Behin egin dinat, joan den astean. Behin bakarrik, behin baino ez, joan den astean. Ordu arte, beti ongi. Neholako arazorik gabe, amattok sei hilabeterekin xatarra kenduz geroztik beti ongi egin dinat. Adina aitzina zoan, bazekinat, baina eutsi egiten zionat. Halakoak jarri aitzin nolabaiteko estatistika egin beharko ziketenan. Behin egiteagatik sobera dun betiko maiola ezarri nahi izaitea. Aski diten. Pixari ongi eusten zionat, baita maiz erizainei muturrean puzker bat botatzeko gogoari. Joan den astean, ordea, ezin eutsi izan nionan eta komunerat iritsi baino lehen gainean egin ninan. Behin. Soilik. Behin. Laurogei urtez ongi egin dinat eta behin, eta soilik behin, huts egin dudalako maiola paratu zidaten. Ez dun zuzena, ez horixe!
Prest egon behar dinat, Marta sarri heldu dun eta lehenbailehen ateratzen bagara areto nagusiari buruz, hobe. Marta gaixoak bere burua ikusiko balu egoera horretan, ai ene, etxetik atera aurretik ia bi oren emaiten zitinan nahi bezain txairo joaiteko. Ez zinan fitsik ere uzten errepasatu gabe, behin oren erdia eman zinan etxean soineko petrala konpontzen alde batetik haren, eta soilik haren, ustez laburrago zegoelako. Hura tema! Ez zegonan asmoz aldaraziko zuenik. Oren erdia petrala egokitzen. Kontu guztiekin berdintsu jokatu din, beti. Hagitz artatsu izan zunan burua ia arras galdu zuen arte. Geroztik haren obsesio guztiak handitu baizik ez ditun egin. Lehen gogoko ez zituen leku hertsi eta txipiek orain zeharo itotzen diten, ezin egon daiteken denbora luzez halako tokietan.
Nire gela harena baino txipiagoa dun. Paretak gainera erori behar zaizkion uste din, ez zezaken arnasarik har, ez berak nahiko lukeen bezala. Behin eta berriz neurtzen din pareten artekoa, behin metro eta guzti ekarri zinan. Horregatik ahalik eta lasterren joaitea onena.
Gaur hileko hondar ortzeguna dun eta, beti bezala, egun horretan kontzertua dinagu. Hiru musikari etortzen ohi ditun hileko hondar ortzegun arratsa alaitzerat. Batzuetan laugarren bat ere etorri dun. Egiten duten musika hagitz xumea dun, baina, aldi berean, ederki harmonizatua eta gustu handiz joa, txoil era leunean. Egia erran ez din zerikusirik guk egiten genuenarekin. Ezin aldera daitezken hauek egiten dituzten herri doinuak guk egiten genituen obrekin. Baina daukaten guztia jartzen diten abesti bakoitzean eta hori beti eskertzekoa dun.
Nik aspaldian utzi behar izan ninan arrabita. Dardara madarikatu honek izorratu zidanan dena, ederki izorratu ere! Duela sei urte jo ninan hondarrekoz, Martarekin baterat, hain xuxen, hemengo lagun baten urtebetetze jaian. Martari halako piano elektriko moduko zerbait ekarri ziotenan (aisa txikiagoa, egia erran). Sekulako amorrua eman zionan hain musika-tresna txikian jo behar izanak, Marta izugarrizko kontzertista izan baitzen. Bartoken errepertorioa hobekien jotzen duen europarra, aditu gehienen ustez. Gogoan dinat behin, biok Valentziako kontserbatorioan irakasle ginelarik, Moskuraino joan ginela kontzertu bat aditzerat, garai haietan, Mosku hitza bera ere debekaturik zegoenean. Ez zekinat nola, baina lortu zitinan, lortu, hango kontserbatorioan eman behar zuten kontzerturako txartelak. Han egon gintunan, hainbertze miresten zuen SviatoslavRichter piano joile ospetsua ikusten. Kontzertua bukatu zuelarik, garai hartako sobietarren seguritate zurruna gainditurik, harenganaino hurbildu eta jo berria zuen Bartoken hamabortz herri kanta hungariarretariko bat jo zionan artistaren begiak zabal-zabalik utziz.
Hori aspaldian izan zunan, gaur egun ez hark ez nik joko geniken ezer onik. Ene bada, urteak iragan baitira! Orain hemen gaitizten, seme-alabek ezin artatu baikaituzte nahi eta behar bezain ongi. Hauxe dun hemengoen egoera, etxekoek zaintzen ahal ez, eta nonbait aparkatu behar dinagu. Hemen gauden, aparkaturik, bizitzaren azken txanpan, erlojuari begira eguneko erritualak burutzeko: otamena, dutxa, bazkaria, biagoa, telebista, askaritxoa eta afaria.
Halaxe emaiten ditinagu egun gehienak, noizbait halako zerbait gertatzen dun, gaur, adibidez, txistulariak etorriko zaizkiguk. Jubilatu bat, gurpildun aulkian jotzen duen birtuosoa (hiruretan trebeena, eskolatua dun, doike!) eta gizon potolo bat gitarra batekin. Valentziako irakasle nintzelarik beharbada ez niekenan azterketarik gaindituko, ez goiko mailakorik behinik behin, baina urteek ez baitute barkatzen, gaur egun arras estimatzen ditinat harmonia xumedun herri doinuak, ez ditun Bartoken mailakoak, ezta hurrik eman ere, baina gogoz joz gero eder ditun.
Prest gauden, Marta gaixoa aspaldian zegon gurpildun aulkian, haren zangoak ez ditun gauza berrogei kilo exkaxeko gorputzari eusteko. Erizaina sartu eta bultzatzen hasi dun. Ni gibelean joan natzaien, aldameneko gelako kideak oparitu zidan txanka baliatzen dinat ez erotzeko.
Hasi dun zaharron desfilea. Areto nagusiari buruz goazan lekurik onena harrapatzeko asmoz. Arrantzan ibili behar dinagu oraino ibiltzeko gai garenok lehen lerroa aulkientzat izanik, arriskua baitago leku onik gabe geratzeko. Joan den hilean komunean harrapatu nindinan kontzertu hasierak eta hondar ilaran jarri behar izan ninan. Hura hutsa.
Gaurkoan Martaren ondo-ondoan jartzea erdietsi dinat, haren atzean, baina aldamenean. Musikariak sartu ditun, zaharrok ere kokaturik gauden. Hura iduria!
Hiru musikarietan zaharrena solasean hasi dun, gizon hau,mintzatzeko modua ikusirik, mitinetan ibilia dela emaiten din. Ozen, garbi, esaldiak ongi errepikatuz, denok ongi aditzeko moduan (gehienok gor xamar gauden, pentsa nola eskertzen dugun haren lana). Jo behar duten doinua azaltzen din bere txistu handiari (silbotea izena din, oker ez banaiz) putz egiten hasi baino lehen. Batzuetan azalpen xumeak egiten ditin, bertzeetan, aldiz, sekulakoak, behin ia bortz minutu eman zitinan Guridi handiaren aire bat azaltzen. Guridi maite dinat, handia izan zunan, zinez handia, baina silbote joilearen azalpenak aireak berak baino gehiago iraun zinan.
Hasi diten lehen airea. Jendea ez dun ohartu ere egin. Batzuek ezin diten, horixe egia, higikortasuna ez ezik, burua ere galdu zutelako. Hortxe zegon, adibidez, uitziarra, duela bi aste arte bere herriko kontu guztiak kontrolatzen zituen baso mutil. Duela bi aste, aldiz, ingresatu behar izan zitenan eta geroztik ez dun lehengo bera. Jadanik ez zidan kontatuko zeinen gazta onak egiten dituzten Juan Kurutzen etxekoek, edota Ramon izeneko baten behorren itxura ederra. Nola nabaritzen ditudan haren buru baserritarraren hutsunea eta harekiko solas-jolasak beti zeharo kalekumea izan naizen honek!
Musikariak lanean ari ditun, hagitz doinu xumea izanagatik gurpildun aulkidunak halako aldaerak sartu ditin hainbat unetan. Gitarrak ederki lagundurik harmonizazio bitxia erdietsi diten berez dantzatzeko den airean.
Pieza amaitu diten, soilik neuronak bizirik dauzkagunok egin dinagu txalo. Martak hagitz esku zarta ederrak egin ditin. Musika gogoko din eta aspaldian zuen zurruntasun musikal maila franko polliki apalduz joan zitzaionetik aski din erritmoa ongi eramaiten duten musikariekin, ez din, aspaldian bezala, zorroztasunez eskatzen neholako birtuosismorik.
Kontzertua aitzina zoan, musikariek, horixe egia, eskaintza zabala ekarri ziguten oraingoan: dantzakiak, kontzerturakoak eta, hau bai ongi onartua, Sanferminetako doinu alaiak. Jendea bizitu dun, poztu, batzuk beren aulkietan dantzan hasi behar dutela emaiten din. Uitziarrari ere aurpegian halako irria nabaritu zaion, gixagaixua, zeinen gizon alaia zen duela bi aste arte.
Silbotariak hondar abestia iragarri din, Sanferminetakoa hau ere. Gaintzarena erran duen uste dinat. Hasi ditun, oraingoan potoloak hain eztiki jotzen zuen gitarra utzi eta danbor bat hartu din. Indarra eman nahi zion doinuari, doike. Jendeak ezagutzen omen din musika hau. Nik, aldiz, ez. Bizitzaren erdia Valentzia aldean eman izanak halakoak ditin, hemengo kontuak ikaskizun ditinat. Musika alaia dun, erraxa, baina, berriz ere aitortu behar dinat, ongi harmonizatua. Jendea txaloka hasi dun. Marta hor ari dun bere eskuin erakusleak zuzendariarena egiten, ederki zeutson erritmoari, hori ez din galdu, ez horixe, musikari hil artio. Ostias, zeinen piano joile bikaina zen gure Marta, horrela bukatzea ez zinan merezi, lehen munduko hamar esku-behatzik lasterrenetarikoak zeuzkanan, orain nekez zuzen zezaken hiru musikaridun orkestrañoa.Batzuetan, gaixua, Bartzelonan Mussorgskyren “Erakusketarako Irudiak” jo ondoren eskaini zizkioten txalo zartada gaitza gogoratzen zaion. Kontatzen ere din zenbat denbora eman zuen Kieveko Ate Nagusia doinua arras ongi jotzen ikasi arte.
Hor segitzen din, eta jendeak ere. Gehienak txalo jotzen hasi ditun, “okertuko ditun, lastertu edo motteldu, baina okertu eginen ditun, beti okertzen ditun” neronen buruarekin ari naun. Ezin eska dakioken jendeari kontserbatorioko karrera burutu behar izaitea, ulertzen dinat, baina txaloka hasiz gero, erritmoari eutsi, kontxo! bertzenaz dena gaizki atera daiteken eta anitzetan musikariak berak ere tronparaz zitzaketen neurriz kanpoko esku zartek. Musikarien irriak ederki salatzen din neurria galtzear daudela. Marta haserretu egin dun
-Errimoari eutsi, e-rrit-mo-a-rieu-tsi, txoder!—koleraturik oihu egin din.
Gibeleko txokoan zegoen erizainak begirada bota zion Martari, erdal hotsa ez din gogoko. Gure pianistak segitu din konpas erakusten, konpas erakusten so egiten ez dion ikasleriari, horixe egia. Txaloen erritmoa eta musikariena arras bateraezinak ditun, jendea pozik zebilen, baina txoil galdurik. Marta gero eta haserreago zegon
-Baina, baina, eutsiko al diozue erritmoari?! Ez da hain zaila, bat eta bi, bat eta bi, baaaaaat eta biiiiii—hau dioeino besoa ahal duen guztia goititzen eta beheititzen din musika nola doan argi eta garbi erakusteko.
Erizainak hurbildu harenganaino eta zerbait xuxurlatu zion belarriaren parean, horrela ez zion entzunen, ziur naun. Berriz txokorat joan dun. Martaren ondoko atso batek oihu egin zion Martari
-Ixilduko al zara, txoro hori?
Martak jaramonik ez, bereari zeutson. Musikariak behin eta berriz errepikatzen ari ditun herri doinua. Gaintzarena. Doinu alaia, nehondik ere, baina giroa nahasten ari dena. Martak aulkitik jaikitzeko ahaleginak egin ditin, ez din lortu ordea. Aulkia musikariei bizkar eginda eta jendeari begira jartzea erdietsi din. Hor segitzen din belarri exkaxekoei erritmoa erakutsi nahiz
-Hagitz erraxa da, goiti eta beheiti, goian txalo bat eta behean bertze bat. Segi, segi. Goiti, txaloa; beheiti, txaloa.
Lehengo atso bera zaion oldartu Martari
-Ixilduko al zara, txoro puta hori?
Erizaina berriz Martaren baitaraino hurbildu eta usainka bezala hasi dun
-Marta, gainean egin duzu? Gelarat eraman beharko zaitut, garbitzerat, hemen ez zaitezke egon kakazturik—ozen eta garbi erran din, orok entzuteko gisan.
Bizkitartean atsoak bere horretan ziraun
-Txoroa, puta eta kakatia, oraintxeixilduko zara, alajainkoa!
-Puta?—ezin izan zionat gogoari eutsi—puta diozu? Puta zu, eta zurekin baterat negozio gizonekin ibiltzen ziren guztiak. Zer ez zenuen eginen pezeta miserable batzuk lortzeko! Puta zu! Puta zu! Zu eta zure adiskide guztiak!
Txanka aldamenetik hartu eta bildu dudan indar guztiaz buruan eman zionat, min emaiteko asmoz, jator aitortuko dinat, ahalik eta minik handiena emaiteko asmoz. Orain atsoa ez zegon hain alai eta hain haserre, orain izuak jota zegon, begietan nabaritu zionat, nire hurrengotxankakadaren zain balego bezala burua bere esku zimurdunez estaltzerat bermatzen ari dun.
-Barkatu, barkatu, ez nuen puta deitu nahi. Badakit pianista ona izan zela.
-Zuk—haserreerantzun zionat ostia bat emaiteko keinua egiten dudaino—zuk? Zer arraio dakizu zuk, hankarteetan sartzen baino ez! Puta!
Erizain saldoa etorri zaigun, ejertzito osoa. Musikariek aho bete hortz segitzen diten eszena danteskoa:batzuk txaloka, erizainak zaharrik mottelenak gelaratzen, atso zaharra ohi baino are makurrago eskuez burua estaltzen duen bitarte beldurgarrian, nik txanka eskuan harturik hurrengo ostia non emanen diodan aztertzen…
Gelarat ekarri naiten, txistu handian jo duena agurtzerat etorri zaidan, ohi bezala. Baina banagon gaurkoan ez ote duen erizainek botako didaten sermoia eztitu nahi han segitu baitu ohiko agurrak egin ondotik.
-Elbira—erizainetan den latzena etorri zaidan—ederra egin duzu! Nolatan egin dezakezu halakorik! Sei punttu eman behar izan dizkiote Laurari!
-Puta horrek zeinen zorte ona duen, soilik sei punttu?—hobe erantzun ez banu, honek ez baitu zigorra gogortu baizik eginen.
-Zeure horretan segitzen duzu? Zigorra jarriko dizugu, hemendik aurrera, zuzendaritzatik jakinarazi arte, ez duzu Marta ikusiko!
-Baina, gaixua galduko da ni gabe. Neronek hitz egiten diot eztien, neronek eskuak ferekatzen, neronek lehengo kontuez aritzen lokartzen den arte. Nola moldatuko da?—Sreek pelikulan ikusi nuen katuaren begirada imitatzen saiatu naun. Erizainak, aitzitik, bere horretan ziraun, tinko baino tinkoago.
-Egia erran bertzea hasi da irainka—tartean sartu dun silbotariburuzuria—oso hitz gogorrak erran dizkio. Nire adiskidea izan balitz ni neu ere haserretuko nintzatekeen eta, nork daki, agian ostiaka ere hasiko.
Lipar batez musikariari begira geratu naun, gero erizainari, honek etsi egin din
-Zuzendari anderearekin mintzatuko naiz, ea hark zer dioen.
Erizaina joan egin dun, gelan txistularia eta biok geratu gaitun
-Esker mila! Ez ditut batere ongi hartzen Martaren kontrako iritzi gaiztoak!
-Ea orain zer suertatzen den—ihardetsi zidan musikariak—gogoratu heldu den hilabetean berriz joko dugula, ea orduko kontuok lasaitzen diren.
-Edo atso zaharra eramaiten—erantzun zionat irri maltzurrez—nehork ez din jasaiten.
Musikaria bere kideekin elkartzerat joan dun, ni gelan geratu naun egunkari hau idazten. Bitan errepasatu dinat gaurko kronika. Uste dinat dena dagoen. Burua galduko dinat eta argien mundutik joanen naun, bazekinat, baina bitartean kronikak idazten segitzen dinat, bizi nizano mundian.