ODOLAREN USAINA – MIKEL ANTZA

“Azal zurikoa zen. Gure mendietako betiereko elurraren zuriaren pareko. Arroz-hautsen beharrik ez zeukan haren bisaiak. Arroserantz lerratzen zen zuritasun hartan ezpain haragitsu gorriskak sortzen ziren. Eta begietan esmeralda bi zituela pentsatu nuen segituan. Inori grisez tindatzea otu zitzaion esmeralda parea. Urre zaharraren koloreko ile adats luzeak mototsa single batez lotzen zituen. Eserita, bizkarra zut ikusi nuen lehen unetik, hura izan zen enetzat edertasunari buruz eman zitekeen exenplurik estonagarri eta, era berean, lasaigarriena.

Ez nuen instant batez ere begirada aldendu haren iruditik ikastaroko lehen hiru ordu luzeetan. Hark behin bakarrik so egin zidan. Irakaslea, guztiz arrotza zitzaigun hizkuntzaren lehen arauen berri ematen ari zitzaigun. Hark tinko so egiten zion irakasleari, aldian-aldian makurtu eta orri milimetratuzko bere kaieran zerbait izkiriatzen zuen, idazkera itxuroso baina azkarrez, berriro ere burua jaso eta irakaslearengan begiratzeko”.