Antzinaroko Akitaniako herriak Novempopulania, euskaldunen beste seaska

« GALLOS AB AQUITANIS GARUNNA FLUMEN […] DIVIDIT »

(Garonak bereizten ditu Keltoak Akitanoengandik) Caius Julius Caesar, Bellum gallicum.

Erromatar idazleen arabera, badakigu herri txiki asko bizi izan zirela itsasoak, Garonak eta Pirinioek osatzen duten hirukian. Plinio-k, Caesar-ek edo Estrabon-ek esan zutenaren arabera, hauek ez ziren batere keltoak, Garonako beste aldetik bizi ziren beren auzokoak bezalakoak. Gaskoinia edo Baskonia izango zenaren lehen aipamenetako bat, Diodoro Siziliarrarena da, Kristo aintzineko 60. eta 30. urteen artean idatzitakoa. Galietako hego-mendebaldeko biztanleak, keltoiberoak zirela esanez. Caesar-ek, bere Galietako guduaren iruzkinetan eta baita bere Gerla Zibilaren kontakizunean ere, Akitaniarrak deitu zieten eta Keltoengandik bereiztuta zirela, Garonako beste aldetik bizi zirenak. Akitaniarrek, idazle horien guztien arabera, hizkuntza, lege eta ohitura desberdinak zituztelako. Plinio Zaharrak zioenez gero, populu horien izena, Akitania lurraldea deitzeko erabilia zen. Hau da, Ozeanoren, Pirinioen eta Garonaren arteko lurrak. Baskonia izango dena, Caesar-en Akitania alegia, lurralde horretan kokatu behar da. Gure garaiko 20. urtean, Estrabon-ek, Garona muga tinko bat zela idatzi zuen, eta gehitu ere zuen ezen Akitaniarrak oso desberdinak zirela, bestelako itxura fisikoa eta hizkuntza zituztelako. Iberoen antza baitzuten.

Kristo aurreko 56. urtean, Caesar-ek, Crassus bere tenientea hara bidali zuen. Hala ere, II. mendeko azken hamarkadetan, Lactora-tik, ekialdeko Akiataniako populuak menperatzen zituen Erromak, hau da Consoranni, Convenes eta Lactorates. Crassus-en garaipena nahiko azkarra izan zen, Kristo aintzineko 56. urteko udazkenean. Baina ez zen erabateko garaipena izan eta Caesar-ek berak, gurera etorri behar izan zuen bost urte geroago, Akitaniarrekin akabatzeko asmoan.

39. eta 38. urteetan, Kristo aintzin, Agrippa-k, Akitania Handiaren agintea lortu zuena, beste gudu bati ekin behar izan zion. Gauza bera gertatu zen 28. eta 27. urteetan, Corvinus Messala-ren txangoarekin. Azkenean, 26. eta 25. urteetan, Kristo aurrean, Augustok, Kantabriarren aurkako gerlarekin batera, benetan amaitu zuen Akitaniako konkista.

Akitaniarrak zigortzekotan, Augustok, Loireraino zabaldu zuen Akitaniako lurraldea, egiazko Akitaniarrak itotzeko nahian, Keltoen erdian. Esan behar da, Akitania osoa menperatuta gertatu zela 16. eta 13. urteen artean. Kultu berria ezarriz eta erromanizazioa hasiz. Augustok, asimilazio arina aurreikusten zuen horrela.

NOVEMPOPULANIA 

Alabaina, Akitaniarrak ez ziren batere ados izan probintzia berri horrekin eta beren burujabetasun pentsaerak, beren kontzientzia etnikoak bultzatu zituzten probintzia berezia eskatzera Erromako enperadoreari. Erromatar agintariek bazekiten Estrabon-ek idatzitakoa, ezagutzen zuten Akitaniarren berezitasun etnikoa eta, dirudienez, azken horiek beren estatusa lortu zuten. Augustoren garaitik aurrera, finantzialki eta baita fiskalki ere, antzinaroko Akitania bazituen arau desberdinak, beste Akitania Handiaren biztanleengandik, Garonako beste aldetik hedatzen zena eta keltoez jendeztatua. Azkenean, bigarren mendearen amaieran edo higugarrenaren hasieran, Akitaniarrek lortu zuten beren probintzia edukitzea eta iparraldean bizitzen ziren keltoengandik bereiztuta geratu ziren. Bereizketa berri bat agertu zen Garonaren hegoaldean, benetako akitaniar populuen berezitasun linguistikoa, kulturala eta etnikoa errespetatzen zituena. Badago, Hazparnen, harri bat, idazkiren bat daramana eta gertaera hori aipatzen duena. Badugu ere bai zerrenda bat, Verona-rena, 314. urtekoa, hamabi populu zerrendatzen dituena. Probintzia horrek Novempopulania izena hartu zuen. Lehenengo bederatzi eta gero hamabi populuz osatuta zegoena.

Novempopulaniako zibitateak eta herriak

1-Boios-Civitas Boiatum (Boiates) = Gaurko Biganos-Le Teich

2-Cossio-Civitas Vasatum (Basates edo Vasates ?) = Gaurko Bazas

3-Aquis-Aquae Tarbellicae (Tarbelli) = Gaurko Dax

4-Atura (Aturenses) = Gaurko Aire-sur-Adour

5-Elusa (Elusates) (probintziako hiriburua) = Gaurko Eauze

6-Lactora (Lactorates) = Gaurko Lectoure

7-Eliberris-Civitas Auscorum (Auscii) = Gaurko Auch

8-Lascurris-Benearnum (Bearnenses) = Gaurko Lescar

9-Iluro-Civitas Iluronensum (Iluronenses) = Gaurko Oloron

10-Tarba (Bigerri) = Gaurko Tarbes

11-Lugdunum Convenarum (Convenae) = Gaurko Saint-Bertrand-de-Comminges

12-Consoranni Sanctus Glycerius (Consoranni) = Gaurko Saint-Lizier

Novempopulania da Caesar-en Akitania bihurtu zen herrialdea eta, zalantzarik gabe, Baskonia ziterior izango dena, XII. mendera arte. Egun, Pirinioen iparaldean dagoen Gaskoinia.