Kepa Ezeolatza lagunak eskatu dit idazteko artikulu luzetxo bat kulturari buruz, oro har, ez euskal kulturari buruz, ez, baizik eta esan dudan bezalaxe, kulturaren gainean bere zabaltasunean, zer den, zer ez den, kultura eta historia, kultura eta herria, kultura eta politika, kultura eta diglosia, eta abar. Gaia zaila, zabala eta arriskutsua iruditzen zait, baina onartu nion eta, hortaz, saiatu beharko dut zer edo zer funtsezko esaten. Hasteko, euskarazko Wikipedian begiratu dut ikusteko zer definizio jarri dioten kultura hitzari eta honako hauxe topatu dut: kultura, oro har, gizarte edo gizatalde baten ezaugarri diren berezitasun espiritual, material, intelektual eta afektiboak dira. Arteaz gain, honen barnean dira bizimodua, oinarrizko eskubideak, balio sistemak, ohiturak eta sinesmenak. Horrela, kulturak hiru atal nagusi ditu: artea, hizkuntza eta teknika.
Uste dut, hasteko, nahikoa izan litekeela definizio hau, alegia, balio lezakeela. Argi eta garbi dagoen bezala, munduan milaka hizkuntza, milaka arte mota eta milaka teknika klase ezberdin daude barreiatuta; beraz, milaka kultura. Edota, batez ere, egon dira munduan zehar bere luze-zabalean. Hauxe diot, zeren eta, zoritxarrez, bai baitakigu oso sarritan ari direla hizkuntza batzuk, zenbait arte eta teknika desagertzen, eta ez, gainera, hargatik, baizik eta inposizioaren bidez.
Nire ustea da, hizkuntza bakoitza, arte bakoitza eta teknika bakoitza egundoko aberastasuna dela gizateria osoarentzat. Bakoitza bere atal, adar eta sail guztiekin. Horregatik ni konbentzituta nago, munduko kultura guztiak eta bakoitza, ez soilik gorde eta babestu behar direla, baizik eta bultzatu, indartu eta garatu ahalik eta gehien, mundu hau, gizateria hau, ahalik eta aberatsena eta hoberena lor dezagun. Era berean, pentsatzen dut, munduko edozein bazterretako hizkuntza, teknika edo arteren bat galtzen edo hiltzen denean, horrek berebiziko galera dakarrela mundu osoko kultura, gizateria eta jendearentzat. Galdu eta hil ondoren, oso zaila izanen da berriz ere berreskuratzea, egunen batean norbaitek nahiko balu ere; oso zaila jarri dut, ezinezkoa ez esateagatik.
Globalizazio, berdintze eta mundializazio garai honetan, badago jende asko –horien artean gure anaia bat- pentsatzen dutenak, konparaziora, munduko hizkuntza gehienek desagertu beharko luketela, alegia, kontu praktiko batengatik, mundu osoko jende guztiak elkar hobeki ulertzeko, hau da, nahiko izanen omen lirateke ingelesa eta beste bospasei hizkuntza handi, boteretsu, inperial, agintzaile, kolonial, jendetsu, eta abar, elkar ongi ulertzeko. Pertsona horien teoriaren arabera, aski izanen omen litzateke, gainerako hizkuntza (arte, teknika, ohitura eta kultura) guztiak hiltzen uztea, hots, heriotza gozoa, atsegina, min eta oinazerik gabekoa, lasaia, baina etengabekoa, hau da, bultzatu, lagundu, indartu, babestu eta ez garatzeagatik, itota akabatzea. Zoritxarrez, gainera, denon ezaguna da, historian zehar, sarritan egin dela horixe bera, baina indarkeriaren bitartez, inperioekin, diktadurekin, faxismoarekin, nazismoarekin, gerrekin, konkistekin, kolonizazioekin eta abar. Gaur egun, eta gezurra balirudi ere, zorigaitzez, Lur planetako lurralde eta eskualde askotan gertatzen ari da gauza nardagarri berbera egunero-egunero, eta hainbeste maite dugun gure Euskal Herri hau ere, tamalez, ez da salbuespena, bestela galde diezaietela Euskal Autonomia Erkidegoko milaka biztanleri, eta zeresanik ez, Iparraldeko askori eta Nafarroako ugariri.
Ez, ni ez naiz batere ados jende horren pentsamoldearekin. Iritzi kontrajarriak ditugu. Nire ustez, jokamolde hori guztiz antidemokratikoa eta larderiatsua izateaz gain, arrunt kaltegarria da gizarteentzat, horren bidez kulturak, oro har, galtzen ateratzen baitira, ñabardura asko galtzen dira, horrek pobrezia eta txirotasun zabala dakartza, eta giza eskasia nagusitzen da. Esate baterako, hizkuntza bat galtzen denean –hiltzen uzten dugunean, akabatzen dugunean- berarekin batera desagertzen dira betiko makina bat ipuin, esaera zahar, dialekto, bertso, kopla, ohitura, literatura, abesti, musika, joko, jolas, hitz, hiztegi eta abar, eta abar, eta hori guztia ez da inola ere komenigarria, mesedegarria eta desiragarria gizateria osoarentzat, alderantziz, zeharo kaltegarria da; besterik gabe, kultura oso bat pikutara bidaltzen dugu. Eta beste horrenbeste gertatzen da aldi berean artearekin, teknikarekin, sinesmenekin eta abarrekin.
Zientzian eta teknologian hain aurreratuta, XXI. mendean ongi-ongi sartuta gauden honetan, nik pentsatzen dut, mundu osoko herriak, zibilizazioak eta kulturak elkarlanean aritzea guztiz aberasgarri, mesedegarri eta probetxugarria izanen litzatekeela gizateria osoarentzat: elkarri truke onak egin, elkar osatu, elkar aberastu, elkarri irakatsi, elkarrengana hurbildu, elkarrekin gozatu, elkar maitatu eta abar. Menpekotasunik eta inposiziorik gabe herri handi eta txikien artean, zibilizazio erraldoi eta ñimiñoen artean, kultura nagusi eta xeheen artean. Elkar errespetatuta, askatasunean, bizikidetza egoki eta atseginean.
Bestalde, gorago aipatu dudan guztia ez da ezinezkoa, ez da utopia, ez da ameskeria edota beste galaxia bateko zerbait, ez, nahi izanez gero gauzatu ahal da, egingarria da, lor daiteke, baina, jakina, horretarako beste borondate mota bat behar da, mentalitatea aldatu beharra dago, beste eskuzabaltasun bat ezinbestekoa da. Baikor izan nahi dut, baina aldi berean errealista naiz eta badakit hori lortzea –inoiz lortzen baldin bada, noski- asko eta asko kostatuko dela. Mende ugarik igaro beharko dute oraindik eta jende askoren lan handi eta ona ezinbestekoa izanen da, helburu zail, baina desiragarri hori eskuratzeko.
Jakinaren gainean nago, gaur egun jende askok ez baitu modu berean ulertzen kultura, zer den, zer ez den, kultura eta politika, kultura eta historia, kultura eta herria, kultura eta diglosia eta abar. Gorago azaldu dudan bezala, nire ustez, kultura guztiek mami eta gai asko dute besteei ekartzeko, beren ekarpenak egiteko; bakar bat ere ez dago soberan, denak dira beharrezkoak, guztiak dira ezinbestekoak.
Beraz, hori sinesten dugunok, horren alde ahalegindu beharko dugu, ahal dugun neurrian, jakinda ere jomuga oso urruti dagoela, baina aldi berean oso kitzikagarri eta kilikagarria dela. Gora, ba, munduko kultura guztiak, salbuespenik gabe, baita jadanik desagertu direnak ere!!!