Urte bete du gertatu zela .
Urtebete etxetik alde egin behar izan zuela. Haurrak hartu eta ihes egin. Fite. Pare bat poltsa jantziz bete eta aire !
Gaur goizean jaiki eta gaua lotan igaro duela ohartu da. Besterik gabe. Beldurrik gabe. Noizean behin amets gaiztoren bat oraindik ere gertatu ohi zaio bai, baina gero eta gutxiagotan.
Lo egitea zein den eder. Amestea zein den polit. Eta esnatzea. Egun berriari agur esatea, kezkarik gabe. Beldurrik gabe.
Ate hotsek ez dute jada ikaratzen. Are gehiago, berri onen bat ate joka datorrela burutik pasatu zaio lehengo batean, pentsa !
Bakea. Lasaitasuna. Gehiengo batentzat egunerokotasunaren parte den hori zein den baliosa egunero dastatzen du, eta gauero gozatzen .
Aske egotea hain da zaila. Menpekotasunean erortzea hain erraza. Itsututa bizi izan da hamabost urtean, maite zuen gizonaren menpe. Maitatu zuen gizon hura, mugarik gabe maitatu, bere buruarekiko errespetua ahanzteraino maitatu. Maitatu zituen bere esku gihartsuak. Hasieran, ferekarako erabiltzen baitzituen eskuak, gerria inguratzeko, aurpegia bi eskuen artean hartu eta musua emateko. Esku haiek bere gorputza ezagutzen zuten, plazera nola eman ongi zekiten. Esku indartsuek babesten zuten hastapen hartan.
Baina laster, noiz xuxen ezin erran, esku gozoak gogortu egin ziren, tinkatzen hasi ziren, astintzen, itxi egin ziren, ukabil bihurtu ; eta ferekarako bezain trebe egin ziren kolperako. Laztanetik zartakora, musutik bortxaketara daraman bidea hain da lasterra eta ustekabekoa…
Ez zuen onartu nahi izan. Ez ikusi nahi izan. Begiak itsutu zitzaizkion, kolpetik kolpera, uspelago, hantuago, itxiago, ukaldi haiek begiak ixtera heldu zitzaizkion, huraxe baitzen nahi zuena, ez ikusi, bukatuko zela sinetsi, senarra aldatuko zela, maite zuela,… hori errepikatzen baitzion beti zafraldiaren ondotik, negarrez askotan, barkatzeko, barkamena eskatzen zion, gorputz minberatua inguratu eta maite zuela, maite zuelako gertatu zela, probokatu zuelako …
Eta emakumeak begiak itxi, betaurreko beltzak ezartzen zituen uspelak gordetzeko, itxura mantentzeko, lotsa isilarazteko.
Hamabost urtean lotsa, beldurra eta kulpabilitatea izan zituen bidaide. Gorputzak jasan zituenak gogorrak izan arren, gogorragoa izan zitzaion nortasunaren ezabatze prozesuak sortutako mina .
Jasandakoak merezi zituela sinetsi zuen arte.
Zulo beltzean amiltzen ari zen . Ez zuen aterabiderik ikusten.
Eta hara, unerik ilunenean zegoela, soberazko erasoa gertatu zeneko eguna. Esku gihartsuak alaba gehiena jo nahi izan zuen eguna.
Orduan besoa geldiarazi zion gizonari, begirada hantua koldarraren begietan iltzatu zuen, eta EZ ! oihukatu zuen, ondorioei pentsatu gabe. EZ !! ASKI DA !! oihukatu zuen, eta gizonak harrituta begiratu zion, ez baitzuen halakorik espero, eta esku itxia airean geratu zitzaion, dantzan bezala, noraezean. Eta etxetik atera zen gizona, andrea jo gabe, barneko herra beste nonbait asetzeko asmoz agian…
Urtebete alde egin zuela etxetik emazteak, haurrak hartu eta babesa atzeman zuela bera bezalako emakumeak laguntzen dituen zentro batean.
Urtea behar izan zuen bere burua berriz atzemateko, norbaitengan konfiantza ukaiteko, eta bizitzarekin adiskidetzeko.
« Zorionak » esan dio bere buruari, esnatu denean, eta egun berriari ongi etorria eman dio, alabak besarkatu ditu, eta etxe berriko lasaitasuna estimatu du, goizero bezala. Musika ezarri eta gosaldu dute hiruek, alai, haurrak mintzatu dira, kalapitan hasi dira, beldurrik gabe, eta ikastolarako prestatu dira.
Eta ateari danba emanez joan direnean, emaztea ez da izutu. Lanerako prestatu da, ispiluan bere bisaia ikusi du, eta ez ditu begiak itxi, ez, irribarre egin dio bere irudiari eta « zorionak » ! errepikatu dio ozenki.