Gorputz txikiteoa (bi iritzi)

1.-JULEN


Julen telefonoaren aitzinean da. Ekurugaitz arras. Eskuan egunkaritik moztutako orrialdea du. Bertan agertzen den zenbakia sakatu du, behin, bitan, hirutan, hamaikatan… Hariaz bertze aldekoek hartu dutenean ordea, hagitz ahalketurik bere tokian eskegi du. Ezkoneraztunak batzuetan, hormako Leireren argazkiak bertze batzuetan, barneko desira kontrolagaitzak sortzen duen halako telefono batera deitu behar (edo nahi) izaiteak berak ere lotsarazi eta gibelerazi diote hots egiteko lehenagoko asmoa. Baina, Julen, nori axola?. Inor ez duk jabetuko, lasai, lankide orok egiten dik. Azken buruan zerbait fisikoa duk, Leirek jakin ezik inor ez duk kalteturik suertatuko. Bere artean ari da. Hondarrean deitzea eta erantzutea erabaki du.

– …

– Bai, arratsalde on. Zerbitzu bat kontratu nahi nuke.

– …

– Egunkarian agertzen den Nekane. Zenbatetan dago?

– …

– … hotela barne?

-…

– Zer ordutan? Eta nola ezagutuko dut?

-…

– Ederki ba, sarri arte.

Telefonoa utzi du eta bueltaka ari da gelan. Egindakoaz elkar zeharo baztertzen duten bi joera nabari ditu Julenek. Batetik lotsa, egin behar duena ez du egundaino egin eta Leireri saldukeria egitea delako ustean baitago eta bertzetik egin nahi izaitea eta jakimina hainbertze tabernatan aditutakoa berak ere dastatu nahi duelako, gizonen nahien menpe dauden emakume zoragarriak, haien desira oro asetzen duten izenik gabeko jopuak. Hori guztia sentitzeko joranez dago. Aiherrak. Ez dio inori erranen eta horrela inor ez da mindurik gertatuko.

Hausnarketotan dihardueino botila bat whiskey ikusi du. Poxi bat edatea xedatu du erabakia aisago beteko duelakoan. Zurrupada luzea egin du. Ondoren bertze bat. Hirugarrena ere burutu du. Oharkabean botila osoa hustu du. Barne suak lagunduta arasarat abiatu da eta jantzi garbiak hartzen hasi da. Ispiluaren aitzinean dotoretu eta bere burua alaitzera ari da. Inor ez duk honetaz jabetuko. Ez zioat inori erranen, ni neure mihiaren jabe izanen nauk ez nire lankideak bezala. Gainera hotelean duk, inork ez naik urdangarekin ikusiko.

Hordi arras botilaren hondar ttanttak edaten saiatu da, alfer lana berriz, botila oso-osoa edan baitu. Zakarrontzirat bota eta karrikarat abiatu da. Taxia eskatu eta gidariari helbidea erran dio. Beronek adiskidantzazko irria eskaini dio atzerako ispilutik. Hau ere ibilia duk honetan, bere buruari diotso Julenek. Hotelearen aitzinerat iritsitakoan taxiaren gibeleko aldetik atera eta eskuin aldeko leihatilatik ordaintzen hasi da.

– Hogei euro, mesedez. Zera… zein aukeratu duzu?

– Nekane.

– Kontto!, neurri erraldoiak atsegin zaizkizu? Eta gainera beltza, beltzek hobeki egiten dute. Beroagoak dira. Desira gehiago onartzen dizute, beharbada oraindik esklabu sentitzen direlako. Bekaizti natzaizu. Nik oraindik ez dut probatu baina diotenez…

– Majo! bai, egia diozu, neurri haundiak nahiago ditut, nire andreak oso tikiak ditu, mehe-mehea da, hezur hutsa. Ezkondu ginenean gogoko nuen baina sua itzaliz joan da. Gainera beti kanpoan egoiten da. Oso bakarrik nago.

– Lasai gizona! denok eittendiau.—erantzun du taxistak, oraingoan hiketan—Hik ez iezaiok ezagunei konta eta hire andrearen belarrietarat ez duk ailegatuko honen berririk.

– Kontutan hartuko diat, eskerrik asko. Bihar bukatutakoan berriz etxeratzeko hots eginen diat, zein da zenbakia?… hogeita bi. Deituko diat, bihar arte.

– Ongi pasa.

Julenek taxiaren zenbakia karteraren paper zahar batean idatzi nahi izan du, baina azkenean, whiskeyaren eraginez, gidabaimenean idatzi du, bere argazkiaren ondoan. Hotelerat sartu eta harreralekuraino hurbildu da. Bi gizon trajedun hurreratu zaizkio. Julen, aski mozkortuta, zatarki hitz egiten hasi da.

– Non da Nekaneren gela?

– Mesedez, hau hotel serioa da!, Ez aipatu horrelako izenik hain ozenki.

Bi gizonak, irribarretsu, hitzordua burutuko den gelaren giltza eta zenbakia eman dizkiote Juleni. Hau, giltza hartuta, bere bideari ekin zaionean xuxurlatzen geratu dira bi trajedunak elkarri kidetasunezko ukondokadatxoak emanez.

Julen gelan da. Gela zabala da. Erdian ohe erraldoia dago. Haren aitzinean hozkailutxo bat bete edari alkoholdun. Hartaraxe abiatu da Julen zerbait edan nahian honek laguntza emanen zidak, anaia tikiahaunditukodik diotso Julenek bere buruari bertze botila bat hartzen dueno. Ohean eseri da whiskey edaterat. Erlojuari so egin dio. Zerbitzu berankorra ditek, gau osoa eskatu zieat eta dagoeneko hamar minutu galdu diat deusik ere egin gabe. Berantetsita dago. Anartean eranzten hastea xedatu du. Hobe duk prest egotea lehenbailehen hasteko, hasierako beroketa lan nazkagarri haiek hemen ez ditek zentzurik, urdangak beti berotuta eta busti-bustita etortzen dituk. Egia erran, nazka eginda nagok Leireren “aldez aurretiko kilikatze lanekin”, ordu erdiz izaten naik bero-bero bera berotzen hasi arte eta hala ere batzuetan oraindik ere gehiago behar dik “behar bezala bustitzeko”. Juleni bere ezkontidearekiko harremanak gogoratzen hasi zaizkio. Hasieran deitu aitzin ez zegoen ziur honelako erabakia zuzena zen. Leirerekiko saldukeria iritzi zion, orain, aldiz, bigarren botila whiskey hustu berri duelarik ez du inolako zalantzarik, gizonezkoek beren gurak oro ase beharra daukate, alajainkoa!.

Honetan delarik gelako atea zabaldu da. Atalasaz harainditik adats ederreko neska beltz-beltza sartu da. Metro eta laurogei zentimetro luzea da. Izter osoak agerian uzten dituen gona gorri estu-estua darama. Gainetik haren diti sendoak nabariago uzten dituen atorra zuria du xilkoaren parean korapilo batez lotua eta goiko aldeko botoiak aske. Julenek neska ikusitakoan kiskaltzen somatu du bere hankartea. “Ekintzetarat” zuzen-zuzen iragan nahi du. Honek ez dik ordu erdiko prestakuntza lanik egin beharko.

– Arratsalde on. Julen zara, ezta?

– Bai, eta zu Nekane, naski. Ea bada, has gaitezen. Erantz itzazu arropak.

– Zaude gizona!. Gau osoa dugu. Lehendabizi utz nazazu poxi bat neure burua prestatzerat.

– Hara!, zuk ere horrelakorik behar? Begira ni ez nago prest minutu gehiagorik galtzeko. No adosturiko sosa eta goazen lanerat.

– Ederki, baina lehendabizi komunerat sartuko naiz. Pixagale naiz.

Julen ohean geratu da, pentsakor. Urdanga izan ala ez berdin duk , lehendabizi beti komunerat. Emakumeek beti ditek zerbait prestatu beharra. Bere artean ari da. Zapatak eranzten hasi da. Ondoren galtzerdiak. Nekez eranzten ahal izan ditu. Alkoholaren eragina gero eta nabariago da. Zutik jarri da prakak eranzten hastekozer arraio! hari kentzeko eskatuko zioat, pelikuletan bezala. Baina… zertan ari ote da emakume urdanga hau?

– Gau osoa eman behar al duzu hartan?

– Sarri noa, lasai. Gau izugarria pasako duzu. Ez duzu aise atzenduko.

Julenen belaunek halako higidura erritmikoa dute. Aldian tolestu aldian zuzendu egiten dira. Bat-batean atearen maratilaren zarata aditu da. Barrendik neska jalgitzen hasi da. Arras eztiki. Adatsa txoil askatu du. Atorraren korapiloa ere. Julenen aitzinean geratutakoan buruz halako bira lasterra egin du ilea begitartetik urruntzeko. Bere ezpain haragitsuak pixka bat hurbilduz muxu bat igorri dio Juleni. Berau sutan da. Zakilean bere bihotz taupaden erritmoa antzeman dezake. Praketatik irten nahi du. Berotuta baino, berantetsirik neskari keinuak egin dizkio hura izan dadin prakak eranzten dituena. Nekanek, ordea, eskuz aiduru egoiteko erran dio eta atorraren botoiak emeki-emeki askatzen hasi da. Botoi bat askatzen duen aldioro burua laster gibelerat mugi eta begirada lizuna botatzen dio.

Atorra erabat erantzi du eta orain haren diti mardulei nekez eusten dien diti zorroa dago agerian. Nekanek eskuak diti zorroa askatzeko gibeleko alderat eraman dituenean Juleni hurbildu zaio eta ezker belarrian musua eman dio eskuin izterraz hankartea zantarki xeratzendiono. Julenek ametsetan ari dela uste du. Diti zorroa lurrera erori da eta Julenek ordura arte inoiz ez bezalako ditiak ikusi ditu. Borobil-borobilak eta handi-handiak. Operatuta zagok, doike. Bertzenaz ezinezkoa duk.Gogootan dagoeino neska erabat biluztu da. Julenek, bere bizitza osoan baino aisa luzetsiago zakila erakutsi dio neskari. Beronek lasai-lasai alkandora erantzi dio. Ditiburuetan musu bana eman dio. Gero liseriketa aparatuaren islari jarraiki zaio praken botoi nagusira iritsi arte. Neskak, belauniko orain, gora begiratu du Juleni irri maltzurra botaz. Ondotik praken botoi guztiak askatzen hasi da. Ezari-ezarian. Azkena askatzearekin batera prakek behera egin dute eta Julen galtzontzilotan geratu da. Zakilaren egoera aise susmatzen da barne jantziak estalirik ere. Julen leher egitear dago.

– Agudo, agudo. Zurrupa ezazu. Sutan nauzu.

– Lasai, gau osoa duzu.

Julenek ez dio jaramonik egin eta neskaren burua eskuekin hartuta askatu berri den zakilera zuzendu du.

– Horrela ez, etzan zaitez ohean.

Urdanga madarikatu honek oraintxe egin nahi dik, naski nirea bezalako zakilik ez dik ikusi eta dastatu nahi dik, baina nik pagatu zioat eta orain zurrupatze bat nahi diat. Gero ikusiko diagu. Julen neska ordainduz gero bere erranetara egon behar duelako ustean da. Baina whiskeyaren eragina gehiegi nabaritzen hasi baita ohatzean etzan da neskak agindu bezala. Beronek bere bi diti zoragarriak Julenen barrabilen gainean kokatu ditu eskuz eta ezpainez bular aldea amultsuki laztantzen dion bitarte zirraragarrian. Julenen oilo-ipurdiak ederki darakusa zein egoera zoragarrian dagoen. Burua goititu du amiñi batez ikusteko zertan ari den bere desirak oro asetu behar zituena. Neska ditiak barrabiletatik aldendu gabe zakila zurrupatzen hasi da. Gogotik, astiro-astiro baina tinko. Julenek ez du honelako isurketarik izan nahi. Hamaika aldiz aditu du zeinen bitxia den hazia barreiatzea erabat beltza den azalaren gainean. Berak ere probatu nahi du. Ahal izan duen bezala ohean zutitu da,mintzatzen hasi zaio

– Ez ezazula irents, unea iritsi behar duenean bota ezazu hazia zeure bularrean.

– Ez duzu hau nahiago?

– Egin ezazu errana.

Julen zoratzear dago baina neskak agindua bete nahi ez izanak amorratu du. Zertarako ordaindu ote du?. Gizonaren arnasa gero eta lasterrago da. Etzanda egonik ere batzuetan jaiki nahi duela dirudi. Hondarrean isurketa iritsi-hurran denean neskak bere ahoa urrundu du eta bi eskuez xeratzen ditu gizonaren zakila nahiz barrabilak. Julen eseri egin da hobe ikus dezan. Hankartearen barruenetiko aldetik lehen isurketa zantzua sentitu duenean Juleni goragalea etorri zaio eta ohartzen hasi orduko ok egin du bere ohaidearen gainean. Beroni ilea erabat zikindu dio. Oka ez da hagitz handia izan, baina bai kirasduna. Gelan usain karmindu zinez okaztagarria dago. Neskak bere lanarekin jarraitzea erabaki du eta berriz zurrupatzen hasi da. Julenek etzatea xedatu du. Hor konpon! ez diat ezer ikusiko, baina, ordainduta zagok, bere lana egin dezala behinik behin. Bere buruarekin ari da. Bertze ok tiki bat egin du oraingoan ohearen gainean. Hankartean egindako lana, aldiz, bere helmugara iristen ari da. Julenek ia uzkitik bertatik heldu zaion gozamen ezinago kilikagarri bero-beroa sentitu du. Isurketa izaten ari da, neskak zurrupatzen dihardu, ez da irensten ari gizona ohartu gabe trebezia handiz “txapela” imini diolako. Julenek desiratutako unea iritsi zaionean bizkarrezurra gibelerat makurtu du eta gerri aldea erabat goititu du. Arras hustu da. Zakila bere egoera arruntera itzuli da handik sobera gabe. Neskak hamaika aldiz errepikaturiko lanek ematen duten iaiotasunaz kondoia erantzi eta zakarrontzirat bota du. Gero Juleni begira geratu da.

– Orain zer nahiago duzu?

– Orain?, Ja ere ez. Kitto. Akitu dugu. Nik ezin dut gehiago. Zaude, zaude.

Julenek bere praketatik kartera hartu eta ireki egin du. Ziplo bere emaztearen argazkia ikusi du. So hordi, hits eta galduaz begira geratu da. Karteraren gibeleko aldetik ehun euroko txartel bat atera eta neskari eman dio.

– Har ezazu hau ileapaindegirat joateko eta orain segi etxerat ni hemen geratuko bainaiz. Dei bat egin behar dut.

Neskak ziztu bizian jantzi du bere burua eta ateratzear dago. Komunean ilea poxi bat txukundu eta hondarreko aldiz Juleni so egin dio. Beronek telefonoa eskuetan du eta solasean hasi da

– Bai laztana, neu ere zutaz oroit naiz. Zer moduz dago zure aita?

… Nekanek, nazkatuta, atea bortizki hertsi du. 

 

 

 

2.-NEKANE

 

Gela zikina da, hormeen koloreak aspaldi galdu zuen hasierako zuritasuna. Itsatsitako posterrek nekez estal dezakete haien txirotasun itxura. Richard Gere-ren begitarte zoragarriaren azpian amestutako gorputza marraztu diote hankatarte galanta bertze ezeren gainetik nabaritzen zaiolarik. Etzanda ageri den BradPitt-en gorputz liluragarriaren gainean Erkudenen argazki bat paratu dute buruari erantsitako gorputz marraztua ixtekoloka jarri dutelarik Hollywoodeko izar distiratsuaren hankarte marraztuaren gainean. Bortz neskak solasean ari dira telefonoaren ondoan dagoen plastikozko besaulki gorri-gorri zarpailean.

– Honek ez din beti iraunen, egun batez geure printzea agertuko dun eta hau guztia bukatuko dun.

– Hi, Nekane, ametsetan ari haiz. Zenbat aldiz ikusi dun PrettyWomanfilmea?—galdetu dio Martak.

– Hogeiren bat aldiz.

– Eta oraindik halako zerbait agituko zainelakoan hago?, Baina… hi non bizi haiz?

– Mirari, aski dun, beti lelo bera!—tartean sartu dena Miren da, lan honetan urte gehien eman duena—Honela aiseago iragaiten badu laneguna utz ezan bakean. Aski komeria dun hilaren bukaerarat iristea, azken buruan honek ametsak erabiltzen ditin alaitzeko hik, ordea, hilerrirat haramaten porro madarikatu horiek.

– Porroek ez diten inor hiltzen eta gainera nola eutsiko nioke ok egiteko gogoari halako gizon gizen zakar batek ene gainean egiten duenean?. Etsi beharra zagon Nekane, Richard Gere-k ez gaitin egundaino deituko. Gaisoa, Marokotik etorri eta “Zulo beroa-n” bukatu.

– Beno, han makurrago nengonan, edonork botxa hintzakeen eta gainera… ordaindu gabe!. Baina ez goibeldu aldartea. Orain ni ez naun manexa, ni Zuloberotarra naun edo… ni Ziloberotarranüxü.

Bortz lankideek eguneroko pairu latza umorez leuntzen saiatzen diharduten bitartean telefono hotsa aditu da.

– Bai, erran.

-…

– Nor da?… kaka zaharra, bertze begiluze bat!. Bai…bai… arratsalde on.

-…

– Zein aukeratu duzu? Ala berdin zaizu edozein?

-…

– Berrehun euro.

-…

– Bai, naski, gau osorako.

-…

– Joan zaitez Lisboa hotelerat eta eska ezazu hiruretan hogeita bederatzi gela, hantxe izanen duzu Nekane zain.

Bere lau gelakideak begira dauzka Nekanek, berau da lan gehien egiten duena. Bekaitz moduko zerbait sentitzen ohi dute.

– Zer? zer duzue?… lasai, hemen erdibana gabiltzan. Horretantxe geratu gintunan Pitxi kabroi hura pikutara bidali genuen egunean. Etekinak denon artean banatu berdin kobratzeko. Gainera zerbait gertatuko balitzait halako jotzaile profesional bat kontratatu eta kitto.

– Bai, hori ongi zagon, baina bekaizti gatzaizkin. Gehienek hobesten haute. Berdin zion, ea zorte pittat dunen eta hire izar horietako bat den.

– Agian!.

Nekane gelan bertan dagoen dutxara sartu da. Dutxa tikia da. Txoko mehe-mehea. Aitzineko, ezkerreko eta eskuineko hormetan hezetasunak sortutako ugerrak txoil itxura nazkagarria ematen dio. Gibeletik hersteko plastikozko gortina du. Nekaneri dutxatzen ari delarik bizkarrean itsasten zaio. Amaitu duenean ispiluaren aitzinean janzten hasi da. Hondar egunotan poxi bat loditu da eta beti estu-estu eramaten ohi duen arropari orain eskasegi deritzo. Abiatzear da.

– Ene bada! Hori gorputza!. Hi bezalakoek itaunarazten zidaten ea ez ote litzatekeen hobe izango lesbiana izatea. Horiek ditun, horiek ditiak!

– Maider, ixo. Lotsaraziko naun.

– Lotsarazi?. Heuk lotsarazten naun ni, zoragarri hago. Segi ezan eta garai itzan gizonak. Menperatu! Makurrarazi! Heurea dun garaipena.

– Maider, mesedez, lasaitu. Bihar mintzatuko gaitun. Adio.

Nekane gelatik jalgi eta karrikarat abiatu da. Taxia eskatu du. Barnerat sartu da eta hitzik ere erran gabe Lisboa Hotelaren txartela eman dio gidariari. Berau, aztoratuta, atzerako ispilutik begira dago. So dagio. Atorraren barneko aldea ikertzera ari da. Ondotik eskuz ispilua jaitsi eta hankartea aztertzen saiatu nahi izan du. Nekanek gidatzeko arreta eskatu dio.

– Kasu kamioi horri! Hil gaitezen nahi duzu?

– Barkatu!.

Jagoitik ispilua zuzen ezarri du eta hoteleraino ez dio so gehiagorik egin. Ahal bezain laster ordaindu eta Hotelerat sartu da gibeleko atetik, beti bezala. Sukaldean barna zerbitzarien igogailuraino joan da eta lehen pisurako botoia sakatu du. Iraganbidean dagoen ispiluan bere janzkera txukundu du. Ezpainak apur bat margotu ditu eta bere buruari txaira erran ondotik gelarat sartu da.

– Arratsalde on. Julen zara, ezta?

– Bai, eta zu Nekane, naski. Ea bada, has gaitezen. Erantz itzazu arropak.

– Zaude gizona. Gau osoa dugu. Lehendabizi utz nazazu poxi bat neure burua prestatzerat.

– Hara! zuk ere horrelakorik behar? Begira, ni ez nago prest minutu gehiagorik galtzeko. No adosturiko dirua eta goazen lanerat.

– Ederki, baina lehendabizi komunerat sartuko naiz. Pixagale naiz.

Nekane biga bostetan erabilitako gelarat sartu da. Hura bere eremua du. Bere estrategiarako unea. Dirua zorro ezinago tikian altxatu du eta zuzen-zuzen bideterat joan da. Garbitzen hasi da. Kanpoan zain daukana arras hordi dagoela jakinik ere gogotik ikuzten ari da. Aski garbi dagoenean bere zorro txikitik kutxaño bat atera du. Behatz luzearen eri-mokoa bertan sartu eta harturiko ukendu zuri labaingarria bere alurat barneratu du. Lasterregi nahi diten beti. Ez gaitizten ezta berotzerat ere uzten. Beti presaka. Gizon hauek ergelak ditun. Beti presaka. Soldataren erdia gau batez xahutuko diten eta den-dena bortz minututan burutu nahi diten. Kalamidadeak!

– Gau osoa eman behar al duzu horretan?

– Sarri noa, lasai. Gau izugarria pasako duzu. Ez duzu aise atzenduko.

Nekanek hondar ukituak eman dizkio bere buruari eta orain azken lana geratzen zaio. Zorrotik kondoi bat atera du eta ispiluaren aitzinean jarririk, mingainean kokatu du. Hau nahitaezkoa da. Bezeroak ez du ikusiko kondoia ateratzen eta ohartu gabe zakilean paratuko dio. Badaki zer nolakoa zen berezoaren ulerkortasuna kondoia jar zezan eskatzen zion bakoitzean. Aitzaki-maitzaki. Beti. Ez ditu berriz une haiek oroitu gura. Nekanek bere teknika berezia garatu du. Berau du HIESari itzurtzeko erarik ziurrena. Adatsa eta atorraren korapiloa askatu ditu. Azkenean atea zabaldu du. Bezeroaren hankei erreparatu die. Nekez zuzen ditzake. Noizetik noizerat ezin euts diezaieke eta tolestu egiten zaizkio. Ene bada! nik uste baino hordiago zagon. Oraingo honetan ere Richard Gere-k huts egin din. Bere artean ari da. Lanean hastea xedatu du. Julenen baitarat hurbildu eta buruari bira lasterra eragin dio ileak aurpegitik urrunduz. Musu lizuna igorri dio. Beroketa lanotan ezinbertzekoa den beta murriztu nahi dio gizon urduri honek. Nekane ohartua da Julen prakak ken diezazkion egiten ari den keinuez. Eskuz lasai egoteko adierazi dio hala ere. Burua zantarki higituz atorraren botoiak askatzen hasi da. Ahalik eta so lizunenak egiten dizkio. Azkenean atorra lurrean da eta orain diti zorroa askatzera doa. Julenen begiek ez dute zalantza izpirik uzten, zoratuta dago. Ditiak askatzen ari den bitarte kiskalgarri honetan Juleni hurbildu eta ezker belarrian pot eman dio eskuin izterraz hankartea ferekatzen diolarik. Harengandik banatzearekin batera diti zorroa lurrerat erori da. Bezeroaren aurpegia ikusita Nekanek ongi aski daki zer dabilkion buruan, honen ustez ni operatuta nagon. Ezin sinets zezaken egia. Nireak dituk gizona, nireak! Bere buruari diotso. Hondarrean Nekane erabat biluzik geratu da. Julenek berriz zakila erakutsi dio neskari. Honek bere teknikari jarraitzea erabaki du. Alkandora astiro-astiro erantzi dio. Bular aldea musuz bete eta handik beheiti hasi da prakekin topo egin arte. Goiti begira, belaunikaturik, halako irri bihurria eskaini dio, beti mihia erakutsi gabe kondoia ikus ez diezaion. Prakak eztiki-eztiki ireki dizkio behearen gainera erorarazi arte. Galtzontziloaren azpian Julenen desira nabari da. Prest dago. Alkoholak uzten dion indarra darakusa haren anaia tikiak (gaur Julenek nahi baino aisa tikiago).

– Agudo, agudo. Zurrupa ezazu. Sutan naukazu.

– Lasai, gau osoa duzu.

Nekanek bezeroaren eskuek bere burua zakilera zuzentzen nabaritu ditu. Dena arinegi doa. Zutik egonez gero “txapela” ikusteko arriskua dago. Etzanarazi behar du.

– Horrela ez, etzan zaitez ohean.

Hagitz harro zagoken bere txilibituarekin, baina ez badago gogorrago, nekez eutsiko zion kondoiari. Hausnarketan ari da. Haren xiriaren egoera tamalgarria bizkortu nahiz bere bi ditiak Julenen barrabilen gainean paratu ditu. Bizkitartean eskuz eta ezpainez gorputza xeratzen dio ahal bezain goxoki. Bere ditietan zakilaren bizkortzea igarri berri duenean zurrupatzen hasi da. Zakilaren punta mihiaz milizkatu bidenabar kondoiaren barneko aldea paratu dio eta eskuin eskuaz kanpaia jotzen hasi zaionean beheitiraino janztea erdietsi du. Dena txit denbora laburrean. Majo zagon, orain lanerat!. Bere artean ari da. Nekanek arduratsu dihardu. Julen goititzen somatudu. Nork zakin zer otuko zitzaion orain!.

Ez ezazula irents, uneak iritsi behar duenean bota ezazu hazia zeure bularrean.

– Ez duzu hau nahiago?

– Egin ezazu errana.

Hara bertze arrazista bat. Betiko leloa: haziaren zuritasuna puta beltx baten azal beltxaren gainean kontrastatu. Kabroi halakoa! Menpeko nahi gaitizten. Hau dea “etorkinen barneratze prozesua” delakoa?. Ea orain nola moldatzen naizen kondoia ikus ez dezan!. Gogootandagoeno isurketaren lehen kolpea nabaritu uste izan du. Orduan Julen eseri egin da hobeki ikusteko-edo. Bere zakilak arras ongi irudikatzen ez badu ere, bezeroak badiraki. Ziplo Julenek bere bi eskuez nola edo hala kondoia estaltzen ari den Nekaneren gainean ok egin du. Neskak lehendabizi kolpetxo tipi bat sentitu du bere adats zoragarrian eta gero isurgai mingots epel bat bere buruan gaindi. Hau narda!. Hobe dun lehenbailehen bukaeraztea isurketa eta gero gerokoak. Arestian utziriko zurrupatze lanari ekin dio berriz baina aisa zantarkiago. Bezeroaren bertze ok bat somatu du orain ohearen gainean. Usainarekin nazkatuta dago. Neska jo eta ke ari da lanean. Julen une kiskalgarria iritsi zaionean gibelerat makurtu da osoki. Arnas ozena egin du gizonak. Etzanda geratu da lasai arront. Nekanek kondoia trebezi haundiz kendu dio zakila bere egoera arruntera erabat irits aitzin. Ondoko zakarrontzirat bota du. Bezeroari begira geratu zaio. Ea oraingoan zer nahi duen.

– Orain zer nahiago duzu?

– Orain?, Ja ere ez. Kitto. Akitu dugu. Nik ezin dut gehiago. Zaude…zaude…

Lurretik prakak jaso eta barrendik kartera hartu du bezeroak. Bet-betan emaztearen argazki bat agertu zaio. Begirada erabat traketsez behatu du. Argazkiari so egotetik gibeletu gabe karteraren atzeko aldetik ehun euro hartu eta Nekaneri eman dizkio.

– Har ezazu hau ileapaindegirat joateko eta orain segi etxerat ni hemen geratuko bainaiz. Dei bat egin behar dut.

Nekanek Casanovak berak baino anitzez ere lasterrago jantzi du bere burua eta komunerat sartu da. Konketan burua amiñi bat ikuzi du eta joan-hurran da. Azkeneko aldiz Juleni begira geratu da. Telefonoarekin ari da, solasean.

– Bai laztana, neu ere zutaz oroit naiz. Zer moduz dago zure aita?

Sasikume halakoa, ezkonduta zagon!!! eta hartaz oroit dela dio!!!. Gezurter maltzurra.

Nekanek, korromioak janda, atea indarrez itxi du.