Historian barna gizakien lanen eta arnoaren arteko lotura aski ezaguna da.
Antzinatik arteak arnoa bidaidetzat, laguntzailetzat hartu ohi du; mahatsa, mahastia, sorturiko zukua eta baita zenbait mitologietan “Bako”k osatzen duen jainkoa ere bere irudikapenetan nagusi izan dira.
Artea eta arnoa arimarakotz elikagaiak dira, eta behin uztartuz gero gure begien aitzinean ezagutu beharreko mundua ageri zaigu.
Egun arnoaren bertze ezaugarri batzuk nabarmentzen ari dira, ez ezagunenak, apika, aspaldi ahanzturan galdu direnak baizik, beti baztertuak eta sekula kontuan harturikoak, iragazkiak, hareak eta prestatze lanak uzten dituen bertze hondarrak, zeinek era ikusgarrian ezagutu beharreko kolorezko, materiazko, grinazko, magiazko munduaren ekarpena egiten baitute.
Beharbada proposamen honen ezohiko aldea, ezberdintasuna, lehen jada arnotegietan erabiliriko arno iragazkiak margolanen oinarrian erabiltzean datza.
Hemen erakusten diren margolanen, irudien sormen garabidea, hitz gutitan, bertzeak bertze eguzkitan sorturiko lehortze aldi ezberdinei esker erdietsi da, gero landuko denaren dekolorazioan finkaturiko oinarria.
Ehunduraren, kolorearen, magiaren leherketa ukanen dugu, eta irudimenari atea irekitzen badiogu, gure buruak eta arimak aginduko dutenaren ikustekotz gai izanen gara.