Urtarrilak hamaseiak zuen lehena ekarri,
Xiberoko bortüak ziren elurrez jantzirik,
Sohütako karriketan jendea eta arizaleak han-emenka,
hotza denon gorputz-bihotzetan.
Xirulariak eta tabalariak ziren mugitu,
gibeletik aitzindariak eta beltzeria,
denon atzetik herritarrak eta hurbildutakoak,
maskaradaren poza guztion bihotz-bisaietan.
Badoaz aitzina karrikatik barrena,
bada lehen barrikada-haustearen tenorea,
ohiko dantzek ixiltasuna dute betetzen,
gero bertsoek dute segida hartzen
eta amaitzeko jan-edariek dituzte
gorputz-bihotzak berotzen.
Betiko usaia, betiko ohitura,
erritual zahar-zaharra,
zazpi aldiz beteko den errituala,
zazpi barrikada-hauste,
bertso eta dantza, bertze hainbertze,
kantuak eta zurrutak,
adiskide zaharren arteko agurrak,
adiskide berriak egiteko solasak.
Lehen hotz zena orain bero da,
ixilik zegoena hizketan hasi da,
gose zena asetzen hasia,
eta lehen triste zebilena orain alai eta kantari.
Goizeko maskarada finitu da,
bazkaltzeko tenorea iritsi da,
jadanik inor ez da gose,
kantuak loratzen dira aise.
pausa ontsa dator halere.
Hiru t´erdietan sartzen dira arrabotira,
jendeak ezker-eskuin dira jarrita,
gatüzainak trebe astintzen du gatüa,
zamalzain biak airoski dira dantzan.
Bühaminek eta kaüterek egiten dute buila,
herots, zarata eta txalaparta,
erokeriatan dabiltza Pitxu eta Kabana,
serioski ari dira marixalak eta kantiniersak,
bandera goxoki du dantzatzen entseinari beltzak.
Hiru orenez arituko dira betiko usadioa errepika,
dantzak, kantoreak eta bertsetak,
gorriak, beltzak, bedezia eta artzainak.
Bukaeran Pitxu hil zaigu,
maskarada ari da urrentzen.
Ihautearen legea da zikloa ixtea,
hau da, heriotza ekartzea
eta ondoren berriz ere piztea.
Eta orain Pitxu piztu zaigu,
bedeziek dute itzarri eta esnatu,
hilda zena dugu arrapiztu,
dena da orain poza eta txistu.
Azken kantoria dugu entzun,
moñeinak eta aintzina-pika plazaz dira nagusitu,
hor dabiltza zaharrak eta gazteak
betiko urratsei zaizkie atxiki eta lotu,
sinple eta doble, pika eta biga,
ützül eta hiru eta aintzina-pika.
Xiberotarrak dantzari onak dira,
sortuz geroztik urratsetan haziak,
horretan aritzen dira zahar eta gazteak,
Basabürü, Arbailako zein Pettarrakoak.
Gero gerokoak, solasak eta kantuak,
zurrutak eta agurrak.
Iragan da lehen maskarada,
sohütarrek Sohütan egina,
nagusi izan dira neskatilak,
dantzarisa eta eta bühaminak.
Xibero zaharrean gauzak aldatzen ari dira,
pastoral-maskaradetan, biba neskatilak!
oroituko ditugu geroan
nesken trebezia eta gogoa,
beharra izan deneko zuloa
ongi betetzen jakin duten arizale abilak.
You must be logged in to post a comment.