Kamioia utzi ez banu, tabernan segitu banu, eskola garbitzearena egokitu balitzait, okindegian istripurik jasan ez banu, kale-argien lana hobe ordaindurik egon balitz … gehiegi da, sobera, larregi eta larriegi, ene egoera bezala. Ezin egon daiteke lanetik lanerat bizitza osoan, ezin ikas daiteke lan bat, era onean, soilik bi astez badirau. Segurtasuna atariko haizeak bezainbat balio du gisa horretan arituz gero. Horregatik erabaki nuen lantegi honetan nola edo hala, aldez ez bada, moldez segitzea; zer gerta ere toki batean, bakar batean, egon nahi dudalako pentsatu behar izan gabe heldu den astean non egonen naizen, zer kontu berri ikasi beharko dudan edota zein egoera berri bezain kafkiarrean jardun behar dudan beharrean. Hamabortz ofizio, hamasei miseri. Halaxe kontuak, ateratzen ez zitzaizkidan kontuak, alegia.
Kamioiarekin erreka jo nuen berant eta exkax ordaintzen zidatelako; tabernako ordutegi bukaezinak arras estresatu ninduen, psikologoarenean irabazten nuen apurra txoil xahutu behar izan nuen arte; auzoko eskola garbitzea lan ona zen, zorigaitzez zuzendariaren semeak “irabazi” zuen lanpostua; okindegikoa ere ez zen txarra, beti gauez aritzeak gorputza gehiago nekarazten badu ere, baina sekulako erredurak izan nituen eta istripu-baja hartu behar izan nuen, jakina, kontratua ez zidaten berritu; kale-argien kontua ez zen munduko lanik onena eta gainera gaizki ordainduta zegoen. Afera da lantegi honetan sartzea erdietsi nuela. Adiskide baten adiskide baten adiskide baten… adiskide andana baten bidez sartu nintzen lantegi honetan, onerako edo txarrerako geratzea erabaki nuen kokoteraino nengoelako nire kurrikuluma ikusten dutelarik beti gauza bera galdetzeaz
-Nolatan aldatu zara hainbertze aldiz lanez? —galderaren bidez halako paranoiaren bat aurkitu nahiko balute bezala.
-Gaur egungo lanek gutxi diraute— behin otu zitzaidan erantzun ustez egoki bakarra errepikatzen dut elkarrizketa guztietan.
Duela bortz urte sartu nintzen hemen, bortz urte jadanik. Bertze edozein lanetan baino aisa denbora gehiago eman dut honetan eta, halarik ere, beti agertzen da hasberria naizela gogoratzen didan norbait, biziarteko hasberria, biziarteko mutil, edo Daniel Landart idazleak bere buruaz zioen bezala, beti aprendiz. Beti dago edozertaz izugarri dakien norbait, beti hurbilduko zait “bere eskarmentutik” gauzak hobe beharrez azalduko dizkidana, beti topatuko dut hemen eroso egoiteagatik segitzen duena nahiz eta jakintzaz NASAn egoiteko moduko langilea den… Beti, beti, beti, egunero. Eta, makurretan makurrena, ekoizpen arduraduna. Lanak zeinen gaizki egiten ditudan ikusarazi nahi didana, egunero. Ogitartekoa jateko oren laurden exkaxean ere bakean uzten ez nauena, halako kontu ezinago garrantzitsuren bat azaldu behar didana, ene lanak oro gaitzesten dituena.
Zorionez, badago laguntzen duenik, lana ogibidea dela gogoratzen didana, alegia, ogia erdiesteko bidea, ez bertzerik. Biga bortzetan kontu bera errepikatzen didana
-Hemen nola edo hala iraun behar duk, jubilatu arte, ez pentsa nork duen arrazoi, ez nork dakien gehiago, egin ezak agintzen dutena ja ere zalantzan jarri gabe. Ikusiko duk kontu kontrajarriak agintzen dituztela usu, atzo ongi zegoena gaur gaizki zegok, ez egin kasurik. Bete ezak errana oldoztu gabe ongi dagoen ala ez.
Beteranoen erranok neure egin ditut hondar bortz urteotan, ez dago goikoekin eztabaidatzerik, beti dute arrazoi, beti eta beti eta beti, betiere. Behin arduradun bat etorri zitzaidan eta agindu bat eman. Bete behar nuelarik goragoko bat etorri eta zera galdetu zidan
-Zer egin behar duzu?
-Gaizki egindako hau zakarrontzirat bota behar dut, arduradunak halaxe erran dit —nire betebeharraren zergatia azaldu nahi izan nion, alferrik baina.
-Nola gaizki? Zergatik gaizki? Utz ezazu hor, palet horren gainean, gero ikusiko dugu ongi ala gaizki dagoen. Nork erran dizu hori? —nik arduradunaren izena eman nion.
Entzun eta bete, halaxe egin nuen. Geroago lehengo arduraduna etorri zitzaidan eta, jakina, zidan galdetu
-Zergatik ez duzu hori bota? —haserre bizian itaundu zidan.
-Ingeniariak bota ez nezan agindu didalako —ni lasai, goragokoek zerbait erranez gero bete behar delako erabateko ustean egonik.
-Bota ezazu oraintxe bertan eta hurrengoan erraiozu niketz ez duela ideiarik eta gero popatik hartzerat igor ezazu.
-Nik —ezin ixildu izan nintzen— nik, nola igorriko dut popatik hartzerat ingeniaria? Lantegiko bigarrena da, laster kanporatuko ninduke.
Nire arrazoiak emaiten ari nintzaiolarik (ezen ez bainintzen desenkusatzen ari, agindutakoa bete egin nuen) ingeniaria agertu zen
-Zer, arazorik? —galdetu zion arduradunari halako irri maltzurra jarrita.
-Ez, honi erran diot gauzak bota aurretik ongi aztertu behar dela benetan gaizki daudenez egiaztatzeko —halaxe, halaxe erantzun zion arduradun zuri hark, niri ingeniaria pikutarat bidaltzeko agindua eman berri zidanak.
Geroztik zerbait gaizki ateraz gero, hamaikatan galdetzen dut egiatan bota behar den. Mundu guztiari galdetzen diot, orori, joanari eta jinari, baita lantegian sartu den hondarrari ere. Ez naiz fio, non fida hantxe gal.
Halaxe iragan dira bortz urte, egunez egunekoari aitzi egiten, asteroko buruko nekea larunbateroko mozkorraldiaz xumetzen, hileroko soldata ahal bezala luzatzen eta luzatzen, hiru urte bete ondotik emaiten diguten aintzinatasun-sariaren exkaxak sortzen duen barregurari nola edo hala eusten…
Badira, halarik ere, ezin jasan daitezkeen egunak… Badira gainerako egunak baino are makurrago jasaiten direnak, badira barneko sumindura guztia azalaraz dezaketen egunak. Gaur gaizki hasi dugu, txoil gaizki hasi ere. Bart arratseko txandakoek utzitako lana gaizki zegoen eta guri egin digute errieta, ea zergatik egin dugun, ea hutsa ez dugun ikusi, ea orain nork ordainduko duen hau guztia…
Halakoak hasierako unetik beretik. Nik egindakoa zakarrontzirat botatzea proposatu dut eta, jakina, bezeroari behar duena emaiteko, berriz hastea lan hori errepikatzen. Ederra bota didate! Hobe isildu banintz, hobe etxean geratu banintz, hobe iruzkinik egin ez banu. Orain hobendun bakarra neroni naiz zakarrontzia aipatu dudalako, ezin bota omen daiteke fitsik ere zakarrontzirat, kontu bitxia, bertzalde, arras beterik dagoelako, norbaitek botako zuen hori guztia. Ekoizpen arduraduna etorri da eta, deusetan has aitzin, ekortzen jarri nau. Halaxe egin dut, isatsa hartu eta zola garbitzen hasi naiz, lantegi osoa xahutu dut, makinak (nehork erran ez badit ere) trapuz ikuzi ditut, zoko guztiak distiratsu utzi arte, baita sartu nintzenean (duela bortz urte!) ikusi nuen lurreko olio zolda ere! Dena telebista iragarkietan bezain txukun utzi dut. Bukatu dudalarik komunerat sartu naiz, pixagale naiz. Pixagale baino gehiago, eseri behar izandut. Horretan nengoelarik ekoizpen arduraduna komuneko ateaz harainditik hasi zait
-Dena garbi geratzen denean…
-Den-de-na-gar-bi-gar-bi-u-tzidut—erantzun diot mokordoarekiko borrokak uzten zidan indar apurra erabiliz. Hau gehiegizkoa da, komunean ere ez nau bakean uzten.
-Ateratzen zarelarik zatoz nire bila —erran dit berantetsirik dagoela zerakusan doinuaz.
Komunetik atera naiz, eskuak garbitzen hasi bezain agudo, ordea, zait hurbildu berriz ekoizpen arduraduna.
-Orain —erran dit benetakoari gabe, konketen gaineko ispiluan islatzen den nire aurpegiari begiratuz —aparkalekua garbi-garbi utz ezazu, gero bisita garrantzitsua izanen dugu eta.
-Berehala, eskuak garbitu ondotik —ihardetsi diot nire bi ahurrak erakusten nizkiono.
Ekoizpen arduraduna komunen gelatik atera da, neguan baikaude, eskuak ongi garbitu eta idortu ditut, ez baitut gero eri-mokoetan neholako arazorik nahi. Kanpora atera naizenean hantxe nuen arduraduna, ene zain.
-Gogoratu bisita zaila dugula gaur, utz ezazu dena garbi-garbi.
-Bai, jauna —erantzun diot ahal bezain lehor.
Bailarat abiatu naiz isatsa eskuan hartuta. Pala ere hartu dut eta zakarrontzia. Ekortzen hasi naiz, lur lehor bihurturiko lokatza zakarrontziratzen dihardut bulegoko leihotik ekoizpen arduraduna begira daukadan bitarte estresagarrian. Behearen gaineko legartxoak ere metatzeari nakio. Halako mukurutxo batzuk eginik, gero bilduko ditut. Arduraduna heldu zait bulegoko errezela oraino bere egoera geldirat itzuli ez delarik, kontxo, gizonaren arina nahi duelarik.
-Hor sortu diren belar gaizto horiek ere moztu, gaur aparkalekuak sekula baino garbiago egon behar du —erran dit bisitaren garrantzia azpimarratu nahiko balu bezala, edo, nork daki, bere agintea bailitzen benetan azpimarratu nahi duena.
-Zure erranetarat —erran diot burua, jopuen antzerat, beheiti makurtzen nuen kortesia zuriko artean. Ez du ongi hartu, ordea. Haserretuta, berehala gaineratu du zerbait.
-Eta gero, dena ongi dagoenean, komunak errepasatuko dituzu.
-Baina, ez al dira iragan garbiketakoak? —galde egin diot aldez aitzinetik erantzuna banekien arren.
-Berriz?… gaurkoan ez dut hutsik nahi, denak garbi egon behar du.
-Zure erranetarat —erantzun diot hartzara.
Belar gaiztoak mozten hasi naiz, ez dago anitzik, bai, ordea, ederki sakabanatuta. Hain aparkaleku handian benetako maratoia da belarrok mozteko egin beharreko ibilbidea. Arduraduna berriz hurbildu zait, utziko naua gizon honek bakean?
-Ez ahaztu komunak!
-Nola ahaztuko ditut, berriki erran didazu, lasai, hau bukatu bezain agudo garbituko ditut. Lehendabizi hau ongi garbitu, ekortu, belar gaiztoak moztu eta gero, ahal bezain laster, komunak garbitu. Ulertu egin dizut, lasai.
-Gaur ez…
-Ez duzu hutsik nahi —aitzineratu naiz. Ea konturatzen den kokoteraino naukala.
-Lanerat.
Beti etortzen zait zapaltzaile hau, ez zait bulegari berria etorriko, ez horixe. Jopu-tratulari hau, aldiz, beti daukat gibelean. Oinezkorik nahi ez eta zaldizkorik etorri ez… ala bai? Euria heldu zait, euri jasa. Euria, zenbait herritan dioten bezala, zaldizkoekin ari du. Zaldizko ederrak etorri dira. Lantegirat sartu naiz ziraren bila. Euria gogotik ari du. Zira jantzi dut, zira zaharra da, ia zirtzil hutsa, baina dagoen bakarra da. Arduradunak ikusi nau, nola ez! Duen lan bakarra ni segitzea delakoan nago. Gizonaren astuna!
-Itxura horrekin aterako zara aparkalekurat?
-Bai, jas honekin aterako naiz jasari aurre egiteko —erantzun diot zirtoa erabilita. Erdipurdiko zirtoa, egia erran, baina erakutsi nahian okaztatzen hasia naizela.
Erauntsia gainean daukadalarik hasi naiz berriro lanean. Zirak urratuta egonagatik ongi babesten du, harik eta ttanttek azpiko aldetik hanka egiten duten arte, nire izterretan. Blaitzen hasi naiz, pelatzen, eta hozten. Legarrak mukurutu ditut, belar gaiztoak ere zakarrontzirat bota, aparkaleku osoari so eginik ontzat eman dut garbiketa. Lantegian nago berriz, sobera gabe arduraduna etorri zait berriz. Bertze norabait igorri nahi nau
-Bai, berehala, baina, aurrena neure burua idortuko dut —erantzun diot, kontu bitxia zeren arras pelaturik banago ere, nire erantzuna ahalik eta lehorrena emaiten saiatu bainaiz.
Komuneko esku-paperaz idortzen hasi naiz, eskuak lehortu ondoren prakak erantzi ditut eta izterrak paperaz lehortzen eta, bidenabar, berotzen dihardut. Hotz naiz, zeharo. Erauntsiak jota utzi nau, baita aldamenean etengabeko zaunkan dudan arduradunak ere. Orain batek daki zer nahi duen, ez natzaio jaramonik egiten ari, horixe egia. Apustu eginen nuke ezin gibelera daitekeen halako lan bat duela enetzat. Beti berdin egiten dit, lan bat akitu bezain agudo bertze baterat igortzen nau, orain badakit zer sentitzen duen ping-pong pilotak: alde baterat iritsita berehala igortzen dute bertze alderat han harekin gustura ez baleude bezala, nazkaturik baileuden. Helmuga berrikoek ere, nahiko ez balute bezala, berriz urruntzen dute, eta beti ostiaka, era txarrean, kortesiazko elerik gabe, zergatik ez eskatu modu zibilizatuan ea bertze alderat joan daitekeen, otoi eta faborez? Non gelditzen da gizakiok geure-geurezkoa omen dugun heziera eta non ping-pong pilotan sor daitezkeen traumak? Bai, ergelkeria gaitza bota dut, baina ping-pong pilota erran dudan tokian langilea erran nahi nuen. Ederki aski ulertzen dut ping-pong pilotaren sindromea.
Nire betebehar berrirat abiatu naiz, oraingoan lantegiko trapu zahar guztiak bildu behar ditut, nik, trapu guztiak. Mekanikariek oraino bildu ez dituztenak neronek bildu behar ditut. Jasogailuan norbaitek utzita lurrerat erori den trapu zaharra neronek bildu behar dut. Makina guztietan, bai, guztietan isurtzen diren olio jarioak xukatzeko erabiltzen diren trapuak neronek bildu behar ditut. Bertako langileek ez dituzte bildu, eta ulertzen dut, jarioa gelditzen ez denez gero, onena trapuak bertan uztea izaiten da. Jarioa olio-baserreka bihurtzen da usu, xirripa, erreka. Behin makina batetik bortzehun litro oliok egin zuen ihes. Sartu berria nintzen orduan eta ekoizpen arduradunak, jadanik begietan goiti harturik nindukan, trapuz garbiarazi zidan guztia. Bortz urte iraganik ere, berdintsu segitzen dugu, zikinkeria neronek garbitu behar dut.
Plastikozko zakutoan sartu ditut ikusi ditudan trapu guztiak. Zakarrontziari buruz noa dena botatzerat, kanpoko atea iragaiterakoan ahots bat aditu dut. Ez, hori ez da guztiz zuzena, ez dut ahots bat aditu, betiko ahotsa aditu dut. Atzera begira jarri eta hara non ikusi dudan ekoizpen arduraduna eskuan punttan trapu zaharra duen makilatxoa duelarik. Bertze eskuaz trapua darakusa eta irri batez gogorarazi dit zer ahantzi dudan. Ezin dut gehiago, plastikozko zakutoa lurrean indarrez utzi baitut lehertu egin da. Trapu gehienak barreiaturik geratu dira, haiek ekoizpen arduradunaren barreak. Orori diotso nola geratu den nik bilduriko zakarra. Lankideak, gaitz erdi, ez dute begiratu ere egin, ez diote kasurik egin nahi. Ni dagoeneko haren parean naiz, trapua hagitz era zakarrean kendu diot makilatxoren punttatik.
-Trapu horiek guztiak ez dituzu hor utziko, ezta? —galde egin dit infernuko indar gaizto guztiek berek ere ezin sortuko zuketen sasikumeak.
-Lasai, orain bilduko ditut —esaldia horrela utzi dut, ez dut gehiago koleratu nahi. Bi oren exkax falta dira etxeratzeko, nola edo hala pasako ditut eta bertze egun bat deskontatuko dut jubilaziorako denbora tartetik.
-Bai, baina zakutoa apurtu duzu, nola bilduko dituzu orain trapuak?
-Lasai —orain, ez dakit zergatik, bururat Bud Spencer aktoreak banatzen zituen masaileko horietako bat etorri zait bururat, nola edo hala ekoizpen arduradunari emaiteko gogoari eutsi diot, hau ere zergatik ez dakidan arren —jasogailuaz zakarrontzi metalikoa hartuko dut eta dena bilduko.
-Ongi, baina agudo, bisita garrantzitsua dugu eta. Eta gero zatoz lehenbailehen hango txoko hura garbitu behar duzulako.
-Heldu naiz berehalaxe.
Jasogailuaz zakarrontzi metalikoa hartu dut. Haserre nago, haserre olio jarioekin, haserre garbitu ondotik trapuak biltzen ez dituzten langileekin, haserre makinak diseinatu zituzten ingeniariekin halako ihesendako fitsik ere asmatu ez zutelako, haserre trapuak asmatu zituenarekin, baina, batez ere, haserre nago ekoizpen arduradunarekin. Egunen batean… egunen batean… ez! Egunen batean, ez! Gaur! Jasogailuarekin zakuto hautsiraino hurbildu naiz, trapu zikin guztiak zakarrontzian bildu eta gero, zakarrontzia hartu eta kanpoan utzi dut, aparkalekuan, hurbil, baina lantegiaren barnetik ez ikusteko moduan. Jasogailuaren bi besoak goititu ditut, lurretik metro bat urrundurik. Azeleragailua zapaldu dut eta ibilgailu berezi hau joan daitekeen lastertasunik arinenean joan naiz ekoizpen arduradunaren beribileraino. Bi besoen punttak ezkerreko ateetako kristaletatik sartu ditut. Ostia benetan gaitza izan da. Kristalak mila puskatan errautsi dira, arras birrindu, eho. Ez dut askietsi. Gehiago nahi dut. Jasogailua poxi batez gibeleratu eta abiada harturik bertze ostia gaitza bat eman diot, eta bertze bat, eta bertze bat… taupaden erritmoa lastertu zaidala ohartu naiz, halako irri kontrolagaitza islatzen da nire begitartean, ostia bakoitza ematerakoan oihu egiten dut, sasikumea! Ostia emaitean talka-autoekin aitzineko beribilari kolpe latzagoa emaiteko egiten genuen keinu bera errepikatu dut jasogailuaren gainean, horrela, gerria aitzina bultzatuz, ostia bizkortu egiten dut. Hainbertze talkaren ondoren ekoizpen arduradunaren beribilaren gaineko aldea hautsi egin da. Talka sorta gaitza eman diot, taupadak gero eta lasterrago doaz, arnasa agudoago, haserrea ere goiti. Talkari ona naiz, dantza berria asmatu dut: bi urrats gibelerat, arnasa hartu, bixi-bixi aitzina eta talka egin beribilaren aurka. Talkari-dantza. Hurrengoan musika asmatu beharko diot dantza berri honi.
Honek bukaera ona merezi du. Jasogailuaren besoez beribila goititzen saiatu naiz, ezin izan dut, ordea. Gaineko aldea izorraturik baitago, besoak ibilgailua jaso gabe askatudira. Beribila azpiko aldetik jasotzea xedatu dut. Jasogailuaren bi besoak azpiko aldetik sartu dut, batere fintasunik gabe, eta beribila goititu dut. Halaxe hartuta kontainer berriari buruz joan naiz. Hau duela hiru aste paratu zuten. Haren berezitasuna zera da: barnean daukan guztia galkatzen du. Barneko aldetik pareta higikor bat mugitzen da zakar guztia txikituz horrela hasierako tokiaren laurdena baizik behar ez duelarik. Hots, pareta higikor horrek barneko objektu guztiak bultzatzen ditu gibeleko paretaren kontra eta txikitu egiten ditu. Hagitz ona da zakar gehiago sar daitekeelako leku txikiagoan. Kontainer berriraino iritsi naiz, so lasterra bota dut, ezker-eskuin egin dut begiez. Ez dago nehor. Beribila kontainer berriaren gaineraino goititu dut. Jasogailuaren besoak astindu ditut, inarrosi. Iduri du kotxeak ez duela erori nahi, heldu zaiona baleki bezala. Goiti-beheiti mugitu ditut jasogailuaren besoak ea horrela erortzen den. Ezta horrela ere. Beribila aitzinago eraman dut, orain kontainer berriaren gainean dut, lehen baino sartuxeago, hobeki kokaturik askatuz gero zuzen-zuzenean eror dadin paretetan ukitu gabe. Berriz astindu dut. Berriz geratu da sasikumearen ibilgailua. Orduan metodo berria otu zait. Beribila pittin bat beheititu dut, jasogailuaren besoek kontainer berriaren paretekin jo arte. Orain jasogailuaren barnetik kotxea ikus dezaket, baina ez gurpilak osorik. Gurpilen beheko aldeak kontainer berriaren barnean daude. Jasogailua gibelerat joanarazi dut, hurbilen ditudan bi gurpilek kontainer berriaren paretan jo dute eta beribila gelditu egin da. Nik gibelerat segitu dut, jasogailuaren besoak askatzen ari direino kotxea oreka galtzen hasi da, kontainer berriaren barneko alderat kulunkatzen hasi da. Orain soilik jasogailuaren besoen hondar punttek deutsote ekoizpen arduradunaren ibilgailuari. Hondarrean beribila da erori.
Asots gaitza egin badu ere ziur naiz nehork ez nauela ikusi. Jasogailuaz zakarrontziaren bila noa. Dena arin-arin, denborak urre prezioa du oraingoan. Zakarrontzia hartuta kontainer berriraino eraman eta bertan beheko tranpa irekirik, zikinkeria guztia kotxe erori berriaren gainean bota dut. Zakarrontzia behearen gainean kokatu dut. Jasogailutik jaitsi eta gero martxan jartzeko botoia sakatu dut. Pareta higikorra mugitzen hasi da. Harrapatuz doan guztia estutuz doa. Sortzen den zarata gogorra da, gorgarria. Asots gogor gorra, baztandar lankidearen eletan. Kontainerrak indar izugarria du, beribila aise tolestatzen ari da, Tapiak soinu txikiaren hauspoa bezain aise. Halako batean, autoa zeharo desegiten ari baita, ate bat atera da gora, txoil gora, ihes egin nahiko balu bezala. Zorionez kontainerraren barnerat erori da hartzara. Oso hurbildu dira bi paretak, higikorra eta gibelekoa. Kotxea orain aparkatzeko lehen baino hagitzez ere toki gutxiago beharko luke sasikumeak.
Zakarrontzia hartuta lantegirat joan naiz. Sartu berri naizelarik ezusteko gaitza eman dit ekoizpen arduradunak
-Zertan ari zinen? Erretzen?
-Ez, nik ez dut erretzen —ihardetsi diot ahalik eta erarik lasaienean.
-Orain har itzazu ontzi horiek eta utzi mekanikarien tokian.
Berriz ping-pong pilota bezala sentitu naiz. Oraingo honetan, aldiz, ez naiz haserretu, mendekua burutua dut. Banoa ontziak biltzerat.
Piiiii! Piiiii! Piiiii!
Sirena hotsa aditu da, etxeratzeko garaia. Ekoizpen arduraduna begiratu dut aurpegiaz joaiteko ordua dela adieraziz. Hura hasperen egin eta sartu berri den langile batekin geratu da aginduak emaiten ederki dakien moduan, oihuka.
Dutxarat sartu naiz, gaur ohi baino beroago paratu dut zurrusta, lasaitu nahi dut; naretu, baretu gura dut. Ohi baino denbora gehiago eman dut dutxaren azpian. Ohi baino motelago jantzi naiz. Ohi baino denbora gehiago eman dut ondorengo txandakoekin solasean fitxatu aitzin. Ohi baino luzeago joan da fitxatzearena txartelak huts egiten zuelako. Aterantz abiatu naizelarik ekoizpen arduraduna artega ikusi dut, urduri, ekurugaitz. Sakelako telefonoaz ari da eta niri so. Hurbiltzen ari natzaio, gero eta hurbilago nago, eta, jator aitortzeko, gero eta dardaratiago. Haren aldamenean iragan naizelarik zioena entzuten ahal ukan dut
-Bai, agente anderea, gaur goizean ekarri dut, goizero bezala eta betiko tokian aparkatu dut… Ez, ez, goizeko hamaiketan han zegoen… bai, bai, ziur naiz… zergatik? Sakelako telefonoaren kargadorearen bila joan behar izan dudalako… ederki, oraintxe joanen natzaizue, bada, salaketa jartzerat.
Lantegiaren hesia pasatu dut, gibelerat begiratu dut eta han ikusi dut sasikumea, buruaz, soinburuez eta eskuez halako keinuak egiten, ulertzen ez duenaren keinuak, alegia. Goizean beribila aparkaturik utzi duen lekuraino joan da, gurpilen arrastoen bila dabil, ebasleen bidea antzeman nahiko balu bezala. Negarretan hasi da. Hor konpon! Ez zait batere urrikaltzen. Jainkoarena ez ezik, nirea ere bada mendekua.