Gauza jakina da zein garrantzi handikoak diren solstizioak eta ekinozioak euskaldunen mundu-ikuskera zaharrean, luzaz beraiek izan baitira gure egutegiaren banatzaileak eta bideratzaileak. Neguko solstizioan, neguburu deitzen dugun horretan, gure arbasoek eguzki zaharraren heriotza eta berriaren piztea gurtzen zuten. Eguzki jaio berria –ekihotz deitzen zuten hori– zen, nolabait erranik, urte edo ziklo berriaren hastapena eta, denbora berean, urte edo ziklo berrirako bermea.
Neguburua Eguberri garaia zen, Eguren, hau da, zeruetako dibinitate zaharraren aroa, su berriaren aroa, Olentzeroren tenorea, eguzki jaio berriak urteroko bere ibilbideari lehen hatsa emateko garaia. Zeru zaharra hilda zegoen, eta bere tokian, eki berriaren zeru gaztea hasten zen. Zeru eta hodeiertz berria zen bizidun guztientzat.
Urtero, neguko solstiziotik udaberriko ekinoziora doan denbora luzean, gure asaba zaharrek ama-lurra berpizten zela, leize-zuloetako aterpean negulotan zegoen hartza itzartzen zela, udaberriaren etorrerarekin batera kimu berriak ernaltzen zirela, izadia liliz eta hostoz janzten zela eta uzta berriak jaiotzen zirela ikusten zuten. Denboraldi luze eta ilun hori bukatzean, gizakiak aldi berri, oparo eta emankor batean bete-betean sartzen ziren, hau da, udaberrian. Neguburutik bedatsera doan denboraldi hori hartzaroa da, inautea, inauteria ere deitzen duguna.
Aurten, jadanik ibilbide horretan gaude, Zuberoako maskarada abian da, joareak, ixopoak eta ttuntturroak prestatzen ari dira, Miel Otxin, Zanpantzar, Markitox, Ziripot, momotxorroak, zaku zaharrak, zirtzilak eta gainerako pertsonaia miresgarriak esnatzen ari zaizkigu, mozorroak hauts artetik berreskuratzen ari gara, hartzak eta sorginak dagoeneko Euskal Herriko bideetan barna orroz eta oihuz dabiltza… Hil da Eguberri eta piztu zaigu Inauteri!
Inaute
Iho, iyo, ino
ihote, iyote, inote
ihau, iyau, inau
ihaute, iyaute, inaute
ihauteri, iyauteri, inauteri
hitz batez:
hartzaro.
Hartza negulotik da iratzartu,
ama-lurra zaigu ernaldu,
ekia da zeruan indartu,
uztak dira ugari sortu,
gizakiok badugu zertaz elikatu.
Iho, iyo, ino
ihote, iyote, inote
ihau, iyau, inau
ihaute, iyaute, inaute
ihauteri, iyauteri, inauteri
hitz batez:
hartzaro.
Ziklo berrian gara sartu,
mendietako elurrak dira urtu,
urtea zaigu biziberritu,
bedatse ederra zaigu piztu,
bihotza zaigu berriro poztu.
Iho, iyo, ino
ihote, iyote, inote
ihau, iyau, inau
ihaute, iyaute, inaute
ihauteri, iyauteri, inauteri
hitz batez:
hartzaro.
Maskarada herriz herri dabil Xiberoan,
Miel Otxin eta Ziripot Lantzeko plazan,
joaldunak Ituren eta Zubietako bideetan,
momotxorroak Altsasuko odol putzuetan,
mozorrodunak Tolosako kaleetan.
Urte, elurte, eurite
Eate, inauste, inaute
suberri, ekiberri, eguberri
haziberri, bideberri, urteberri
bedatsaro, ereintzaro, biziaro
jaiaro, iraularo, uztaro.
Joan zaigu Olentzaro,
joan zaigu Subilaro
eta jin zaigu Hartzaro.