Arbasoen arrasto galduak

Joan den  asteko aurkezpenen ondotik, hasiko naiz, erran nizuen bezala, nire historia propiotik hasita, Baxe Nafarroa hobekiago ezagutarazten irakurleari.


 Dakigularik nundik gatozen, urrunago joan gaitezke dudarik gabe. Harritu nintzen erabat nire familiari buruz burasoei galderak pausatzen hasi eta ohartu nintzelarik familiaren memoria ez zela bi belaunalditik haratago joaten.


Ama, Heletako laborari edo nekazari etxe batean sortu zen 1952ko Urtarrilaren 23an, Uhaldegaraia deituriko etxaldean. Etxe honen izena ere ezin izan dut oraindik arras ulertu. Zergatik ote Uhaldegaraia deitu zuten etxe zahar hori, zein urtetan eraikia izan zen edota nork xutik jarri izan zuen ez baiginakien. Suposatzen dut eraikia izan zen garai hartan uholde edo euri erauntsiak izan zitaizkela, jakinik etxaldea bi errekaren artean egina izan zela, horrek esplika lezake beharbada etxe horren izena. Nire amatxi, Aña Goyti, etxe hortan sortua zen ere, eta Donoztiri herritik etorritako Jean Duhartekin ezkondu, eta bizia bertan egin zuten. Dakidanez ez ziren gaizki bizi izan. Ez ziren nihundik ere aberatsak baina jatekoa ukan zuten nahiko hoien bizitza osoan. Garai haietan hala ere bizitza gogorra zitaiken eta beti somatu ditut bizitza latz horren arrastoak amaren begietan, eta gure hezitzeko maneran. Aurretik erran bezala ez dakit zein herri edo etxetik etorri ziren amatxi eta aitatxiren aurrekoak, zoritxarrez. Ama Heletako nesken eskola katolikoan egon zen 16 urte bete arte. Gaitasun intelektual handiak baldin bazituen ere, ezin izan zituen ikasketak segitu, garai hartako neskei ez baitzitzaien ikasketa luzerik egiteko aukerarik eskaintzen. Lanean hasi zen beraz biziki gazte. Amaren belaunaldiko baxenafartar emazte guziak lanean aritu izan dira tira ahala. Alde batetik etxetik kanpo lan egiteko eskubidea lortu baitzuten baina beste aldetik etxeko lanak, haurren hezkuntza ta ardura, oraindik beren gain bakarrik utziak baitziren. Lanaren esklabu bizi izan dira, eta emazte guzi horien orroitzapena ohoratu nahi nuke hemen.

 Aitaren aldetik, arrastoak oraindik ikustezinagoak dira. Mitirina deituriko herrian sortu zen 1951ko Uztailaren 24ean. Zein etxetan ez dakit. Haren aita, Auguste Alkhat eta ama Marie Jeanne Bidegain etxetiarrak ziren, erran nahi baita ez zirela hoien etxaldearen jabe, eta etxe horretako lurrak ustiatzeko eskubidea zutela,  jabea, diruz edo janariz edo nik dakita nola, ordaintzen baitzuten. Izen guzi hauek frantsestuak izan badira ere, orroitarazi nahi dut irakurleari, garai hartako jendeek euskara baizik ez zekitela, Gorka Knorrek abesten zuen “Mort pour la patrie” kantuak zioen bezala. Euskaraz bizi, pentsatu eta amesten zuten jende pobre guzi horiek. Etxetiarrak baldin baziren aitaren burasoak, erreski suposa daiteke hoien aurrekoak ez zirela nihundik ere lur zati baten jabe izan eta horrek nola ez aro feodalara garamatza. Baxe Nafarroan, beste leku askotan bezala, lurrak jauntto handi bakar batzuen esku zeuden, eta laborari xumeen esku utziak ziren, jaunttoak ederki bizi ahal izateko. Harrigarria bada ere, gaur egun, jauntto eta etxetiar ugari daude oraindik euskal probintzia huntan. Heleta herrian adibidez, kasik lur emankor guziak lau jaunttoren artean zatituak ziren. Horietako biek, lur peza andanak saldu zituzten eta etxetiar ainitz, ustiatzen zuten lurraren jabe bilakatu ziren. Beste biek aldiz, aitamengandik jasotako lur guziak atxiki dituzte, eta badakit familia bakar baten esku daudela oraindik Heletako ehun hektara baino gehiago, eta laborari ainitz etxetiarrak direla oraindik, 2016 urte hastapen huntan. Badirudi aro feodala ez dela arras amaitu Euskal Herriko xoko ttipi huntan… Nire aitak, bere aita galdu zuen 8 urte zituela eta Iholdi herrira etorri behar izan zuten haren ama eta haurrideekin. Berak ere, lanean goiz hasi behar izan zuen margolari aprendizgoa egin ondoren. 

Ez dut sekula aitatxi bakar bat ere bizirik ezagutu, biak nire aitaren gisa 60 urtera iritsi baino zenbait urte lehenago zendu baitziren. Irakurleak hobekiago ulertuko du zergatik nire memoriak idatzi nahi edo behar dituztan, nahiz eta 34 urte ditudan bakarrik. Genetikari fidatzen banaiz urte gutti geratzen baitzaizkit mundu huntan…

Maleruski ezingo naiz urrunago joan nire arbasoen deskribapenean. Erran dezakedan gauza bakarra da, nire aitak bere arbasoen arrastoak bilatu nahi izan zituela eta iduri luke Alkhat familia Iruña aldetik zetorrela. Nafartarrak ziren beraz eta horrek ez du nehor harrituko. Aitaren ikerketen arabera familiako batzu Iruñatik Aragoira joan ziren lan bila, ondotik Xiberoan egon ziren Baxe Nafarrora iritsi aurretik. Jakin nuelarik gure familiak Iruñan zuela jatorria , horrek nire Nafartar nortasun sentimendua areagotu zuen eta ordutik ez dut sekula nire burua Behereko edo azpi Nafartartzat jo, Baxe Nafarroa eta Nafarro Garaia berex ez baidoatzi, herria eta hizkuntza bezala, eta duela bost mende, biak loturik baitzeuden herri independente bakar batean; Nabarra.