Jai bat baldin bada sustraitua munduan hauxe da, inauteria –Lapurdin ihauteria deitzen duguna–, munduko bazter guztietan zabaldurik baitago. Bere errorik sakonenak antzinako denboretan gordetzen ditu, eta garai zahar haien oihartzuna ekartzen digu urtero, sentimendu zahar eta totemikoez jantzirik. Horixe baita azken finean inauteria, gure arbaso zaharren sinismenetara urteroko itzulera. Gure Euskal Herri zahar honetan inauteriak indar eta kolore handia hartzen ditu, eta garai bateko magiaren sua piztuta iraunarazten digu. Inauteria jai solstiziala da, neguko solstizioaren jaia, eta solstizioaren inguruko errito bezala ulertu beharra daukagu.
Neguburuaren eta udaberriko ekinozioaren artekoa.-
Gogoratu beharra daukagu zer-nolako garrantzia duten kulturan eta herri guztien errito eta sinesmenetan solstizioek eta ekinozioek, hauen inguruan gauzatu baitituzte ez bakarrik beren tradizioak, eta baita aunitzetan egutegia ere, baizik eta urte osoan izateko eta bizitzeko beharrezko filosofia edo jokaera ere.
Udako solstizioa oso uztarturik dago biziarekin, berotasunarekin, eguzkiarekin, eta Neguko solstizioa bere aurakakoa izanik, heriotzarekin, hotzarekin eta ilargiarekin ere. Manikeismo hutsa. Neguko solstizioa nahitaez pasatu beharreko denboraldi luze iluna da. Ekiren erresumara iristeko iragan beharreko Ilargiren menpeko egoera. Negua joaten da pasatzen eta emeki-emeki eguzkiaren indarra gero eta handiagoa egiten da. Udaberriaren etorrera da, udaberriko ekinozioaren etorrera.
Ilargi ahultzen joaten da eta Eki, berriz, indartzen. Ekik gero eta indar handiagoa du eta honek ama-lurraren esnatzea dakar, biziaren berrindartzea, etengabeko gurpil ibiltariaren alde baikorra. Eta hauxe da inauterian urtero errepikatzen zaiguna. Hau dela eta, euskal inauteria leku askotan urtarrilean hasten da eta martxoan-apirilean bukatzen. Erritual luzea da neguko solstizioa eta udaberriko ekinozioa lotzen dituena. Neguarekin etortzen diren indar eta espiritu gaiztoak edo ezkorrak izutu behar dira, udaberriarekin etorriko diren indar baikorrei segida zabala eman ahal izateko. Eta hauxe da herri guztietako inauterietan, modu batez edo besteaz, egiten dena. Oroit dezagun adibide moduan, Ituren eta Zubietako joaldunak euren joare handiez edota eskuan daramaten zaldi-ilezko erratz horiek astintzen lortu nahi dutena: lurra esnatu eta espiritu gaiztoak euren herrietatik uxatu.
Julio Caro Barojaren teoriari jarraituz.-
Inauteri edo ihauteri hitzari buruz gauza asko esan diren arren, badirudi Julio Caro Barojak emandako interpretazioa dela zuzenena. Aipatutako antropologoaren irudikoz, hitz horren barruan hiru osagai edo elementu daude: IHO/IÑO edo IHAU/INAU aldaera, -TE atzizkia, eta azkenez, beste bigarren atzizki berantiarrago bat: -ERI. Aipaturiko lehen elementuak karnabal esan nahiko luke. Lehen atzizkia (-te) garaia edo tenorea adierazteko erabiltzen da usu (elurte, haizete, eurite…) Eta bigarren atzizkiari dagokionez, esan dezagun oso erabilia dela gaitza, bizioa, edota nolakotasun txarra adierazteko (birikeria, nafarreria, lirdingeria…)
Bigarren atzizkia ezarri gabe ere, erabili egiten da, bai Nafarroan eta baita Iparraldeko lurraldeetan ere, karnabala adierazteko. (iñotea, ihotea, iñautea, ihautea…) Badaude bestalde, lehen hitz horretatik eratorritako beste hitzak, normalean, burla, iraina edota kirtenkeriarekin loturik izaten direnak. Julio Caro Barojaren iritziz, inauteria sustraitua dago erokerietan edo eguneroko bizimodutik urrun dauden jarreretan. Hori dela eta, osagai hori duten hitzetan ezaugarri hori nabarmen gelditzen da. Ikus dezagun. INAKIN (iraina), INOZO (memeloa, lerdoa, ergela…), INULA, INUALA (kirtena, astapitoa, tontolapikoa…)