Badira egunak eta asteak, non egunerokotasunak aurrera egiten duen gogoeta gehiegirik gabe, aldiz beste batzuk non hogei minutu eskasek zer pentsatu anitz eman dezaketen. Aurrekoan erosketa batzuk egin behar nituela eta Baionako Fnac-era joan nintzen. Esan behar dut denda horretara joateko ohiturarik ez dudala, beraz beste batzuek normaltzat jo dezaketen errealitate batetaz ariko naizela. “Normal” hitzaren atzetik zer dagoen, eta ohiturak zenbat gauza horrela definitzeraino eraman gaitzakenari buruzko gogoeta alde batera utzita, nire ustez Ipar Euskal Herriko bisita soziologiko bat bezala ikus daitekeenaren kontakizuna egingo dut.
Birritan besterik ez naiz izan nazioarteko konpainia handi horretan, eta bietan beste tokitan aurkitzea zail den material teknikoaren bila. Azken honetan bisita baliatuta, erosi nahi nituen liburu batzuk hartzea otu zitzaidan. Asmoa izan banuen beraz, baina amaiera aintzinatuz esan libururik gabe atera nintzela handik.
Lehenik haurrentzako liburuen gunera hurbildu nintzen, eta bilatzen nuena ikusten ez nuenez bertako saltzailearengana hurbildu nintzen. Euskarazko liburuak non zeuden galdetuta ez zeuzkatela erantzun zidan argiki. “Pas du tout!” (batere ez) ere bota zidan.
Baiona, Angelu eta Biarritz (BAB) oso euskaldunak ez badira ere Ipar Euskal Herriko hiruburutzat har daitekenean, geroz eta handiagoa den euskarazko produktuen eskaerari Fnac-ek eskeintza ematen ez ziola ikusteak harritu ninduen. Eskeitza horren eskasiaren eragina noraino heltzen ote zen galdetu nion nire buruari, eta ondoren saltzaileari. Aurpegiarekin nardatzen ari nintzela argiki erakutsi eta, oso eskaera gutxi, ia batere ez dituztela jasotzen ziurtatu zidan. Eta bukatzeko horrelako produktuen salmenta liburudenda “espezializatuen” esku uzten zituztela baieztatu zidan.
Euskararen errespetuan espezializatu gabeko saltzailea utzi eta helduentzako liburuen eremura hurbildu nintzen. Bertako produktuen hutsunea kontuan hartuta bertan aurkitu nuen dendariari Elkar argitaletxearekin lan egiten ote zuten galdetu nuen lehenik. Harek baietz erantzun zidan irrifatsu, noski baietz! Beraz gure hizkuntzan idatzitako obrarik ez izatea ez da banaketa arazoa…
Bisitarekin aurrera segituz, Peio Etcheverry Ainchartek frantsesez argitaratutako “Pourquoi est-on indépendantiste à Hernani et pas à Bayonne ?” (Zergatik gara independentistak Hernanin eta ez Baionan?) liburua eskatu nuen. Neskak ezeroso liburua ez zeukatela esan zidan, nik orduan hainbat hilabete bazirela argitaratua izan zenetik esan eta berak berriz begiratu zuen. Obra zerrendan bazegoen ere, inoiz jaso eta saldu gabe zegoela erantzun zidan berriz irrifarre ezerosoarekin. Arlo horretaz arduratzen zen bere lankideari aipatuko ziola ziurtatu zidan, oso “erregionalista” zela eta eskasia horregatik ez zela izango gaineratu zuen orduan.
Liburua salgai zergatik ez zeukaten bilatzen egon gabe, bere laguntza eskertu eta joatekotan nengoenean hara non bota zidan saltzaileak, liburuaren izenburuari ondo begiratuta nahiko gai korapilatsua zela eta beharbada horrek eragina izan zuela eskasia hori azaltzeko momentuan. Egia esan horrelako ideiarik ere ez zitzaidan bururatu ere egin, baina saltzaileak bere lankide “erregionalistak” edo beste norbaitek horrelako erabakietan izan dezaken botereaz ari al zitzaidan?
Euskaraz “espezializatuak” dauden liburuak, eta ideia “erregionalistak” beharrean independentistak dauzkaten obrek ez bide dute tokirik Baionako Fnac-en. Ipar Euskal Herriko gizartearen errealitatearen islada argia da hori tamalez. Baina erdi bete edo erdi huts egon daiteken edalontziari begira, betetzen ari dela pentsa dezagun. Hezkuntza elebidunean eta ikastoletan ematen ari den matrikulazioen etengabeko hazkundea “espezializaioa” sozializatzen ari dela, eta laster Fnac-a, bere merkatal senak eramanda, euskarazko liburuen mundura hurbiltzera behartuta ikusiko dela. Bestalde zerrenda abertzaleek herri hauteskundeetan izan zuten gorakadak independentismoaren ideia gizartean onargarriagoa bilakatu daitekela, eta frantses zentralismoaren aurrean independentista eta erregionalistaren artean gizarteak hautua egiteko aukera izan dezakela.
Hori da Baionako Fnac-era egindako bisita. Hemendik gomita luzatu nahiko nuke, Lapurdiko errealitatearekin interesatutakoei, liburudenden soziologiaren ikuspegia hedatzen laguntzea eta Euskal Herriko beste lurraldeetako errealitatea islatzen parte hartzea. Donostian, Bilbon eta Iruñean dauden kate horretako dendetan, edo Gasteizen egon daiteken mota horretakoren batean, zehar egindako bisita bat konta diezagula.