MERIKARERENTZAKO ERAKUTSIAK (TARTEKO LEHEN AROA, X. DINASTIA, K.A. 2050 ALDERA)

“[…] Egin zure gurasoek eta arbasoek egin zuten bezala…
Begiratu, haien hitzak finkatuta gelditu ziren liburuetan.
Ireki, irakurri eta kopiatu haien jakintza.
Heziketa hartzen duena aditu bihurtzen da.
Ez izan gaiztoa; errukia ona da.
Egin zure monumentua iraunkorra, zeure buruarenganako maitasunez.
Biderkatu herria, aberastu hiria.
Jainkoa gurtua izango da zeure dohaintzekin…
Eskatu zoriona, erregutu osasuna zeure buruarentzat…

Errespetatu nobleak; zaindu herria.

Indartu mugak eta mugako zaindariak.
On da etorkizunera buruz lan egitea.
Buruargiaren bizia errespetatu egiten da,
baina harroputzak beti sufrituko du.

Duzun izaeragatik zureganatu dadila jendea.

Zitala da auzokidearen lurra irrikatzen duena,
inozoa besterena desio duena.

Lurrean bizia joan egiten da. Ez da luzea.

Zorionekoa gogoratua den hura.

[…] Onbera dena betirako bizitzen da.

Osirisekin datorrena joan daiteke,

bere buruaren atseginez egoten dena abandonatzen den bezalaxe.

Handitu zure nobleak, haiek zure legeak bete ditzaten.

Etxean aberatsa dena ez da alderdikoi agertuko;

ondasun-jabe da ezeren faltarik ez duena.

Alabaina gizon pobreak ez du hitz egiten bere egiatik;

ez da zuzen ari honela esaten duena: “Neure eskuetan banu!”;

alderdikoia da maite duenarekin;

makurtu egiten da sobornatzen duen jaunaren aurrean.

Handia da handi bere handiak handi diren hura.

Indartsua da kortesanoak dituen erregea;

noble asko dituena oso estimatua da.

Esan egia etxean, lurraldeko nobleek errespeta zaitzaten;

izan ere, zuzentasuna egoki da errege batentzat.

Etxe baten aurrealdeak ematen dio atzealdeari beldurra.

Aritu justiziaz eta iraun egingo duzu lurrean.

Kontsolatu negarrez dagoena; ez zapaldu alarguna;

ez kendu gizonari bere aitaren jabetzak.

Ez min eman nobleei bere jabetzekin.

Kontuz zigortzeko orduan, ez hankarik sartu.

Ez hil, ez zaizu probetxugarri gertatuko;

zigortu kolpeekin eta kartzelarekin.

Horri esker, lurralde hau ordenan sartuta egongo da,

errebeldea izan ezik; horren planak agerian geldituko dira,

jainkoak bai baitaki nor diren traidoreak,

eta haren krimenak odolez jotzen ditu.

Hura errukitsua da… bizitza.

Ez hil bere bertuteak ezagutzen dizkiozun gizona,

eskriturak elkarrekin abestu zenuteneko gizon hura…,

sekretuen eremuan askatasunez zebilen hura.

Ezagutzen duen alderdiraino heltzen da Ba;

ez da atzo zerabilen bidetik desbideratzen;

ezin da magiarik egin haren aurka,

eta ura ematen diotenenganaino heltzen da.

Miserableak epaitzen dituen auzitegiari dagokionez,

badakizu ez direla onberak izaten gaiztoa epaitzeko egunean,

beren zeregina betetzeko orduan.

Beldurgarria da akusatzailea jakintzak dituen gizon bat izatea.

Ez jarri konfiantza urteen iraupenean;

izan ere, ordubete balitz bezala ikusten dute haiek bizitzaren denbora.

Gizonak iraun dezake hil ondoan,

izan ere, haren ekintzak altxorraren moduan jartzen dira bere aldamenean toki hartan,

eta han betierekoa da izatea.

Ergela da epaileak haserrarazten dituena.

Haiengana hutsik egin gabe iristen dena, berriz,

jainkoaren pare geldituko da, eta aske joango da,

jaunak bezala, betiko.

Bildu zure gazteak soldadutarako eta Egoitzak maiteko zaitu.

Biderkatu alde dituzunak zure ingurukoen artean.

Begiratu, zure hirian jendea handitu egiten da […]

Handietsi zure nobleak; sustatu soldaduak;

aberastu zure atzetik joaten diren gazteak.

Hornitu hondasunez; eman zelaiak; sariztatu aziendarekin.

Ez egin bereizkuntzarik boteretsuaren semearen eta morroiarenaren artean.

Tropa probetxugarri da bere jaunarentzat.

Egin ederrak jainkoarentzako monumentuak;

hori egiten duenaren izena pizten du hark.

Gizonak bere Ba-rentzat onuragarria dena egin behar du.

Hileroko apaiz zerbitzuan, erabili sandalia zuriak;

Bisitatu tenplua; izan zuhurra sekretuekin;

sartu santutegian eta jan ogia tenpluan.

Modu ederrean hornitu eskaintza-mahaia;

ugaritu hornigaiak eta biderkatu eguneroko eskaintzak.

Hori probetxugarria da egiten duenarentzat.

Hornitu monumentuz zure aberastasuna hura nolakoa den ikusita;

izan ere, egun bakar batek eternitatea ekar dezake,

ordu bakarrak ere etorkizuna lagundu dezake.

Jainkoak ezagutzen du bere alde egiten duena…

[…] Izan zaitez, hortaz, errukiorra… Berritu hitzarmenak.

Ez dago korronterik bere burua ezkutatzen duenik.

On da etorkizunera begira lan egitea […]

Antzinakoen gisan jardun naiz.

Norbaitek ez badu alerik aski emateko, izan adeitsua,

haiek ahulak baitira zureganako.

Ase zeure ogiarekin eta garagardoarekin.

Granitoa arazorik gabe eskuratzen duzu;

hortaz, ez hondatu besteren monumentuak.

[…] Hara, errege bat poztasunaren jauna da.

Erlaxatu eta egizu lo zeure boterearen gainean.

Jarrai iezaiozu bihotzari […]

Oinordeko zikoitza banu, zoritxarrekoa nintzateke.

Gainera, hau esan beharra dago atzerritarraz:

hara, Asiako zitala doilorra da bere bizilekuarengatik.

Arazoak ditu urarekin, zailtasunak zuhaitzekin;

bide ugariak eta kaskarrak ditu mendiak direla kausa.

Ez da toki jakin batean bizi… Borrokan dabil Horusen garaitik.

Ez du konkistatzen, eta ez da konkistatua izan.

Ez du iragartzen borroka egunik,

lapurrak konspiratzailearengana jotzen duen bezala.

[…] Ez kezkatu harengatik,

asiarra ur ertzeko krokodiloaren gisakoa baita.

Bide bakartuetan lapurtzen du,

baina ez dezake ezertxo ere har herritar ugariko hiri batetik.

[…] Hiri jendetsua bihotz lagungarri da.

Begiratu zaitez etsaiez inguraturik egon gabe.

Kontuz ibiltzen denari urteak berritzen zaizkio.

[…] Gizon baten izena ez da gutxitu behar

egin duenagatik, eta hiri finkatu batek ez du kalterik jaso behar.

Eraiki, beraz, gotorlekuak zeuretzat,

etsaiak hondamena eta ekintza doilorrak maite baititu.

[…] Ez askatu zure besoak. Zure kontra altxatzen denak zerua iraintzen du.

Monumentu bat arrakastatsua da ehun urtean.

Etsaiak hori ulertuko balu, ez luke hondatuko.

Ez dago inor etsairik ez duenik.

Bi Ertzeetako Jauna jakintsua da.

Erregeak, gortekoen jaunak, ez du ezjakina izan behar.

Jakintsua zen sabeletik atera zenean.

Jainkoak bereizi du milioi bat gizonen artetik.

Erregetasuna eginkizun ederra da;

ez du semerik, ez du anaiarik bere monumentuari eusteko.

Pertsona bakar bat da, eta besteak noble bihur ditzake,

Gizonak bere aurretik zegoenarentzat jardun behar du;

hartara, hortxe geldituko da berak gordetakoa bere oinordekoarentzat.

[…] Ez da gizonaren probetxuko berak hondatua berritzea,

berak xehatua konpontzea. Begira zaitez horretatik.

Kolpe batek ordain bera dakar.

Egiten den guztitik ondorioak datoz.

Belaunaldi bat beste gizon-belaunaldi baten oinordekoa da,

eta jainkoa, jakinaren gainean baita haren izaeraz, ezkutatu egin da.

Gobernatuta dago gizadia, jainkoaren azienda!

Hark zerua eta lurra egin ditu bere gogarako;

hark uren irentsi-beharra erreprimitu du.

Hark sortu du bizitzaren hatsa, bere sudurrak bizi daitezen.

Haiek bere irudiak dira, bere haragitik atereak.

Hark dirdira egiten du zerutik haien bihotzetan.

Landareak sortu ditu haientzat, azienda, hegaztiak eta arrainak.

Etsaiak hil ditu;

seme-alabak hil ditu, altxatzeko asmoa baitzuten.

Bihotzentzat argia egin zuen; haiek ikusteko nabigatzen du.

Kapera bat altxatu du haien inguruan. Entzun egiten du negarrez ari badira.

Agintariak sortu ditu haientzat, arrautzatik,

ahularen bizkarrera igoko diren buruzagiak.

Haientzat, magia sortu du,

esaterako gertaeren talka erreprimitzeko armak;

haiek zaindu ditu hala egunez nola gauez.

Haien tartean zeuden traidoreak hil ditu,

gizon batek semea anaiarengatik jotzen duenean bezala.

Jainkoak gizon guztiak ezagutzen ditu.

Kasu egin nire hitzei,

erregetzari buruzko arau guztiak dakartzate,

gizon bezala zuti zaitezen erakusten dizute,

eta niganaino igo zaitezen inoren salaketarik jaso gabe.

Ez hil zure hurbilekorik, mesede egin diozunik;

jainkoak ezagutzen du. Zorionekoa da lurrean direnen artean.

Jainkozkoak dira erregeari darraiotenak.

Izan gizon guztiek maitatua; izaera onekoa dena gogoratu egiten dute…

Izan zaitez “sufrimenduen aroa amaitu zuen hura” izendatua

Jetyren Etxean ondoren sortuko direnen aldetik,

ahots justuz, gaur zer gertatu den pentsatuz.

Hara, nire pentsamenduko gauzarik bikainenak adierazi dizkizut.

Joka ezazu xedatu zaizunaren arabera”.