Gerrak debekatu behar dira, gerrek etxeak suntsitzen dituztelako, eta etxeak suntsitzea galarazia dago mundu osoan.
Gerrak debekatu behar dira, gerrek nahita suteak sorrarazten dituztelako, eta hori eragotzia dago herrialde guztietan.
Gerrak debekatu behar dira, gerrek kutsadura ikaragarri handia sortzen dutelako, eta kutsadura sortzea gaur egun oso jazarria dago.
Gerrak debekatu behar dira, gerrek eskolak eta unibertsitateak puskatzen dituztelako, eta hori onartezina da planeta osoan.
Gerrak debekatu behar dira, gerrek ospitaleak txikitzen dituztelako, eta ospitaleak txikitzea aberrazio hutsa da.
Gerrak debekatu behar dira, gerrek animaliak izutu, zauritu eta hil egiten dituztelako, eta horrek ez ditu pertsonak hobetzen.
Gerrak debekatu behar dira, gerrek urak zikindu, kutsatu eta pozoitzen dituztelako, eta ekintza hori osasungintzaren aurkakoa da.
Gerrak debekatu behar dira, gerrek artea, museoak-eta desegiten dituztelako, eta hori adimenaren kontrakoa da.
Gerrak debekatu behar dira, gerrek kulturak birrintzen dituztelako, eta kulturak birrintzea guztiz galarazita dago.
Gerrak debekatu behar dira, gerrek gosea eta sufrimenduak eragiten dituztelako munduan, eta hori oso aldrebesa eta arbuiagarria da.
Gerrak debekatu behar dira, gerrek gaixotasunak ikaragarri biderkatzen dituztelako, eta jokamolde hori zientziaren aurka doa.
Gerrak debekatu behar dira, gerrek haur, gizon-emakume eta zaharrak izutu, zauritu eta erail egiten dituztelako, eta hori guztia galarazita dago gure galaxia osoan.
Gerrak debekatu behar dira, gerrek gizakiak aurrez aurre jartzen dituztelako elkar hiltzeko beren borondatearen aurka, eta hori ulertezina da.
Gerrak debekatu behar dira, gerrek hizkuntza eta kultura sendoak inposatu egiten dituztelako, eta ahulak, berriz, desagerrarazi, eta hori zapalkuntza da.
Gerrak debekatu behar dira, gerrek gizartea basati bihurtzen dutelako, eta hori gizatasunaren aurkakoa da.
Gerrak debekatu behar dira, gerrek gizateriari arima lapurtzen eta deuseztatzen diotelako, eta horrek animalia irrazional bihurtzen gaitu.
Gerrak debekatu behar dira, gerrak inperialistak eta kolonizatzaileak direlako, eta hori ez da batere demokratikoa.
Gerrak debekatu behar dira, gerrek ez dituztelako arazoak konpontzen adostasunaren bidez, eta bizikidetza, aldiz, larriki zauritua uzten dute; hori ezin onartuzkoa da.
Gerrak debekatu behar dira, gerrek giza eskubide guztiak urratzen dituztelako, eta hori ezin da inoiz bidezkoa izan.
Gerrak debekatu behar dira, gerrek ustelkeria, lapurretak eta ilunkeria sustatzen dituztelako, eta hori guztia gardentasunaren kontrakoa da.
Gerrak debekatu behar dira, gerrek gizon-emakumeak, haurrak eta abar bortxatu, torturatu eta gaizki tratatzen dituztelako, eta horrek guztiak pertsonak alienatu egiten ditu.
Gerrak debekatu behar dira, gerrek mota guztietako biktimak sorrarazten dituztelako, eta hori legez kanpokoa da leku guztietan eta beti.
Gerrak debekatu behar dira, gerren eragile eta errudunek ez dutelako beren larru sentibera eta delikatua arriskatzen, baina besteena bai; ez dute inondik ere elkarkidetasunik.
Gerrak debekatu behar dira, gerrek giza balio etiko guztiak zapal-zapalduta uzten dituztelako, eta hori adimenduaren aurkakoa da.
Gerrak debekatu behar dira, gerrek maitasuna eta elkartasuna gorroto bihurtzen dituelako, eta hori ontasunaren ifrentzua da.
Gerrak debekatu behar dira, gerrek aberats gutxi batzuk gehiago aberasten dituztelako, eta, behartsuak eta jende xumea, ordea, gehiago txirotzen dituzte oraindik, eta hori ez da inola ere morala.
Gerrak debekatu behar dira, gerrek Lur planeta hondatu egiten dutelako, eta Lurra gure etxe bakarra da.
Gerrak debekatu behar dira, laburbilduz, horretarako hamaika mila milioi arrazoi daudelako, jakin, ulertu eta onartu nahi dituztenentzat.
Zein herri erdi zibilizatu eta erdi demokratikok onar ote lezake gerra laurden bat ere?