Eske eta eskaini, eskatu eta eman, eskale izatetik eskaintza-egile bilakatzera aldea badela dirudi. Batak eskatu, besteak oparitu, eske-oparen ballet horretan hi eta ni dantzari.
Eskalearen rolak ez du ez dirdira handirik biltzen gure jendartean. Hoberenera, pena ematen duen arlote tristetzat daukagu, eta okerrenera berriz, besteon bihotz-onaren baliatzaile alfer susmagarritzat.
Denak gare ordea zerbaiten eskale: zor zaigulakoan, agian, edota merezi dukegulakoan, osatuko gaituelakoan nonbait, denok dugu eskerako joera, aitortzea kostatzen zaigun arren.
Eta aldi berean, denok daukagu pare bat txanpon gordeta eskerako, garai batean eskeko gorde ohi ziren ogi puskak bezala.
Errazago baita eskaintzea eskatzea baino, inoren menpe egotea ez baitu inork gustuko, noski.
Eskean aritzeak bestearekiko lotura beharra agerian uzten baitu, harrotasuna atzaparkatuz.
Aske egotea dugu maite: aske bai, eske ez.
Baina eskale-eskaintza harreman horretan, nor zaio egiazki besteari probetxugarri? Eskaintzen duena ala eskalea?
Maitasun eske ari denak maitatzeko gaitasuna duela frogatzen du, eta maitatuari balioa ematen dio, maitagarrien talderako sarrera eskainiz.
Laguntza eske ari denak bere eskasiak onartzen ditu, eta lagunduko duenak balioa hartzen du…
Eskalearen irudia aldatzea komeni litzateke beraz.
Eta Diogenesen adibidea hortxe dugu, ahantzia badugu ere, beste bide bat erakusten diguna. Upel batean bizi zen gizona , linterna eta makila ontasun bakarrak zituela, eta bere burua «zakur» izendatzen zuen omen.
«buztana higitzen dut inork jatekorik ematen didanean, ezer ematen ez didanari zaunka egiten diot, eta fedegabeak ausikitzen ditut» zioen
Argia eta zorrotza zen, eta bere ateraldiek ospetsu egin zuten. Noiznahi, Atenasko karriketan barna ibiltzen zen eskuargiarekin, «gizon baten eske» zebilela aldarrikatuz, bertako gizasemeen ohorea deuseztaturik.
Beste behin, esklabo gisa salgai suertatu zen, itsaslapurrek preso hartu ondoren. Eta merkatuan zegoela beste presoekin batera, «nork nahi du jabe bat?» oihukatu omen zuen. Bada hori entzun eta aberats batek erosi bezain laster askatasuna eskaini zion.
Gizon librea beraz Diogenes, bere askatasunaren truke dena utzi zuena, eta prezio handienean baizik ez zitekeen libre izan, deusik ez duenak ezer galtzeari ez baitio beldurrik.
Filosofoa eta eskalea, zeinek ote zuen besteagan eragin, auskalo!
Ausardia behintzat bazuen sobran.
Mazedoniako errege gaztea, gerora Alexandro Handia gisa ezagun eginen zena, behin hurbildu zitzaion eta ea zer eskain ziezaiokeen galdegin , nahi zuena eskatzeko.
Eta eskaleak orduan:- Urrun hadi ene eguzkitik! Erantzun omen zion.
Esker gabea!
Gizon zuhurra Diogenes, librea, orduko Greziar munduaren baloreen aurka plantatu baitzen, askatasun sexuala, gizon eta emazteen arteko berdintasuna, sakratuaren ezeztapena, antolaketa soziala kudeatzen zuten legeen ukatzea, armak eta monetaren ezabatzea, eta norberaren burujabetza defendatzen zituela.
Gai batekin ordea ez nator Filosofoarekin bat; hau da, maitasuna absurdotzat zeukan: inorekiko loturarik ez zela behar pentsatzen baitzuen.
Alta, zer zentzu duke bizitzak maitasunik ezean? Askatasun eske gabiltza bai, eta egarri, baina amodiorik gabe, zertarako aske izan ?
Maitasuna baita agian eskaini ahal izateko eskatzearekin aski ez den ontasuna, eta horren eskale nahigabetuez beterik daude kaleak.
Eskatu gabe ematen den eskaintza baita maitasuna, aske uzten duen amodioa eskaintzerik ederrena izaki.
Eskainia denaren eske ibili beharrik ez, eskatu aurretik baita eskaintza eskaini behar; eskerik batere, eskerrik hanitx. eskainitako arretagatik.