“Hamabost urte bete nitueneko gabonetan ihes egin nuen etxetik. Amaren etxetik, hobeto esanda, aitarenera itzultzeko alde egin nuelako handik, gure benetako etxera, gurasoak banatu ziren arte laurok bizi izan ginenekora. Banaketa, hiru urte lehenago gertatu zen, ni hamabi betetzekotan nengoela. Amona Oihaneren bila etorrita, hirurok bakarrik geratu ginenean kontatu zidaten. Badakizu, hasi zitzaizkidan, aitatxo eta amatxo ez garela oso ondo konpondu azken boladan, gaizki pasa dugula eta, okerragoa dena, zuei ere gaizki pasarazi dizuegula. Gure artean hitz egin dugu eta aldi baterako bereiztea erabaki dugu, zuen mesedetan. Egia zen hilabeteak zeramatzatela istiluka, eta hala hasteko arrazoia edo aitzakia munduko txorakeriarik handiena izan zitekeela. Egoera hain larria zenik ez nuen uste, ordea. Elkarrekin jarraitzeko eskatu nien behin eta berriz, aurrerantzean ikastolan zintzo ibiltzeko eta arrebarekin ez borrokatzeko promesa egin nien. Alferrik dena. Zaharrena zara eta ulertu behar duzu, esan zidaten. Oihaneri lagundu beharko diozu”.