Baxe nafartar baten memoriak

Kaixo irakurle! Elinberri.eus aldizkari digitalarentzat zutabe bat idazteko prest izango nintzenez eskatu zidatenean, poz handi batekin onartu nuen. Beldur pittin batekin ere, nahiz ta aspalditik idazten dutan, ohartu bainaiz ez nintzela nehoiz horrelako ariketa batean murgildu. Uste dut idazten ikasi bezain laister,  hasi nintzela bertso eta kantutxoak idazten, beti ere errima eta metrikari kasu eginez, aire batek definitutako estruktura zehatz bat segituz. Bistan dena aritu izan naizela estudio garaietan, gai ezberdinei buruz idazten; irakasleek eskatzen zituzten lanen arabera, baina aldizkari batentzat idaztea, esperientzia berria izango da niretzat.

 Gainera, askatasun osoz ibiliko naiz zutabe hauek idazten, nik neuk aukeratutako gai edo gogoetei buruz. Hastapen batean eskatu nion nere buruari, zeri buruz idatz nezaken irakurlea enoatu edo aspertu ez zedin, eta azkenean  zerbait bururatu zitzaidan.

 Pentsatzen dut irakurle gutxi batzuk bakarrik nire izen abizen arraro horiek ezagutuko dituztela beraz hasieratik hasi beharrean, nire burua aurkeztuko dizuet. Baxe Nafarroa deitzen diogun probintzia huntan sortu eta handitu naiz, eta gaur ere bertan bizi eta lan egiten dut. 1982ko martxoaren 1ean sortu naiz eta ordutik nire haurtzaro guzia Armendaritze herrian pasa dut. Aita, Ernest, bertsolaria genuen afizioz eta margolaria ofizioz, nire ama Maitek bere bizi guzia pasa du langile xume gisa Mugerreko (Lapurdi) elektronika lantegi batean. Biek ere euskaldun eta abertzaletzat jo izan dute haien burua betidanik.  Lau semeak, Pattin, Antton, Xan eta Aguxtin, euskal giro berezi batean hezi gintuzten eta horrek esplika lezake gaur egun, euskal kulturarekin dugun harremana, eta bereziki  nire kasuan,  euskal kantugintzarako dutan pasioa. Kantuak sortzea eta abestea baita mundu huntan gehien gustatzen zaidana. Gaur egun Armendaritzeko auzo herria den Heletan bizi naiz.

 Aurkezpenak egin ondoan, saiatuko naiz hurrengo zutabeetan, nire esperientzia propiotik, ipuin edo anekdota batzuei esker, irakurleei hainbeste maite dudan Baxe Nafarroa hobekiago ezagutarazten. Aurreiritzi guziak baztertu nahian, Baxe Nafarroa, nire ikuspegitik aurkeztuko dizuet; bere alde on eta txarrekin, euskaldunen arteko loturak indartzeko eta sendotzeko. Elkar ezagutza baita, herri eraikuntzaren gakoa nire iduriko! Zutabe hau dei genezake, Baxe Nafartar baten memoriak. Zer diozue?

Hurrengo bat arte irakurle!