Helderia

Juantxok dirua dakarren bitartean, tabernarat sartuko naiz eta han aiduru egonen. Gaur neronek irabazi dut, garbi neukan gorriek irabaziko zutela, bikoteak ez zeuden batere orekaturik. Ia hobendun sentitzen naiz hain apustu erraxa egin dudalako. Beharbada Juantxok ez zukeen mereziko halakorik, baina, zer arraio, noizbait irabazi behar eta gaurko apustua ez da hain gogorra izan, lehenbiziko bi garagarnoak galtzailearen kontu. Orain kutxazain automatikorat joan da diru eske. Ea laster heldu den.

Frontoiaren ondoko tabernan geratu gara elkartzekotan. Beti horretantxe hasten ditugu partiden ondoko garagarno-itzuliak. Zerbitzaria ez da hagitz solasturi ona, (berez ukrainarra da, nekez moldatzen da gure hizkuntzan)baina hamabi garagarno ezberdin ditu aukeratzeko. Batzuetan mota guztietatik edan arte egon gara tabernan atera gabe, halakoetan agudo amaitzen dugu itzulia. Tabernarat sartu naiz, tabernaria hantxe dago, ohiko tokian, salmahaiaren eskuineko aldean abestiak aukeratzen, bezeroen zain. Botila bat garagarno eskatu diot.

-Zurrre adiskidea ez datorrr gaurrrr?

-Bai, berehala.

Botila zerbitzatu dit, aulkitxoan eseri naiz zerbitzariari bizkar emanik. Bezeriari so nago. Bi neska sartu berri dira karrikatik, erretzetik. Bertze bi neska hor ari dira, mahai-futbolean sekulako garrasiak egiten. Bikote bat dago txokorik ilunenean elkarri musuka eta ferekaka. Mutil bat komunerat sartu da. Bertze bat hurbildu zaie mahai-futbolariei, aldoka-maldoka dabil, pareta guztiak izan ditu lagun neskenganaino hurbildu den arte. Eskuin eskuan botila bat darama, ezkerrekoan piztu gabeko zigarro bat, begirada arras galdua dauka eta betazalak erdi itxirik, nehorat begiratu gabe hasi zaie mintzatzen bi neskei

-Aupa Erreala!

Neskek beren jokoan segitu dute animatzaileari kasurik egin gabe.

-Eee-rre-a-la!

Eta estadioan izaiten den bonboaren erritmoa botila kolpatuz markatzen saiatu da. Zangoak hagitz tolesturik dauzka eta nekez eusten dio orekari. Ziplo haren adiskidea agertu da, komunean zegoena da. Bidean hankarteko zirrikitua ixten etorri da. Esku garbitu gabeaz bortzekoa eman dio adiskideari. Itxura txarra dauka. Soa ere galdurik du, nekez mintzo da,kopeta gorri-gorri eta pikorrak izan ei zirenen aztarnaz beterik du. Eritasuna gainditu berri du kopetaren kolorean antzeman daitekeenez. Hondarrean, hamaika aldiz eskatu ondotik, neskekin jolastea erdietsi dute. Hasieran nahi ez zuten arren, orain neskak ere gustura daudela emaiten du.

Juantxo etorri berri da. Dirua dakar eta nik lehena edan baitut, bertze garagarno bat eskatu dut Juantxoenarekin baterat, naski. Edaiten hasi gara, partidaren gorabeherak komentatzen, Barriolak egin duen bi paretakoa aipatu dugu behin baino gehiagotan. Taberna jendez betetzen hasi da, gero eta jende gehiago, gero eta erdal hots handiagoa. Mahai-futbolariak ere hurbildu dira salmahairaino garagarno eske. Bikoteka elkartu dira eta elkarri musuka ari zaizkio. Ahal izan dudan bezala, ene eskuak nekez desta baitezake deus, kopeta gorritua erakutsi diot aho gangaila irentsi nahi zion neskari

-Zer? Zer gertatzen da?—erran dit begi urdin distiratsu bezain ezkeleko neskak.

-Nik kontu handiz jokatuko niken honekin, zerbait bazeukan, begira nolako kopeta gorria daukan.

Ohartu nahi izan orduko sekulako beroa eta mina nabaritu ditut ezker mazelan. Erori hurren egon naiz. Juantxo tartean sartu da, beharrik! Bikotea aldendu zaigu eta nik bertze garagarno bat eskatu dut.

-Ez diat ulertzen—zuritu nahi izan dut neronen burua—arriskuaz jabetzen saiatu nauk eta sekulako ostia jasan diat.

-Ez kezkatu horretaz, hor konpon zerbait kutsatzen badio!

Horretan geundelarik bertze eri bat ikusi diagu, lehengoaren sintomatologia bera dauka: nekez eusten dio orekari, hagitz ttottel mintzo da eta kopetan oilauren arrastoa ikus dakioke. Mintzoarena edariaren eragina izan daiteke, jakina, baina kopetako arrastoarena…

Juantxori erran diot, beronek gaixoa aztertu du. Aulkitik ia ikusten ez baitu, haren baitaraino hurbildu da. Kopetari begira geratu zaio eta sakelan zuen zapia mihiz busti ondotik, kopetako orbana xahutzen saiatu da

-Baina, baina, zertan ari haiz?—galdetu dio zur eta lur eriak.

-Jakin nahi diat zer daukaan hor, kopetan? Orbana ala zikina da?

-Zikina?, orbana? Baina zer ostiatan ari haiz?—gero eta haserreago dago eria, ez du ja ere ulertzen.

Juantxok zapiari so egin eta arrastorik utzi ez duela ikusi duelarik gaixotasun baten aztarna dela ondorioztatu du. Nire baitarat itzuli da.

-Gaixo ibili duk, doike. Ez zekiat zer eduki duen, baina gaixo ibili duk. Eta lehen ikusi dugun ergel hark ere eduki dik kontu bera.

-Ikusten —ni Medikuntzako Nobel saria erdietsi izanak emanen zidakeen ziurtasunaz arrazoitzen hasi naiz— horrexegatik erran zioat neskari kontuz ibiltzeko lehengo ergel horrekin, zerbait kutsatuko ote zion beldurrez. Kondoia erabiliko al dute?

-Lasai, hori ez zegok hire esku. Hik erran, erran diok, bakoitzak egin dezala nahi duena. Hi, Tobaritx!, bertze bi garagarno.

Ukrainarrak bi botila atera dizkigu. Taberna jendez mukuru dago. Musika ozen dagoenez gero, jendea behartuta dago ozenago mintzatzerat. Eszena bitxia ikus daiteke: alde batean, mutil bat bere botilarekin dantzan ari den bitartean, haren adiskidea zerbait oihukatzen ari zaio belarrirat nahi duen erantzuna jasotzen ez badu ere. Ezentzuna da dantzariaren erantzun bakarra, esku batekin botila ahoratzen duen bitarte hordigarrian, bertze eskua goitituz halako higidura bitxia egiten dihardu, eskuturreko erlojua ukondorat igorri nahiko balu bezala. “Ez diat aditzen-edo” azaldu nahi dio keinu horrekin, baina nik ez diat egundaino keinu horren nondik norakoa. Gauza bera egiten dute klakle dantzariek kapelarekin. Halaxe egin du tabernaren erdiko dantzariak. Bertze txoko batean antzeko zerbait gertatzen ari da, neska bat oihuka ari zaio bertze neska bati eta beronek, begiratzen badu ere, irria eskaini dio solaskideari. Bistakoa da ez diola ezertxo ere aditu, bistakoa zeharo hordi dagoela, berdin zaio. Irri zabala eskaini, bekainak goititu (ia kopeta desagerrarazi arte) eta belarriak gibelatu ditu, halaxe erantzun dio bere lagunari. Honek, abaildura keinua egin du, garagarnoa aldameneko mahaitxoan utzi, bi eskuez lagunaren begitarteari eutsi eta ezpainetan musu haragitsu eta zaratatsua eman dio. Bukatu duelarik laguna estonaturik geratu da, esku behatzak ezpainetarat eraman ditu, burua poxi batez azkatu eta gero musua itzuli dio adiskideari. Elkarrekin sartu dira komunean.

Bitartean bertze kopeta gorridun pare bat agertu da. Eta gero bertze bat, eta bertze pare bat handik sobera gabe. Eritasun kutsakorra da, neholako zalantzarik gabe eta, agi denez, soilik gizonezkoei kutsatzen zaie, orain arte ez baitugu halakorik daukan emakumerik.

-Hemen zerbait gertatzen ari duk, nehoiz ez diat halako kopetarik ikusi, zerbait sartzen ari dituk eta elkarri kutsatzen, kontu handiz ibili beharko diagu—erran zioat Juantxori gaiaren garrantziaz jabeturik.

-Eta gaixotasuna baino gehiago balitz? Halako helderia? —galde egin dit Juantxok erabat izuturik.

-Hik, badaezpada ere, ez ukitu nehor, neska izugarri ederra izanagatik. Gaur bederen ez.

Tabernak beterik segitzen du. Gero eta kopeta gorridun gehiago ikusten ari gara. Sartu naizelarik ez naiz ohartu, baina nik erranen nuke ez zegoela kopeta gorridunik. Beraz, biotako bat: edo sartu berri diren guztiak eritasunak jota daude edo hemen kutsatu dira, eta hala bada, non eta nola?

Komuneraino hurbildu naiz. Mutilena beterik dago, bi lagun ditut aitzinean. Nesken komuneko atearen aitzinean ilara gaitza dago. Ateak itxirik dirau, lehen musukatzen hasi diren bi neskak, oraino ere!, barruan daude. Zaratak ez du zalantza izpirik uzten, aferan ari dira, jo eta ke. Batzuetan ateren kontrako bulkadak antzeman daitezke, geroxeago paretaren aurkakoak, ur ponparen katearen hotsa aditu da halako hasperen luzearen ondoren. Ateaz honaindian aditzen den arnasak aferaren bukaera iradokitzen du. Atea zabaldu da eta bikotea hatsanka abiatu da jendearen artean salmahairaino. Gibelean zihoan neskak atorra ongi kokatzen zuen bitartean lepoaren ondoan lehengoen antzeko orban gorria ikusten ahal izan dut. Harrituta nago, gizonezkoen kopetan agertzen dena nesken lepoan ere azaltzen da.

Mutilen komuneko atea ere ireki da eta barrendik neska ile horidun bat agertu da

-Kopetaraino nengoen itxoiteaz, zuen komunean sartu naiz —erran du neskak ile adatsa gibeleratzen zuen bitarte kitzikagarrian.

Une batez izan arren, kopetan orban gorria ikusi uste izan dut. Komuneko ilararen txanda galtzea badakarkit ere, neskari jarraikitzea xedatu dut. Juantxoren aldamenetik iragaitean ez diot jaramonik egin eskuan garagarno berri bat zekarkidan arren. Neskaren baitaraino joan naiz, haren parean jarri eta begira geratu natzaio. Hura ere niri so.

-Zer nahi duk? Mutil-laguna komunean zegok, usu etorriko duk.

-Lasai, ez dinat deus nahi, soilik hire kopeta ikusi nahi niken.

-Ene kopeta? —harrituta galdetu dit— baina hik zer obsesio mota daukak? Hau gehiegikoa duk, batzuek nire titiak ukitu nahi ditiztek, bertze batzuek ipurdia eskuztatu, ausartenek hankartea ikusi eta hik… hik… hik kopeta ikusi nahi didak. Zertarako? Halako fantasiaren bat burutzeko?

Oro niri begira dago, neska oihuka ari da eta txoil koleraturik. Nik, aldiz, kopeta ikusi behar diot. Juantxok iskanbilatik aldendu nahi nau, eskertzen hasi natzaio, baina, aldi berean, nire ikerketarekin segitu nahi dudala adierazi. Bet-betan espero ez nuena gertatu da, Juantxo ere bazegok helderiak jota. Kopeta erabat gorritu zaio, gaizki mintzo da, baina hori ez da berria, ez enetzat behintzat, mozkortzen delarik beti horrelaxe mintzo baita. Hari galdezka hasi baino lehen neskaren bekokia ikusi behar dut. Haren talderaino hurbildu, ondoko adiskidea lipar batez aldendu eta ilea goititu diot. Nire errezeloak egia bihurtu dira, kopeta gorri kolorekoa dauka. Neskak estonaturik geratu da, niri begira, nire paranoiaren hurrengo urratsaren zain balego bezala, zerbait egin behar ote nion beldurrak. Eskuin soinburutik gibeleratu eta birarazi nauen esku bat antzeman diat, gero sekulako zaplastakoa ezker mazelan, gaurko bigarrena. Ostia banatzaileari Juantxok botila bat hautsi dio buruan. Mutila lurrean etzanik eta konorterik gabe geratu da. Adiskide taldeak inguratu eta tabernatik atera du, kanporat, karrikarat.

Juantxorekin hasi naiz

-Hik, zer arraio egin duk? Hik herorrek ere badaukak kopeta gorria.

-Nik?, ez diat ja ere egin. Hi hor hintzen bitartean pixa egiterat joan nauk, komunerat. Hobe joan izan banintz karrikarat, ilara luzean zegoan-eta mutilen komunean.

-Ostias, baina zer gertatzen da? Zerbait itzuri zaiguk, sartu garelarik hik kopeta ongi heukan. Egon hemen, komunerat noak, ezin diat gehiago. Ea hadila mugi!

Juantxo gaixoa (eta eria) hantxe geratu da, tabernaren erdian, bere botila hautsiarekin nire zain.

Ilara xumetu da, halarik ere bi lagun ditut aitzinean ni baino lehen sartzeko. Komuneko atea zabaldu da eta barrendik atera denak kopeta gorria dauka.

-Helderia, helderia duk— nire artean ari naiz, neronen iritzia sendesten dudalarik— zerk eragina, batek zekik, baina helderia duk, ez diat zalantzarik.

Aitzinean mutil bat dut. Beltza da, nigana itzuli da orenaz galde egiteko. Goizeko hirurak dira, halaxe erran diot. Kopeta beltza dauka. Litekeena da oraino kutsatu ez izana edo helderiak eraginik ez edukitzea beltzengan. Komuneko atea ireki eta bertze kopeta gorridun bat jalgi da. Akaboa da. Ikusi eta aztertu beharko genuke zergatik batzuek daukaten eta bertzeek ez, zergatik Juantxok badauka eta nik ez, azken buruan nirekin egon da denbora osoan. Beltzak ere ez dauka…

Komuneko atea zabaldu da eta mutil beltza atera da kopeta gorri. Ai ene, dagoena komunean dago, ez dut zalantzarik. Ongi eta onik sartu da eta kopeta gorri atera. Beldur naiz zerbait harrapatuko ote dudan. Beldur ere lehengo egoera arrunterat itzultzen ahalko naizen. Komunean nago. Barrengo maratila pasatu dut. Barnean dagoen ispiluan nire burua aztertu dut, ongi nago, kopetaren kolorea hondar berrogei urteko bera da: beltzaran xamarra, baina ez gorria. Komuna aztertu dut: paretak ez zituen Michelangelo Buonarrotik diseinatuko; ez dago angelu zuzen bakar bat ere; paretetakoak gotelea barik, haurrek ikastolarako prestatzen dituzten makarroiz apainduriko botiletako bat iduri du; “libralekua” zulo zikin bat baizik ez da, bi aldeetan zapatak paratzeko bi bixkarño dituelarik.

Ez dut kakarik egin behar, gaitz erdi!, soilik pixa. Zuloaren aitzinean kokatu naiz eta komeriak ditut goitik jaisten den paretarekin ez jotzeko. Izan ere goiko pareta eta zutikakoa elkartzen direlarik ez da angelu zuzenik sortzen, ez horixe, halako maldaño bitxi xamarra dago goiko sabaitik nire aitzineko paretaraino. Halako ganga moduko zerbait dago angelu zuzena espero litekeen tokian. Jakina, pikor potolodun gotelea eman zuenak, sabaian ere eman zuen. Nolako pikorrak! Pixa egiten hasi nahi dut, baina zangoak (zapatak, hobe erranik) bi bixkarñoen gainean jarriz gero arriskua daukat sabaiarekin jotzeko. Burua makurtu beharko dut onik aterako banaiz. Baina burua makurtuz gero oreka desegiten da, erortzeko arriskua dut. Nonbait lagundu beharko dut eskuez ez erortzeko. Baina eskuez aldameneko paretetan lagunduz gero, nola aterako dut “anaia txikia”? Zerbait egin beharra dago. Kanpoko jendea urduritzen hasia da eta ate joka dago. Arras zutik jarriz gero burua kolpatuko dut sabai bereziaren ganga edo bobeda bereziarekin, makurtuz gero oreka galduko dut eta eskuak paretetan laguntzeko erabiltzekotan ezin aterako dut lehertzear daukadan zakila. Tira, ahal dudan bezala eginen dut, prakak zikindu gabe gero lotsarik-eta ez pasatzeko.

Komunetik urrunxko, komuna gelak uzten duen tarte ia irrigarri osoa baliatuz, anaia txikia atera dut, gero zulotxoraino hurbildu naiz eta burua makurtu sabaian ez jotzeko. Oreka galtzen hasi naiz. Ez dezaket horrela pixarik egin, ez den-dena zipriztindu gabe (baita ene prakak ere). Gibeleratu egin naiz, jendeak, berantetsirik, ate joka segitzen du

-Akituko al duk, potroso horrek? Ala kanpai jotzen ari haiz?

Ez diat ihardetsi ere egin nahi izan, aski lan dut neronen komeriekin. Berriz probatuko dut: zakila atera, zuloraino hurbildu, zangoak kokatu, burua jaitsi eta… eta… eta atzera berriz, ez naiz seguru. Ezin dut gehiago, puxika lehertzear daukat, pixa egin behar dut. Pixa egin behar dut lehertuko ez banaiz. Deliberoa hartu dut, zer gerta ere nik pixa egin behar dut dena zikintzen badut ere, nik pixa egin behar dut.

Zakila atera dut, zuloraino hurbildu, bi bixkarñoen gainean bi zangoak kokatu, burua poxi batez jaitsi eta, orekari laguntzeko, aitzineko paretan kokatu dut kopeta. Pixa-erreka hasi da, hainbertze garagarnoren ondoren baserreka emaiten du honek. Kopeta paretan lagunduta dudalarik aiseago kontrola dezaket anaia txikiaren txorrotona. Zulorat zuzen-zuzenean bidera dezaket. Kopetan halako azkura sortu zait, lipar batez paretaren laguntzaz hatz egin dut, edo “pareta egin” dudala erran beharko nuke. Puxika hustu da, zeharo. Hau bake santua!

Komuneko paper puska bat hartu eta zakila idortu dut, ezin jasan dezaket pixa egin ondotik zakila idortzeko soilik astintzen dutenen joera, ostiak, galtzazpia beti zikintzen baita, hondar ttantta beti hor erortzen da, galtzazpian, horregatik hobe paper puskatxo bat erabiltzea, neskek egiten duten bezala. Dena idortu eta praken zirrikitua itxi dudalarik eskuak garbitzerat joan naiz. Xaboi eman eta igurzten hasi naiz. Eta orduan ohartu naiz, orduantxe ohartu naiz ni neroni ere kutsatuta nagoela. Kopeta gorria daukat neronek ere. Eskuei erreparatu diet, garbi daude. Gauean egindakoak errepasatu ditut, ez dut deus kutsakorrik egin. Gero “libralekua” ikusi dut, eta paretak, eta gotele erraldoia. Harat! Hortxe zegok koxka, gizona. Paretako gotelea da arduraduna.

Kanporat atera naiz zain neuzkan guztien gorrotozko begiraden artean. Juantxoraino joanen naiz azaltzerat arazoaren zergatia ediren dudala. Ezinezkoa, ordea, udaltzainak etorri dira eta jendea furgonetan sartzen hasi dira. Epaileari azaldu beharko omen diogu zer gertatu den tabernan, zergatik dagoen mutil bat konorterik gabe buruan sekulako zartakoa duelarik. Hamalau lagun elkartu gara furgonetaren barnean udaltzainen bulegorainoko bidean. Egoera zinez bitxia da, denok gaude bi ilaratan eseririk, denok elkarri begira eta denok kopetilun eta kopeta gorri. Hau iduria! Juantxo, furgonetakide guztion kopetak erakutsiz, barrezka hasi da, handik bi minutu gabe denok lagundu dugu adiskidea geure irriekin.