Aylan, zeinen ederra izan zen zu ezagutzea, artean nerabe mukizuak ginela! Ederra izan zen, bai, zutaz maitemintzea lehenengo begiratuan, Damasko hiri bazterreko auzo txiki hartan. Zoragarria izan zen halaber, zure aurrean ihes egitea, udako festa alai hartan, bihotzak aldi berean agintzen zidanean poliki joateko, zuk lehenbailehen harrapa nintzazun. Eta zoragarriagoa izan zen oraindik zurekin izandako lehenengo ukipen hura; dardara bat sentitu nuen gorputz osoan. Soin guztia martxan jarri zidan elektrizitate moduko zerbait izan zen. Handik gutxira, ezkutuko txoko sekretu batean, elkarri lehen musu bero, sutsu eta bustia eman genionean, bioi atera zitzaigun malko ezti bana geure begi tolesgabeetatik, zoriontasunaren zoriontasunez. Orduan bertan, ilargiaren argitasunaren pean, zin egin genion elkarri beti biziko ginela batuta, elkarrekin; deusek ere ez gintuela banatuko bizi artean.
Geroxeago, emozio eta lilura handiarekin etorri zen planak egitea: non biziko ginen, zenbat haur ekarriko genituen mundu honetara, nola hazi eta heziko genituen, nondik aterako genuen bizimodua, eta abar. Garai lasai, gozo eta zoriontsuak izan ziren hasierako haiek. Begirada sutsu bat nahiko genuen elkarri geure maitasuna adierazteko; keinu xume bat aski zen elkar ulertzeko… Eta egoera atsegin hartan iritsi zen gure lehendabiziko mutikotea. Zerorren izen berbera jartzea erabaki genuen: Aylan! Oso ongi ematen baitzien gure belarriei hots esanahitsu hark. Zerorri bezala, mutil eder, galant, txeratsu eta maitagarria izanen zen. Pixkanaka-pixkanaka zerorren antz handia ari zen hartzen. Gustura bizi ginen hirurok geure jauregitxo apal hartan, harik eta egun madarikatu batean gerra ankerrak eztanda egin zuen arte. Bat-batean, egoera zeharo aldatu zen: airea bihurtu zen arnastu ezin, ura edanezin, eguzkia ilundu egin zen, auzoan ezin zen lasai bizi. Hildakoak eta zaurituak nonahi, eskolak suntsituak, ospitaleak birrinduak, mina eta sufrimendua edonon, lanik ez, etxebizitzak hondakin bihurtuak, bizirik irauteko itxaropen murritza. Hasieran erresistitzea erabaki genuen, Aylan, ez genuen handik mugitu nahi, ez geneukan geure etxetik alde egiteko asmorik, ez zen gure gogoa han uztea gauza guztiak, ez eta ere hainbeste maite genituen pertsona kutun oro, baina ez genuen beste aterabiderik izan. Hura infernu huts, izu-laborri, laztura eta oinaze jasanezina bihurtu zen.
Horregatik, hamaika aldiz hausnartu, eta, aldeko eta aurkako arrazoiak baloratu ondoren, egun goibel eta zorigaiztoko batean dena alde batera utzi eta partitzera bortxatu ginen. Maleta eta poltsa txiki bana hartuta, hirurok abiatu ginen betilun eta burumakur. Itsasontzi ñimiño, kaskar eta zahar batean egundoko jendetza sartu ginen, Mediterraneo itsasoa zeharkatzeko asmoz, sardinak latan bezalaxe. Jomuga, Europa. Helburua, gudatik ihes egin eta bizimodu duina lortzea. Horiek gure nahi eta amets behartuak. Baina, halako batean, Mediterraneo erdian, itsasoa zakartu, olatuak erraldoi bihurtu eta dena izan zen anabasa hutsa. Txalupa irauli eta elkarri azken agurra esateko denborarik ere izan gabe, han geunden pertsona guztiak hasi ginen sakabanatzen. Guk behintzat ez genekien igerian. Ohartu orduko, denak barreiatu eta bakartuta gelditu ginen. Hangoak oihu, garrasi eta deiadarrak! Haiek etsipen, izu-ikara, triskantza eta bihozminak! Ni norbaitek salbatu ninduen. Aylan semetxoa, Europako hondartza batean ateratako argazki batean ikusi nuen azkeneko aldiz, itota, bere aingerutxo aurpegiarekin. Bestalde, hau ez da batere harritzekoa, izan ere, argazki hark mundu osoari itzulia eman baitzion egun bakar batean. Eta zu, Aylan, aita eta senar ona, nire begietako ninia, nire arima altxagarria, mundu honetan ez zaitut berriz ere sekula santan ikusiko, begiak itxi ezean. Orain erabateko bakardade eta hutsunea sumatzen dut nire baitan, zu gabe, zuek gabe, hemen, Europa hotz eta gizatasunik gabeko honetan. Nola kontsolatu? Non aurkituko ditut babes, aterpe eta beroa? Nork maitatuko nau? Nor maitatuko dut? Nor izanen da nire ohekidea hemendik aurrera? Nork beteko du zure espazio mugagabea? Ordezkaezina zara.
Baina, gure herritik erauzi eta bota gintuen gerra ez da errugabea eta arrazoigabea, Aylan, ez, gudak beti egiten dira nahita, bakarren batzuek asko irabazteko eta gehienek dena galtzeko. Gaurdanik, begiak ixtean, biok ikusiko zaituztet beti itsasoko ur garden urdinetan, igerian eta hegaka, begietan malko mikatz eta garratzak ditudan bitartean. Ez zarete alferrik hil. Musu maitekor bana. Beti arte kutunak!