Nire haurtzaroko lehen orroitzapenetarik bat, ama ikastolako lehen eguna da dudarik gabe. Oraindik ikusten dut nire burua, amets batean bezala, klasetik ateratzen errekreazione (pausa denbora) orduan, kanpoko jokoetara lasterka joaten. Amikuzeko ikastola Ipar Euskal Herriko lehen ikastoletatik bat izan zen. Donapaleun sortu zuten eta nire anaiekin han pasa genuen gure eskola denbora hameka urte izan arte. Garai hartan herri inguru askotatik heldu ziren haur euskaldunak, euskararazko eskola eskaintza murritza baitzen. Gure burrasoek adibidez oren erdi bateko bidea burutu behar zuten hoien haurrak ikastolan jarri ahal izaiteko, ordu erdi joateko eta hainbeste itzultzeko, eta hori egun bakotxean bi aldiz. Gure Iholdiko kantonamendutik hiru familia baizik ez ginen harat joaten zirenen artean eta bide hori egiteko hiruen artean aldizkatzen ginen egunero. Gogoratzen naiz aitarekin gindoazenean burua nahasia iristen ginela bertan. Aitak furgoi hori zahar bat zuen eta bakarrik bi leku zituenez aintzinean, beste haurrak furgoiaren atzekaldean egon behar ginen tindu edo margoen usain txarren artean, sekuritate maila ez zen garaian puntu puntuan ez baiginen neholaz ere eserleku batean lotuta, bidea tindu untzi baten gainean eserita igarotzen baiginuen.
Gaur egun ikastolak garatu egin dira eremu ezberdinetan eta gure haurrak ikastolara eramateko bost minutu besterik ez ditugu behar Heletatik Lekornen sortu dugun Baigura ikastolara eramaiteko. Garai hartan gauzak ez ziren hain errex eta gogoan dut amak adibidez itzuli handia egin behar zuela haurrak ikastolara eraman ondotik Baiona aldeko Mugerre hirira lanera joateko. Bazuten mereximendu.
Autoak ederki betetzen genituen hiru familietako adin ezberdinetako haurrekin, baina gure klaseko haurretan hiru baizik ez ginen Armendaritzetik jinak, Leire Bordaxarrea etxetik eta nire anai bixkia eta biok Laharragatik. Armendaritzeko beste haur guziak herriko eskola publikoan eskolatuak ziren eta ondorioz nahiko baztertuak edo bereziak senditu gara ikastolan ibiltzen ginenak. Euskara baizik ez genekien guk beste haurrak frantsesez mintzatzen zirela tira ahala. Beharrik ez genituela askotan gurutzatzen, aldi bakotxean senditzen baiginuen hoien arteko trufa eta irriak guri begira zeudelarik. Nik behintzat ez dut nehoiz harremanik ukan herri hortako haur eta berantagoko gazteekin. Nire anaiek ordea izan dituzte nerabe denboran. Beti basatia izan naiz ni, herabe eta kaskotzarra era berean.
Erran beharra dago gure herri inguruetan Euskaldun frango zirela, gehien gehienek euskaraz hitz egiten bazuten ere, hoien haurreri frantsesez egiten zioten beste frantsesen maila edo ospea ukan zezaten handitzerakoan. Ez diet ordea herritarrei kulpa botatu nahi. Frantses estatuak aspaldi hasia zuen bere lurraldeko populu ezberdinak frantsesteko politika, bereziki eskola publikoaren bidez. Gure aitamek beti erran digute zigortuak zirela hoien haurtzaroan euskaraz mintzatzen ziren aldi oro eta emeki emeki haur euskaldun hoiek, konplexuz bete ziren eta uste ukan zuten Euskara hizkuntza zaharkitu bat besterik ez zela eta frantsesez bizi behar zutela ordutik goiti nahiz eta Xalbadorrek zion bezela, hoien frantsesa arrunt euskaldunen gisakoa zen, maila apalekoa alegia. Gaur egun ere horietarik askok hobe lukete Euskara garbian hitz egitea frantses txarrean baino… Hemengo askoren frantses maila katastrofikoa delako eta kasu ainitzetan ikastolan ibilitakoak, frantsesez trebeago agertzen baigira, haurtzarotik landutako hizkuntz gimnasiari esker, elebidunak baigira aspalditik eta gaur egun hiruzpalau hizkuntza menperatzen baititugu arras ongi, hoiek bakar bat ere behar bezela ez dakitelarik… “Paradoxe”??