Lagun bat badut Berriatuan lanean eta ondarrutarrak nagusi diren lantegiko kontu, txutumutxu eta hainbat gorabehera jakin, badakizki, bertatik bertara. Topo egin genuen azkenengoan, kontu bitxi bat bota zigun, hara hor: Ondarroako herrian eta inguruetan, nahiko zaila denez bizitzea, edo hobe esanda etxebizitza merke eta itxurosoa topatzea, ba normala den bezala, bertako semealabek kanpora egin behar dute etxe bila, kala berrien bila; nora? Berriatua, Mutriku, baita MarkinaXemeineraino; baina gogoeta hau ez dator etxebizitzen kontuen berri ematera, ez, ondarrutarren kastaren beste adibide bat ematera baizik, eta zer da delako hori? ba kasu honetan beraien berbetia zabaltzen, barreiatzen, saretzen ari direla inguruetan; beste modu batean esanda: bibiak ondarrutarrak direnean edo ondarrutarra ez den norbaitekin kanpora bizitzera doazenean ez dute, etzaie burutik pasatzen ere bere berbetia ordezkatzea, ahaztea, moteltzea,egokitzea, bai zera! ondarrutarrez bizi nahi dute nahiz eta arraina bere kalatik kanpo egon, eta berezko tema edo marka hori dela eta, hizkuntza ordezkapen sano, earra, aringaingan jartzen dute martxan, natural, etxean egongo balira bezala, izan ere ondarrutarra non, Ondarroa han . Eta noraino iristen ari da hizkuntza ordezkapen hori? argi gorria pizten ari al da inguruko kalatan, herrietan, ala gustura hartzen dute hizkuntza bixibixi, perexil hori, bertako hiztunek? Ba nik, egia esan, ez dakit; zer daukazue esateko zuek, ondarrutarren kala berrietako hiztun inbadituek ?