Ipar Baskoniari buruzko beste gauza batzuk

Adiskide euskaldun preziatuak. Ba al dakizue guk, Gaskoiak, nortzuk garen. Irakur itzazue lerro apal horiek. Gaskoiak, Euskaldunen senide erromanizatuak gara eta gure hizkuntza, nahiz eta talde erromanikoan egon, oso hizkuntza berezia da. Euskal sustrai asko dituelako. Egia da galdu genuela gure ama hizkuntza hori baina Baskonia naziokideak gara. Mundu osoan zehar, gauza jakina da nazio askok dauzkatela zenbait hizkuntza bere lurraldeetan.

Dakizuen bezala Frantziak, giza eskubideen herria delakoa, Nazio handia delakoa (horrela deitzen baitiote Frantsesek bere herriari) ahal duen guztia egiten du, aspalditik, bere lurraldeko hizkuntzak eta kulturak itotzeko. Gaur egun, ia lortu du helburu hori eta laster, Frantzia, herri elebakarra bilakatuko dela aitortu behar dizuet. Horrela, gure nortasunaren etsairik handiena, frantziar Estatua da, zalantzarik gabe.

Alabaina, hego Frantzian, beste etsai bat daukagu. Ezkutua, isilpekoa. Etsai hori, okzitanismoa da. Iribarrea ezpainetan, eskuineko eskua adiskide gisa luzatzen diguna baina, bizkarraren atzetik, mailu handi bat ezkerreko eskuan duena. Frantziarrek oso garbi jokatzen dute, gure hizkuntza hil nahi dute eta kito. Okzitanista horiek, gure adiskideak balira bezala aurkezten dute bere burua, baina gauza bera nahi dute, isilpean. Gu akabatzea.

Hego Frantzian, hizkuntza erromaniko talde bat dago. Oc hizkuntzak deitzen diren hizkuntzez osatua. Hizkuntza hauek, okzitano-erromaniko eremuan kokatuak daude, katalanarekin batera. Beraz, okzitaniera, katalana eta gaskoiera, aipatzen ari naizen hiru hizkuntzak dira. Hizkuntza bakoitzak badauzka bere dialektoak eta azpi-dialektoak, hizkuntza guztiek bezala. Baina bakoitzak badauka ere bere forma estandarizatua, literarioa. Nik, adibidez, nire bizitza pribatuan, nire alabarekin, gaskoieraz hitz egiten duten nire adiskideekin, nire dialektoa erabiltzen dut. Gaskoiera horri, gaskoiera beltza deitzen zaio. Landeetako kostaldean mintzatua da, Miarritzeraino. Gipuzkoan ere mintzatua izan zen, Pasaian edo Donostian adibidez, XIX. mendera arte. Baina idazten dudanean, gaskoiera estandarizatua erabiltzen dut.

Historikoki ere gauzak oso garbiak dira. Garona, itsasoa eta Pirinioen artean kokatua dagoen herria beti izan zen Garonako beste aldetik dauden herriengandik bereiztua, antzina Keltoengandik eta gaur egun Okzitaniarrengandik. Garona beti izan baitzen oso muga hertsia. Antzinarotik Aro Garaikideraino, historialari guztiek azpimarratu ohi zuten desberdintasun hori eta Erdi Aroko koblakaririk ospetsuenek ere bazekiten Gaskoinian mintzatzen zen hizkuntza bestelakoa zela. Erromatarren Akitania eta Novempopulania, Gaskoiniako Dukerria, benetan existitu ziren eta oso lurralde ezagunak dira, Historia osoan zehar aipaturikoak. Berriz, okzitanistak saltzen ari diren Okzitania hori ez da behin ere existitu eta askotan ikusten dituzuen mapa horiek, ia Hego Frantzia guztia Okzitania bataiatzen dutenak, faltsuak dira guztiz. Beti ezabatzen eta ukatzen dute Gaskoinia izena eta bere mapa eder haietan, ez dago batere Gaskoiniarik agertzen. Herri baten izena ezabatzean, hiltzen da herri hori.

Mugimendu okzitanista, XX. mendekoa da eta indarra hartu zuen II. munduko gerra ondoren. Bere bazkideen arabera, hizkuntza bakarra dago hego Frantzian eta hizkuntza hori da okzitaniera. Haien ustez, gaskoiera ez da batere hizkuntza bat, okzitanieraren dialektoa baizik. Nahiz eta ez esan publikoki, gaskoiera ezabatu nahi lukete eta bere estandar propioa ezarri nahi lukete. Zoritxarrez, gero eta gehiago ikusten da eta gero eta ozenkiago aldarrikatzen dute, arretaz etzun baduzue. Arazoa da, gero eta gaskoi gehiagok ez dutela horrelako gauzarik onartzen eta elkarteak antolatzen dituzte borrokatzeko. Nahi baduzue, emango dizkizuet helbide elektroniko interesgarri batzuk.

Pentsatzen dut gauza hori Baskoi, euskaldun eta Naffar guztien arazoa dela, zeren okzitanista horiek imperialista hutsak baitira eta hego jakobinoak dira guztiz. Oso ondo ikasi baitute beren maisu frantsesengandik.

Gaskoi herria, Vasconia citerior zelakoa, kulturalki, historikoki eta baita linguistikoki ere, mundu basko-akitanoaren partaidea da. Noski bere hizkuntza, esan bezala, okzitano-erromaniko taldean dago baina hain euskal sustrai sakonekin eta hain nortasun sintaktiko, gramatikal, aditzezko eta lexikal bereziekin, non ezin baita inola ere esan ezen okzitanieraren dialekto arrunta dela. Bestela, eta logikoa izateko, esan beharko litzateke katalana ere okzitanieraren dialekto arrunta dela eta Katalanak hego-Okzitaniarrak direla. Okzitanista askok horrelako gauzak pentsatzen dituzte baina ez dira publikoki eta ozenki esatera ausartzen. Haien artean, ez dute inolako zalantzarik. Oso ongi badakit, zeren aspalditik ezagutzen baititut. Ziur nago Katalan guztiek ez dutela batere pentsatzen Okzitaniarrak direla edo bere hizkuntza, katalana, okzitanieraren dialektoa denik, nahiz eta aipatu dudan hurbiltasun linguistiko hori existitzen den. Ez dut uste halaber gure Kataluniako lagunek bere hizkuntza ofiziala okzitaniera estandarizatua izan dadila onartuko luketenik. 1930eko hamarkadan erabaki baitzuten katalana hizkuntza independentea zela eta ez okzitanieraren dialekto arrunta. Zoritxarrez, Katalan batzuk, elkartasun batzuen bitartez, sustatzen dituzte okzitanista horiek eta, Katalunian, aldarrikatu dute okzitaniera estandarizatua dela hizkuntza ofiziala. Jakin ezazue gure Aran haraneko anaiak arriskuan daudela! Guk, gure nortasun nazional jakina daukagun Gaskoiek, ukatzen dugu ideologia hori.

Okzitanistek, Katalanekin egitera ausartzen ez direna, inolako lotsarik gabe gurekin egiten dute. Ezarri nahi ligukete Okzitaniarrak izan gaitezela, hizkuntza okzitaniarra, Languedoc-eko okzitanieraz oinarritua, hitz egin dezagula eta, gaur egunean, etengabe horretarako lan egiten ari dira. Guretzat Gaskoiak, iparraldeko Baskoiak, Baskoi erromanizatuak alegia, gure nazio baskoi hori ukatua izan dadila ezinezkoa da. Ezinezkoa da horrelako gauza onar dezagula.

Zoritxarrez, Euskal Herrian ere laguntzaileak dauzkate okzitanistak. Abertzale batzuk haiekin batera dabiltzalako. Baina abertzale horiek ba al dakite beren lagun okzitanistek anexionatu nahi lituzketela Euskal Herriko zati batzuk ? Baiona adibidez. Baionan okzitaniera mintzatzen dela esanez. Ez, Baionan ez da okzitaniera mintzatzen, gaskoiera baizik, eta gero eta euskara gehiago, zorionez, Erdi Aroan bezala. Baiona ez da Okzitania, Baiona Euskal Herria da, Baiona Baskonia da eta kito! Frogaz, emango dizuet beste helbide bat, okitanistei dagokionez diodana ez dela gezurra adierazteko.

Gehitu nahi nuke Gaskoinia izan zela, Erdi Aro osoan, ia herri independentea. Gaskoiniako Dukerria izan zen Euskaldunen beste seaska, Euskaldunen lehen seaska esan behar da. Gure sustrairik sakonenak Gaskoinian daude. Ia Ipar Euskal Herri osoa Gaskoiniako dukerrian kokatua zegoen, Donostiaraino eta, lehen, gaurko Iparraldeko Euskal Herri hori guztia, Akitanian eta Novempopulanian zegoen. Lapurdi, Baxe Nabarra eta Xiberoa Akitaniarrez jendeztatua zen, argi eta garbi. Tarbellak eta Sibillatak Akitaniar direlako. Gaskoiniako dukeak, euskaldunak ziren, maiz, eta gaskoiera, Federico Krutwig-en arabera, ez da inoiz hizkuntza desnazionalitzailea izan, gaztelania eta, batez ere, frantsesa izan diren bezala. Gaskoiera izan da Euskaldunen yiddisha. Abertzale batzuk, okzitanistak laguntzen dituztenak adibidez, gure nazioa traizionatzen ari dira eta, zoritxarrez, sasi nafartzale batzuk ere bai. Pena ematen dit. Zazpiak Bat da historialari espainiol eta frantsesek asmaturiko kontzeptua, kontzeptu folkloriko eta koloniala. Abertzale gehiegik eta, zoritxarrez, sasi nafartzale batzuk ere, horrelako gezurra sinesten dute eta pena ematen dit. Gure lurralde nazionala, Zazpiak Bat-era murriztea, oso mozketa edo anputazio kaltegarria da. Gure historia nazionalarentzako oso ukatze larria da. Federico Krutwig-ek « estrechez mental » zela zioen. Nik esango nuke gure nazioaren aurkako krimena dela.

Esan bezala Akitania, Novempopulania, Baskonia, Gaskoinia, bi mila urteko Historia du, Antzinarotik Aro Garaikidera. Okzitania da fantasma-político hutsa, ia ex nihilo egindako asmakeria da.

Guk Gaskoiak, Baskoniako, hau da euskal naziokideak gara eta ez dugu okzitaniarren imperialismoa sekulan ere onartuko. Bere Okzitania eraiki nahi badute, eraiki dezatela baina behin betikoz utzi gaitzatela bakean!

GORA BASKONIA ! GORA EUSKAL HERRIA ! GORA NAFARROA!

Filipe Arteaga. Baskoia naiz eta harro nago!