Ziburuko sorgin gaua, gau magikoa da. Urtean behin galdu ezineko gaua.
Otsailean dugu hitzordu gaurko sorginok gau euritsu eta hotzean Ziburun . Hala behar du. Gau euritsu eta hotza.
Inoiz gertatu izan zaigu epela eta lehorra izan dadin noski, baina nik hala dut sorgin gaua maite : euritsua eta hotza. Euskal neguaren modukoa, edota hola irudikatzen baitut arbasoen garaiko otsaila , otsoen hilabetea, hotzarena.
Negu ilunak bukaerarik zuenez ziur ez zekiten garai ahantzietan, sua piztu eta argiari deika irudikatzen ditut, beldurrari aurre egiteko dantzetan lotuak, izpiritu txarrak izi arazteko maska odoltsuak jantzi eta indartsu, emankor nola sentitzen ziren irudikatzen dut.
Euripean. Gaua euritsu eta hotza bada hobe.
Plazan elkartzen gare denak ; sorginak, zirtzilak, dantzariak, musikariak.. argi ahulek itzalak luzatzen dituzte pilota plazaren orma zabala pantaila erraldoi bihurtuz : hortxe biziago dirudite oraino ihauterietako pertsonaiek ; akerrak adarrak okerrak ditu, ardi-larruak eta zakuak batetik bestera doaz, eta sorginen txapel luze-makurrak zein gehiagoka ari dira taldean.
Joaldunen beha gaude. Ezin haiek gabe hasi.
Hortxe datoz, lerro-lerro, dolon-dolon, ipurdi-dantzatuez joareak jo araziz, dolon-dolon, haiek dute bidea idekitzen, bidea garbitzen, izpiritu txarrak uxatzen, dolon-dolon, garbitu, aitzina, gibela, behin eta berriz, badago eta Ziburun zer garbitua…
Dolon -dolon joaldunak, ondoren dantzariak, arin, eder. Musikariak doaz gero, txistu, txirula,ttunttun, biolin, eskusoinu eta pandero, geldiunetan dantzak laguntzeko prest.
Ibilbidean ez aldiz. Ibilbidean dolon-dolon, erritmo betikoak du manatzen, beste ezeren beharrik ez da. Joareak ongi aditzen dira Ziburuko kale isil eta ilunetan.
Ondotik doaz sorginak eta beste guztiak, herria oinez, ardi-larru, zaku eta zapien herria, eskuan zuziak daramatzala. Kedar usaina, sua, sua, zuzien argi dardartia gidari luzatuz doa Ziburuko karrika ilun busti eta hutsetan barna prozesio bitxia.
Plazatik Marinela auzora doa desfilea, handik berriz tunel azpitik karrika xut-xuta gainditu eta herriko alde zaharrera iristen da.
Gurutze gorri auzora. Hantxe, karrika zaharraren muturrean, bidegurutzea markatzen duen etxe zaharra. Amatxi Cazabon hil artean bizi izan zeneko etxea. Hantxe da lehen geldiunea. Sorgin dantza egiteko momentua.
Sorgin guztiak bi lerrotan banatzen gare eta dantzan hasten. Sorgin-dantza eta Lantzeko zortzikoa, fandangoa eta arin-arina bukatzeko. Inor gutxi dago leihotik begira. Baina begirada altxatzen dudalarik, amatxi Cazabon ikusi dut leihotik begira, sukaldeko ttottoaren gainean jarrita ikusi dut, Singer josteko makina gibelean duela karrikara begira, guri begira eta gelditzen zaion hortz bakarra agerian uzten duen irriño eztia luzatzen didala ikusten dut.
Txapel okerrak itzulika dabiltza gona koloretsuekin batera. Txapelen luzerak zeharo desberdinak dira batetik bestera : emakume batzuek harro eta tentea badaramate, beste batzuek oker eta labur … etxean daukatenaren araberakoa ote ? Txantxetarako motiboa ere baita txapelarena. Iragan urtean ttuntturroaren punttan orratz lodia jarria zuen bati “pirtzina” zuelakoa aditu nion !
Berriz abian gare maldan behera.
Nora ote doa ibilaldia, zer ote du helburu ? Hau ez baita mozorro erakusketa, ezta ikuslego bati buruzko agerraldia. Ez. Hau ez da espaloietatik txaloka aritzeko ekitaldia. Ez. Hemen ez dago halakorik. Bertan zaude ala ez zaude.
Hau hitzordua da, urtean behin denbora eta espazioa bateratzen diren gau magikoa . Ziburuko kale zaharretan urtean behin arbasoak mintzo zatzaizkidan lilurazko gaua.
Ziburuko karrika bustietan zehar lotura egiten da, mendetan zeharreko kate luzearen katebegi ni, hi, zu, gu, oraingoak eta lehengoak, betikotasunaren zain indartsua.
Gau hotz eta euritsuan, ilargirik gabeko gau beltzean, borobila osatzen dugu. Borobilean sartzen gare denak, elgarrekin gaudelako, elgarrenak garelako, dantza egiten dugu, oraingoak eta lehengoak elgarrekin, garena garelako : “Ez garela-bagarela, hamalau mila hemen garela !” diote sorginek betidanik.
Urtean behin, Sorgin gauean lurra jotzen dugu, lurra jo, lurra deitu, lozorroan zegoen natura iratzarrarazten, sorgin gare denak, belagileen betiko jakituriaren jabetza erritualean sartzen gare, geu gare, bat gare, batasuna lortzen dugu urtean behin, Ziburuko kale busti eta hotzetan, suaren inguruko dantzak indarberritua uzten nauela. Emankor.