Gure historian badira zenbait pertsonaia ahanzturaren iluntasunetan erdi galduta ditugunak; horietako bat dugu Daniel Urrabieta Vierjé. Bere aitona-amonak Gipuzkoatik Madrilera bizitzera aldatu ziren. Danielen aita, Bixente Urrabieta Ortiz, Madrilen sortu zen. Lanbidez ilustratzailea zen eta On Kixoterako ilustrazio zenbait egin omen zituen. Marrazkilari fina omen zen eta laster Madrilgo arte-zirkuluetan arras ezaguna egin zen. Juana Vierjé de la Vegarekin ezkonduta zegoen. Juana Vierjé Napoleonen armadan ibilitako soldadu frantses baten alaba zen, Hugo jeneralaren zerbitzupean ibilia, hain zuzen. Hugo jenerala Victor Hugo idazlearen aita zen. Jon Eskisabelek 2000ko maiatzaren 15ean Euskaldunon Egunkarian plazaratu zuen artikulu mamitsuan esaten zuenez, Juana Vierjéren aita Ipar Euskal Herrikoa omen zen. Baliteke, baina maleruski ezin izan dut datu hau baieztatu.
Daniel Urrabieta Vierjé 1851n jaio zen, bibliografia espainiarraren arabera Madrilgo Huertas kalean. Jon Eskisabelek aipaturiko artikuluan esaten duenez, herria ez badu zehazten ere, Euskal Herrian sortu omen zen eta oso ttikia zela Madrilera bizitzera eraman zuten. Aitarengandik marrazkiekiko zaletasuna eta trebezia jaso zituen. Bide horretatik abiatuta, 1869. urtean eta familia osoarekin batera, Parisera bizitzera aldatu zen. Garai hartan hemezortzi urte zituen. Parisen ilustrazioen munduan murgildu zen bete-betean, horretarako Victor Hugo adiskideak izugarri bultzatu eta lagundu ziola. Urte haietan Frantzia gerran zegoen Prusiarekin, eta Urrabieta gazteak gerrari buruzko ilustrazioak egiteari kemen handiz ekin zion. Ilustrazio horiek Charles Iriarte euskaldunak zuzentzen zuen Le monde ilustré izeneko aldizkari ospetsuan plazaratu zituen. Ilustrazioak izenpetzeko amaren deitura erabili zuen, eta horrela Daniel Verjié izenarekin ezagutu zuten Parisen.
Bere lanak lubakietatik gertu egiten zituen, bala eta bonbetatik aski hurbil. Beraz, ongi ezagutzen zuen ilustrazioetarako marrazten zuena. Ilustrazio horiek zirela eta, laster fama handia bereganatu zuen. Horietako batean, lubakietan zebilela, preso hartu eta espioitzat jo zuten. Le monde ilustré-koek erreskatatu behar izan zuten.
Bi urte berantago, Pariseko Komunaren Matxinada gertatu zenean, bertan ibili zen kazetari eta ilustratzaile. Errepresioak sortutako gertakizun latzak marraztuz ospe ikaragarri handia bereganatu zuen. Geroxeago, errusiarren eta turkoen arteko gerlan ibili zen ilustrazioak eginez eta prentsan plazaratuz, baita Bigarren Karlistadan ere.
Victor Hugoren sei liburu ilustratu zituen, Miserableak sonatua horietako bat izan zelarik. Liburu horietan egindako ilustrazioek ordurako zeukan ospe handia are handiago bilakatu zuten. On Kixoterako egin zituen ilustrazioek ere bere fama areagotu zuten. 1889an, Pariseko Erakustaldian, urrezko domina eman zioten, baita Ohorezko Legioa ere.
Daniel Urrabietak ez zuen oso bizitza erraza izan. 1887an, Frantziak Victor Hugori sekulako omenaldia egin zion egun berean, hemiplegia batek jo zuen eta horren ondorioz eskuin aldearen mugikortasuna galdu zuen betiko. Hogeita hamar urte zituen orduan. Ezkerreko eskuaz marrazten ikasi behar izan zuen eta orduko lekukoen arabera, eskuinaz bezain ongi marrazten omen zuen. Bere maisulanetako aunitz ezkerreko eskuaz egin zituen.
1904an hil zen On Kixoterako aurrez pentsatuta zituen ilustrazio guztiak ezin amaituz. Orduz geroztik, Daniel Urrabietaren ilustrazioak zenbait erakustaldi ospetsutan egon dira erakusgai. 1905ean Gran Palais des Champs Elysées delakoan. 1912an Musée des Arts Décorativs izeneko museoan eta 2005ean Madrileko Centro Cultural Conde Duque y Calcografía Nacional izeneko kultur egoitzan. Euskal Herrian, nik dakidala, inoiz ez da Urrabietaren ilustrazioekin inolako erakusketarik egin. Euskaldunok badugu zer kitatu ilustratzaile handiarekin.
Autorretratua Urrabietaren ilustrazioetako bat
Pariseko Komunaren matxinadan egindako ilustrazioa
Bigarren Karlistadan egindako ilustrazioak