1979ko abenduan, hogeita hiru urte nituela, Baionako Zabal liburu-denda gogoangarri hartara sartu nintzen, eta han, beste liburu askoren artean, Sü-azia kultur elkarte zuberotarrak fotokopiez egindako liburuxka berde bat topatu nuen. J.B.Borthiry-Sala larraintarrak huntü koblak irakur zitekeen Orhi mendi magikoaren eta lauburu baten artean kokaturiko izenburu gisakoan. Liburuxka zabaldu orduko han biltzen zenaz liluraturik gelditu nintzen. Bertsoak ziren, zuberotarrez egindako bertset edo koblak. Osora hamazazpi bertso sorta. Azalean azaltzen zen izena guztiz ezezaguna egin zitzaidan, baina lehen orrialdean, aurkibide gisa azaltzen ziren argibideetan erraten zenez, Larraineko semea zen, laboraria, Lehen Mundu Gerla odoltsu hartan bere herritik erauzia eta alemaniarren aurkako borrokaldietara eramana.
Liburuxkan azaltzen denez 1889an Larrañeko Salan sorturik. Gazte denboran familiarekin laborantzan aritua. Berak horrela kontatu zuen Sorlekhia izeneko lehen bertso sortan: (1) Bere sorlekhüari bethi zerbait zor da,/ nik eman nahi deiot bizpahirur kobla;/ Etxe xuri ttipi bat aldian bi borda,/ han irus igaran düt ene haur denbora. (2) San Josefen oihana eta Erroimendi,/ Arratako bizkarra, bai eta Bürkhegi,/ oro ageri dira ene etxondoti,/ udan berde-berdia, negüan aldiz xuriz. (8) Nik ez dütüt berritan, ene haur denboran,/ zagollak gibeletik higatü eskolan;/ Ardüraago nintzan ni mendi maxelan,/ ardien bazterrian khanta errepikan./ (19) Negüko arratsetan dügü lana franko,/ aitak badü beste bat gük bat egin baiko,/ ardi, abere eta behor, asto, mando,/ txakürra baizik ez da kabalerik kanpo.
1915ean, hogeita bost urterekin soldadu eramana. Huraxe zen momentu hartan nik nuen adin berbera. Hotzikara bat sumatu nuen goitik behehiti hura irakurtzean. Larraintarrak horrela kontatu zuen bere bertsoetan: Gerlako kanthore 1915ian. (1) Hogei ta zunbait urthe dian gizun bati/ güstü zaio khantatzia zunbait bertset berri;/ esplikatü nahi düt alhe gütieki / hebenko bizitzia ez dakianari. / (3) Urhats oroz batügü alde güzietan,/ lagünak ehortzirik adin ederrian;/ Zurezko khürütxe bat thunbaren gaiñian,/ markatuz hila dela bere zerbütxian./ (9) Lanjein izanagatik oi gure bizia,/ bertset hoien huntzia holaxe haitatü;/ Arrenküra haborik gordatzen dütügü/ üskaldünek algarri kontsolü zor dügü.
Azkenean, preso hartu eta Prusiara eraman zuten beste atxilo ainitzekin batera. Hau ere ederki kantatu zuen, sentimendu handiaz, 14-18ko Gerlan presoner izeneko bertso ederretan. Hamabost bertset osora. (1) Eniz Üskal Herrian jaiki egün goizan, / Orhi bortia eztüt gehiago bixtan,/ ez eta üskaldünik ene lagünetan,/ emur huna düt bardin, Prüsia erditan,/ bi bertset huntüko düt nula bizi nizan./ (3) Nik irus izateko zer othe düt falta,/ libertatia baizik eta zunbait gaüza;/ khanbera bazterrian düt arrabineta,/
ogi gütixko bena indartsia beita, / hau ezta xuri, eta gabia da beltza. (15) Hitz batez erranen düt azken bertsetian,/ hatü franko düt eta bizi miserian;/ Jesüs, lagüntü naizü khantoren huntzian,/ orai ezar nazazü oi libertatian,/ ahal ditzadan khanta Eüskal Herrian.
Gerla bukatzean, Batixta Borthiri-Salak askatasuna berreskuratu zuen eta Zuberoara itzuli zen, Orhi azpiko habiara, hain zuzen ere. Eta han laborari gisa jarraitu zuen. Bazirudien bakea berreskuratua zuela betiko, baina patu gaiztoak bigarren gerla handi baten lekuko izatera kondenatu zuen, bere belaunaldiko guztiekin egin zuen bezalaxe, baita berak ere zenbait bertsotan ederki kontatu ere. Bordelen zegoen soldadu bertset hauek ondu zituenean.
1940eko Gerla / (1) Himeretzü ehün eta berrogei gerren urthia;/ Alemaniako armadak garhaitü dü Frantzia;/ Hunki gabe ützi balü gure Eüskal Herria,/ nik enian pentsatüko bertset hoien huntzia./ (5) Beste ororen gainetik hau da tristegarria,/ bi phartetan ezarririk Eüskal Herri maitia;/ Sorlekhülat juaiteko zerratürik bidea,/ gaüaz ere ametsetan han dút phentsamentia./ (7) Gaü-aiñhera, abilua alemanen gaiñeti,/ erran ezak Xiberuan hebenko zerbait berri,/ kuntsertatzen ahal bahiz ene adixkideki,/ jakin ere nahi nikek han direnez hobeki.
Sü-azia-koek liburuxkan aitortzen dutenez, Batixta zenaren arrebak, Maddia Onainti ezkontza-izenekoak, anaiaren bertso hauek guztiak eman zizkien, Atharratzeko ospitalean zelarik. Bertsoak eskuz idatzirik zeudenez, Sü-azia-koek orduko grafiara transkribatu eta 1979ko erdi aldean plazaratu zituzten. Ikus dezakezunez, irakurle, ez zuten lan makalik egin Larraineko soldadu koblakariaren bertsetak salbatzean eta inprimatzean; beraiei esker bai guk eta bai heldu diren belaunaldietakoek ere gerlen gaineko zuzeneko testigantza ukan ahal dugulako. Xiberoko Jinko honak atxiki dezan beti bereki Larraineko Batixta Borthiri-Sala!