatik) beherantz ere geratzen direlarik. Ondoren oin puntten gainean jauzi tiki bat egin, goratutako besoak atzerantz luzatu (luzeagotu erraitea hobe) eta oihu egin du. Keinu horri laguntzeko hondar unean gerria ere goratu du barrabilak ageriago jarri nahi izan balitu bezala. Horra berriz zezenkarien potroak bere artean dio Jaionek. Zezenak ez dio jaramonik ere egin. Zirkinik ere ez. Tendidoetako jendeari so dago uneon. Banderilleroak, aldez ez bada zezenaren arreta moldez bereganatu nahian oihu berri bat egin du oraingo honetan oin puntten gaineko jauzia aisa nabariago izan dela. Barrabilek ere beren zeresana dutelakoan banderilleroak nabariarazi ditu gerria lehen baino askozaz ere gogorrago higituz. Zezenak oihuari erreparatu dio, atzera itzuli eta berriz bafadaka hasi da. Banderillero potoloari hainbertze jauzi egin ondotik alkandora atera zaio praketatik. Berdin zaio. Orain zezenari begira dago. Zezenak lasterketa hasi du. Lastertasunaren handia! Hura oldarra! Banderilleroa ere korrika hasi da. Ezker-eskuin higidura etengabean ari da. Bere praka estuek emaiterat uzten dituzten urrats tiki bezain arinak egiten ari da. Bet-betan zezena eta gizona hurbil daudenean beronek halako iskintxoa egin, zezena saihestu eta bi banderillak sartu dizkio zezenaren bizkarrezurraren gaineko aldean. Zezenaren keinuak adierazgarriak dira hagitz. Min hartu du. Jauzika ari da, jauzi bortitzak egiten ditu. Burua gibelerat eta ipurdia aitzinerat mugitzen ditu higidura bakoitzean orro lazgarriak egiten dituelarik. Jendeak banderillero potoloaren lana txalotu du. Onetsi. Ederretsi. Miretsi. Goretsi. Jaionerengandik bi metro eskas urrun dagoen gizon batek artista oihukatu eta ardo zahatoa jaurtiki dio banderilleroari. Honek, ohartuta, ardo zahatoa hartu, eskertzeko keinua egin igorri dionari, zurrut egin, ahoa mankaz garbitu, ardo zahatoa berriz hertsi eta tendidorat itzuli du. Jendea bertze pare bat eskatzen hasi da. Bertze pare bat, zer pare ordea? galdetu dio Jaionek bere buruari. Banderilleroak oholezko hesiari hurbildu, barnerat sartu eta hara non dagerren gizon odolisurlea bertze bi odolisurgailurekin. Jendea poz-pozik dago. Jaione harrituta dago. Ezin sinets dezake. Orain arte dena zoragarri suertatu da eta orain, berriz, zertarat jin ote da hau guztiau?. Banderilleroak bere alkandora praketara sartu eta berriz hasi da zezenarenganantz oihu erakargarriak egiten. Zezenak ikusi egin du. Lehengo errito bera agitu da. Zezena harea harrotzen eta banderilleroa oihuka. Zezenak bere lasterketari ekin dio. Banderilleroak ere. Oraingo honetan, ostera, zeharo alderantziz gertatu da. Banderilleroak ezin ekidin izan du zezenaren erasoa eta bi adarrak bete-betean irentsi ditu bular aldean. Orain zezenak gora eta behera ibiltzen du banderilleroa. Garrasi izugarriak sortzen dira gizonaren ahotik. Handik guti gabe zezenkaria eta bere laguntzaileak atera dira zezenaren arreta banderilleroa ez den bertze edonorat erakarri nahian. Zezena, adarren arteko okela puska (inolako bizi arrastorik erakusten ez baitu) askatu eta gainerako gizonenganat abiatu da. Zezenkari nagusiak zezena bereganatu duenez bertze guztiek banderilleroa hartu eta eritegira eraman dute.
Lehengo oihal zabalaren bidez zezenkaria zezena zorabiatzen saiatzean ari da. Zezen-plazako ate nagusitik zaldun bat agertu da. Ez pentsa ertaroko zaldun itxura duenik. Gizon motroiloa da, hots, tiki-tikia eta potolo-potoloa. Metro eta hamar zentimetro luzea da eta ehun bat kilo. Zaldiaren gainean ikusita beronek dromedarioa ematen du, eta zaldunak, konkorra. Zaldia, aldiz, handia da. Erabat estali dute zezenaren erasoetarik babesteko. Begiak ere estalirik dauzka eta zaldunaren aginduei segituz mugitzen da. Arras poliki. Beldurrak. Lehendik zer heldu zaion bailekien. Motroiloa uhalen bidez gidatzen ari da. Halako batean plazaren erdi-erdian zaldia geldiarazi, lantza modukoa hartu eta zezenaren zain geratu da. Zezena ohartuta harengana abiatu da. Ziztu bizian. Lehendabiziko kolpean zaldia eta potoloa lurrera bota ditu. Babesik ez duen zaldiaren zati bakarra, sabela alegia, agerian geratu da. Jaione izutu egin da, zaldi gaixoa dio bere artean. Zezenak, hala ere, ez dio zaldiari jaramonik egin eta zuzen-zuzen (eta berriz zezen-zezen) pikadorearenganantz zuzendu du bere erasoa. Handik hiru segundo gabe pikadorea hegal egiten ari da. Berriz lehengo talde bera agertu da zezenaren arreta bereganatu nahian. Zaldia nekez baina zutitu da, pikadoreak lankideei uzteko keinu haserre eta nazkatuak eginez zamalkatzera abiatu da. Igan aitzin prakak poxi bat txukundu ditu. Berriz zaldiaren gainean da. Lantza eskuetan zezenaren eraso berriaren aiduru dago. Zezena, orduko zaldizkoarengandik urrunarazia, haserre dago hagitz. Bafadaka ari da. Hara non hasi den berriz arrapalada bizian pikadorearen aurka. Oraingo honetan, ondikotz, ez du asmatu eta motoriloaren lantza bizkarrezurrean barna sartu da. Ederki sartu ere. Zezenari odola dario. Litroka. Bultza eta bultza ari da min latzari ihardetsi nahian. Zaldia berriz lurreratzear ukan du. Bultzadok, ordea, gero eta ahulagoak dira. Zezena abailtzen hasia da. Ahultzen. Akitzen. Potoloa jo eta ke ari da bere pikarekin. Mendekua burutzen dihardu. Haren begietan hegigoa ikusten da, herra, korromioa, gorrotoa. Zezenak hondar bultzada batez zaldia irauli du. Potoloa berriz lurrean da baina oraingo honetan korrika eta presaka abiatu da oholezko hesiaz bertze aldera. Zezenak, gibeletik abiatuta, ezin harrapatu izan du. Zezenkari nagusia deika ari zaio zezenari. Orain daraman oihala tikiagoa da. Karratua da. Gaineko aldean, formari eusteko-edo ezpata moduko zerbait darama. Zezenak eraso zuzendu dionean berriz saihesten hasi da. Aitzinetik, gibeletik. Biraka. Gutienez zezenari ez diote ziri gehiagorik sartuko hausnar egin du Jaionek bere artean. Zezena, honezkero, biribilaren erdi-erdian dago. Arnasestuka. Leku guztietara begira. Ez du algara ulertzen. Dena zarata da. Eta barreak. Eta oihuak. Nekez zuzen dezake begirada eraso behar dion gizonari. Odoletan blai dago. Jota. Lehertzear. Zezenkariak dei egin dio. Ahal izan duen bezala erantzun egin du. Bira bat, bi, hiru. Zoratzen hasia da. Orain bi etsaiak plazaren erdian daude. Gizonak oihalaren azpitik zuen zurezko ezpata atera eta bere laguntzaileari altzairuzkoa eskatu dio. Baina zertan ari da? Zertarako da ezpata hura? galde egin dio Jaionek bere buruari. Ez du pentsatu nahi zertarako izanen den ezpata hura. Ez du bukaera bururatu nahi.
Zezena geldi-geldi dago. Haren aitzinean gizonak oihala lurrean kokatu du eta eskumuturra sudurraren parean jarririk ezpataz destatu eta zezenaganat abiatu da. Ezpata sartu nahi izan dio baina bizkarrezeurreko orno batean jo du. Ezpata hautsi egin da zezena jauzika ari da. Marruma lazgarriak dagitza. Minberatu da osoro. Bitarte latz honetan zezenkariak bertze ezpata berri bat hartu du, lehengo egoera berean jarrarazi du zezena eta berriz dago hasteko prest. Bi oinak elkarturik, destatu, oin bat aitzindu eta bertzea gibelatu, korrika hasi eta Jaionek ikusi nahi ez zuena suertatu da. Ezpata zezenaren azaletik sartu eta erdiraino barneratu da. Zezena arront poliki mugitzen da. Burua gibelerat makurtuz ezpata kentzen saiatzen ari da. Alfer lana ordea. Ez da osorik sartu baina bai tinko. Biraka hasi da. Jaionek negarrari eman dio. Halako bira batean zezenak so egin diola begitandu zaio. Urrikaltasunez. Bukaera lasterragoa eskatuko bailion. Orain lurrean da. Zutitzeko ahaleginak egiten dihardu baina ezin. Burua mugi dezake soil-soilik. Zezenkariak, orduko berantesten hasia, laguntzaileari bertze ezpata bat eskatu dio. Beronek, azpiko aldean gurutzetxo moduko zerbait badu. Bere lankideek lagunduta zezenagana abiatu eta soinak eta lepoak bat egiten duten tokian kolpea eman du. Zezenaren buruak atzera egin du eta gero berriz aurrera ondoren gero eta burukada tikiagoak ematen geratu delarik. Zezenkaria ez dago pozik eta bertze ezpatakada bat eman dio. Oraingoan bai. Zezenarenak egin du. Jendea txaloka ari da. Batzuk zutik. Bakan batzuk, heriotzari luzetsirik, txistuka ari dira. Zezenkaria hesiaren inguruan plazari buelta emaiten hasi da. Jendeari agur egiten. Batzuek ardo zahatoa botatzen diote. Zezenkariak edan eta gero itzultzen die. Bertze batzuek txapela bota diote. Zezenkariak jantzi. Diti-zorro bat ere bota diote eta zezenkariak janzteko keinua egin ondotik tendidorat bihurtu du. Bet-betan inork espero ez zuena suertatu da. Jaionek, gogaitzen hasia, txanpan botila bat bota dio, baina ez edan zezan buruan asmatzeko asmotan baizik. Ez du asmatu. Zezenkariak botila hartu Jaioneri begiratu zurrut egin dio botilari eta gero, eskertu nahian (baleki zauritzeko asmotan bidali duela…) ezpainez eta esku batez musua igorri dio. Jaionek ezin du gehiago, ok egiten hasi da eta gero tendidotik atera eta kanpo aldeko pasabiderat jalgi da. Harengandik hurbil zegoen potolo bat atzetik joan zaio. Harremanetan hasi nahi du. Jaione zezen-plazako bigarren pisutik goitika botatzen ari da. Potoloa atzetik hurbildu eta haren parean jarriz Jaionek noiz bukatuko zain geratu da. Bukatu eta barnealdera begira jarri denean solasean hasi da:
– Zezen madarikatu hiltzaile halakoa.
– Odolkiak ordainetan gizona. Banderilleroak zezenari eraso eginez gero beronek ere bere burua defendatzeko eskubidea badu, ez al da hala?
– Mesedez, ez hasi halako ergelkeriekin. Bata gizona da eta bestea piztia bat.
Jaionek oraingo honetan ez du etsi nahi, erantzun egin nahi du.
– Piztia? Piztia diozu?. Nolatan etorri dira bi horiek zezen-plazara? Gizona kobratzera, haren lana baita. Zezena, aitzitik, behartuta. Lasai-lasai zegokeen ordokian. Larratzen. Orain hona ekarri dute, zirikatu, hogei mila odoltzaleren aitzinera aterarazi. Hogei mila epaileren aitzinera bultzatua epaiketa aldez aurretik erabakita zegoelarik. Hogei mila hipokritaren aitzinera bultzatua. Hipokritak bai, jaira heldu direla diote eta jaia errugabe bat hiltzean datza. Sarraskitzean. Odoleztatzean. Erraustean. Hori guztia gertatzen ari deno jendeak edaten dihardu, kantatzen, solastatzen, baina…baina non dute…non duzue sentiberatasuna?
– Baina zezenkariak bere bipiltasuna adierazi behar du.
– Bipiltasuna?… Bipiltasuna diozu? Ez al zen aski lehengo oihalarekin egin duena egitea, alegia, zezena zorabiatu eta kitto! ez, mundu guztiari erakutsi behar zizkion bere potroen neurriak. Mundu guztiak ikusi behar zuen haren bipiltasuna. Zezenkari bat, bi banderillero, pikadorea eta hogei mila ergel mozkorti odoltzale zezen bakar baten aurka eta bipiltasuna diozu. Bipiltasuna?. Niretako bipil horrek bipiak baino gutiago balio du. Bipiltasuna eta duintasuna zezenak erakutsi ditu. Haren bizia zen arriskuan zegoena. Bere biziari eustera behartu dute eta ausarki defendatu behar izan du. Zangar jokatu du, areago, aurretik kondenaturik, mespretxaturik, defentsa gaberik utzirik, galetsirik, odoleztaturik… bere hiltzaile eta honen hogei mila laguntzaileren aurka egin behar izan du. Bai, gizona, zezena da hemen bipila eta ez zuk artista deitu duzun hori.
– Baina orduan zertara etorri zara? Ekologista al zara?
– Ez dakit ekologista naizen baina hau sekulako sarraskia da eta zuek odoltzale galantak. Ikusita nola ibili duten zezena, nola birrindu duten eta, batez ere, nola txalotu duzuen hori guztia nik ez dut berriz honelakorik ikusi nahi.
– Ba… oraindik beste bost falta dira. Gainera festorik gabe Sanferminak ez lirateke Sanferminak.
– Baina, zer diozu? Zure ustez hau al da Sanferminak hain berezi bilakatzen dituena?. Zezen-plazara zezen bat nola hiltzen duten ikustera biltzea.
– Eta giroa, giro aparta dago.
– Baina, zer giro eta zer giro arraio! Giroa fanfarrek, txistulariek, gaiteroek egiten dute eta ez potro-erakusle horrek. Aski du.
– Baina orduotan zer giro legoke karriketan zezenketarik gabe?
– Lasaia, denok lotarat gorputza suspertzerat gauean dantzan-eta aritzeko. Sanferminak hau baizik ez balira zertan bereiz genitzake Espainia, Frantzia, Portugal edo Mexikoko festeetatik. Konpara al daitezke Sanferminak “Elrocío”-rekin?
– Gu ez gara espainolak, gu euskaldunak gara.
– Gu bai, baina besta hau ez.
– Nik ere ez nuen oso gogoko baina ohitu egiten zara.
– Ohitzeko bihotza etxean utzi beharko nuke, banoa, ez dut sarraski honetan zerikusirik izan nahi.
– Baina…
Jaionek ez du gehiagorik aditu nahi izan. Zurubian beheiti joan da karrikarat. Kanpoan fanfarre batzuk daude jo eta jo. Alde zaharrerat abiatzen hasiak direla ikusita haiekin joatea xedatu du. Lasaitu nahi du. Plazan ikusitakoa atzendu nahi du. Ez du hartaz pentsatu gura. Jaian sartu nahi du. Senarra barruan utzi du eta, egia erran, hobe deritzo. Han zegoen ausarki edaten. Adiskideekin. Adiskideak? zinez adiskideak al ziren. Botilakideak adiskideak direa? Bere artean ari da Jaione. Senarraren jokabideaz nazka eginda dago. Plazan izan direno ez dio begiraturik ere egin. Ok egiten hasi denean berdin. Joan denik ere ez zen ohartuko mozkorti hura. Hor konpon. Jaietan hobe egoten dun nor bere kontura pentsatu du. Okerrena dunurte osoan jokabide bera duela. Fanfarrearekin alde zaharreko jai giroan murgildu da.