Azpilagañako erraldoiekin dugu gaurko hitzordua, Juana Labritekoa eta Pedro Mariskala, arratsaldeon bikote!
1.- Noiztik zaudete Azpilagañako jende artean? Nola sortu zen zuek sortzeko ideia?
2015. urteko martxotik gabiltza jende artean. 50 erraldoien aurrean aurkeztu gintuzten. Euskal Herriko toki ezberdin askotatik etorritakoak. Egun osoa Azpilagaña, Iruñeako auzoko kaleetan eman genuen.
2011tik erraldoi txikiak geneuzkan, haren dantzariak hazten joan ziren eta eurek mundu honetan jarrai zezaten gu sortzea bururatu zitzaien Gartxot konpartsako kideei.
2.- Nola ikusten duzue auzoaren egoera hain altuera haunditik begiratuta?
Azpilagañako auzoa bere sorreratik (80. hamarkadan) lo egiteko auzoa izan zen. Hori dela eta jendea jardueretara erakartzea zaila dela ikusten dugu. Lokal hobe bat izango bagenu auzokideak erakartzeko gunea bilakatuko litzateke eta gure dantzariek entseguak aterpean egin ahal izango lituzkete horrenbesteko hotza pasatu beharrean. Hala eta guztiz ere koordinakunde kulturala eratzea lortu dugu.
3.- Zeintzuk izaten dira zuentzat auzoko hitzordu garrantzitsuenak? Bidaiatzea gustokoa al duzue? Zein izan da egin duzuen bidaiarik aberasgarriena?
Otsailean ihauteriak, ekainean auzoko jaiak eta urrian auzoko eguna.
Izugarri gustatzen zaigu bidaiatzea, gure bidaien artean hauek: Trapagaran, Elizondo, Leitza, Ziordia, Balterri ala Iruñerriko hainbat herri.
Gure dantzariei poztasun gehien sortzen dien bidaia Iruñeako Alde Zaharreko kaleetan aritzen garenean izaten da. Txikitatik Iruñeako konpartsako erraldoiak bertatik dantzan ikusi baitituzte. Balterrin izan ginenean iritsi eta berehala hamarretako epaimahaikide izateko ohorea izan genuen, oso goxoak denak!!! kar, kar, kar,…
4.- Aurten zu, Pedro, Erronkarin atxilotu zintuztela 500 urte betetzen dira, zergatik eta nola izan zen atxiloketa?
1516ean Nafarroa berreskuratu nahirik Zuberoatik Erronkari aldera gindoazela gaztelar armada gure zai zegoen, horretaz oharturik ni lehenbiziko tokitan jarri nintzen, ni atxilotuta gure beste gizon garrantzitsu askok ihes egiteko aukera izan zutelarik.
5.- Zu Juana, garai batean Nafarroako erregina izan zinen, zer botatzen duzu faltan garai haietaz, zein eskaera egingo zenuke?
Garai horretan, nahiz eta txikia, Nafarrok gure estatua genuen.
Gure kulturarekiko babes haundiagoa eta benetazko historiaren inguruko ezagutza haundiago egotea, jendeari gure historia hura ezagutzeko aukera ematea.
6.- Gaur egunera itzulita, euskal gazteria erraldoien munduan nola ikusten duzue? Erraldoi talde ugari ateratzen doaz tokian toki, gazte nahiko daude hauek dantzatzeko? Nola egiten duzue gazteak zuekin dantzatzera etor daitezen?
Egia da talde ugari daudela herri askotan, gero eta gehiago. Txikitatik hasten diren dantzariak mantentzea nahiko erraza da, horrekin hazi direlako eta ongi pasatzen dutelako dantzan. Jende heldua erraldoien mundura erakartzea askoz zailagoa izaten da.
7.- Azpilagañako koordinakunde kulturalak erraldoietaz gainera zein jarduera, talde edo ekitaldi antolatzen ditu?
Talde nagusiena jai batzordea dugu eta bertatik dena sortzen joan da. Joaldun taldea, Jostunak emakumeen taldea eta Gazte mugimendu taldea esaterako. Jardueren artean dantzak, hitzaldiak, liburuen aurkezpenak eta erraldoien tailerra egiten ditugu. Tailer honetan bost urtetik gorako haurrek lehenbizi buruak marraztu, buztinez moldea egin, harri-kartoiaz burua egin, gero margotu, erraldoia eratu eta dantzatzen ikasten dute. Bukaerako helburua bakoitzak bere erraldoia auzoko kaleetan zehar dantzan jartzean datza!
Esku artean antzezlan bat dugu, non neskatila gazte baten ametsetan, Euskal mitologia nahiz benetazko iraganeko pertsonaien ezaugarriak deskribatzen dira. Dibertsitatearen aldeko antzezlana izanen da eta aurki Elinberri Argibide Hirian non ikusteko aukera izanen den ezagutara emanen dugu!
Mila esker Juana eta Pedro, elkarrizketa erraldoi hau guri aurrez aurre eskeintzeagatik.
Argibide gehiago:
Azpilagañako auzo koordinakunde kulturala, Iruñeako Luis Morondo kaleko 13. zenbakian, telefonoa 686119704