Gure aita ta amak gazte ezagutu ziren; hogei ta piko urte izango zituzten biek orduan. Hastapen batean, Amak serbitsari gisa lan egin zuen, hemengo neska mutil ainitzen gisa, ostatu desberdinetan. Aitak aldiz, margolaritza epe luze batez utzi zuen, Baionako portuan lan finko eta segur aski interesgarri bat lortu ondoren. Urte ainitzetan aipatu izan digu lan hori eta beti harro sentitu da “Docker” deitzen ziren jende multzo horren parte izanagatik.
Mugerren (Lapurdi) zuten alokatu hoien lehen apartamendu edo pisua. Hortik guttira amari lanpostu finko bat eskeini zioten herri hortan kokatua zen Sagem deituriko elektronikagailu enpresa batean. Mugerre herrian bizi zirela, lehenbiziko bi semeak ukan zituzten eta laster Baiona ttipian, apartamendu baten erostera menturatu ziren beharrezko maileguak eskuratu ondoren. Garai haietan aita hasi zen bertsolaritza ta antzerkilaritzarako zituen dohainak plazaratzen. Ez dut gogoan zein antzerki taldetan aritu izan zen baina badakit gustu aintz zuela horretarako. Erran behar da garai haietan, iparraldean, euskarazko antzerkilaritzak berpizkunde bat ezagutu zuela Daniel Landart bezalako antzerkiegile famatu batzuei esker. Zer esan bertsolaritzaz, Xalbador eta Mattinek idekitako bidearen ordezko gisa agertu ziren Xanpun, Miura, Esponda, eta hortik guttira Arrosagarai, Alkhat edo Laka. Garai hartan bertsoak entzun zitaizken herriko besta gehienetan.
Amak beti erran digu bere bizia Baionan pasako zuela gogotik bainan aitak Baxe Nafarrora itzultzeko gogoa atxikitzen zuen… Hala ere, zenbait urtez egon ziren Cordeliers karrikako 16. zenbakian, garai hartan zegoen giro euskaldun hortan. 70. hamarkadan gero ta errefuxiatu gehiago etortzen ziren, hegoaldetik Lapurdiko hiriburura eta horrek dudarik gabe giro berezia sortu zuen kale hoietan eta mugaz bi aldeko jendeen elkar ezagutza ainitz lagundu zuen. Dakigun bezela Euskal Herrian borroka armatua bete betean zegoen, urte askotarako gainera, eta hortik guttira GALeko mertzenarioek, Baiona ta inguruko kaleak, odolez estaliko zituzten. 1983an, Frantses eta Espainiar gobernu buruak alderdi sozialistakoak zirela eta, aitak hauxe idatzi zuen beste bertso andana baten artean: – Mintza gaiten sozialistez/ oilaskoz edo ahatez/ guzier ezin kausituz dira ito borondatez/ Arrosari egin kaltez/ lursagartu ene ustez/ erdi ustelak usteldu dira ustelduen maitez-
Erran beharra dago, Ipar Euskal Herriko euskaldun abertzale askok frantses alderdi sozialistarentzat bozkatu zutela, hunek aspaldi aipatutako Euskal Departamendu baten sorrera hitzeman baitzuen. Ez zen ordea nehoiz gauzatu eta horrez gain, frantses alderdi sozialistak espainiako Felipe Gonzalez eta haren estatu kargudunak sustengatuko zituen euskaldunen errepresio odoltsuan.
Nire anai handiek 6 eta 4 urte zituztela etorri ziren parezkakoak (bixkiak), Xan eta ni, Aguxtin. Ez dut uste hirugarren haur bat egiteko erabakia hartu zutelarik, laugarren baten esperantza zutenik, baina hala izan zen eta gaixo amak bere bizia egin beharko zuen gizon bat eta lau semez inguratuta… 1982. urtean ginen eta gu sortu aurretik aitak bere ametsa gauzatu ahal izan zuen. Etxe zahar bat arraberritzeko asmoa zuen aspalditik, eta aukera iritsi zitzaion Armendaritze (Baxe Nafarroa) herrian.
Ez pentsa aukera ezin hobe bat zenik, sekulako obrak egin behar izan baitzituzten proiektua gauzatu ahal izateko. Alimaleko borda zaharkitu baten itxura zuen, eta zenbait urte lehenago kabalak edo abereak hartatzen ziren bertan. Erosi zutenean aldiz teilaturik ez zegon eta etxea harrizko lau murru zabal eta azkarrez baizik osatua zen. Horrek prezio ttipi batean erosteko aukera ahalbidetu zuen segur aski, 50 000 libera edo frankotan erosi baitzuten (8000 euro inguru). Gaurko prezioak ikusi ezkero, bagenuke ahalgetzekoa.
Etxe zahar hau laharra edo laparrez mukurreraino betea zen, eta ezaugarri horrek etxeari izena emango zion hortik guttira. Hainbat urtez, gure bizitzaren pasarte on, txar, ilun, dramatiko eta alaien ezinbesteko lekukoa bilakatuko zen Laharraga.