Estibalitz Sasiola gure literaturaren hastapenetan

Gezurra badirudi ere, ez da gauza handirik aitatu gure literaturan olerkiak idatzi zituen lehen emakumeari buruz, eta azalpen txipi hau egiteko, Patri Urkizu Lezoko idazle eta ikerlari bikainak 2005ean, Baionan argitaratzen den Lapurdum izeneko aldizkariaren hamargarren zenbakian plazaratu zuen artikulua baliatu dut. Patri Urkizuk aipaturiko artikuluan aitortzen digunez, Debako artxiboetan ibilia da Estibalitz Sasiolakoaren arrastoen atzetik, eta segidan jorratuko ditugun datuak aurkitu ditu.

Duela hainbat urte, hau da, 2004. urtean, hain zuzen ere, euskal literaturarako aurkikuntza itzela gertatu zen, Madrilen, Joan Pezer Lazarragakoaren eskuizkribua topatu zutenean. Liburu hau eskuz idatzita dago eta liburuaren atzeko aldean badira Lazarragakoaren ez den bigarren esku batek idatzitako hiru olerki. Lehen olerkiaren goiko aldean egileari buruzko azalpen zehatza ematen digute: De la Señora Maria Estibaliz de Sasiola.

Sasiola Debako etxe noble zaharra zen, gaur oraindik zutik dirauena. Jaki badakigu, beranduago, 1340. urtean, Lope Sasiolakoak beste etxe noble bat eraiki zuela Zumaian, eta Zumaiako San Pedro kaperan sasiolatarren armak ezarri zituztela. Sasiolatar ospetsuak izan ziren Martin Otxoa Sasiolakoa, Gaztelako kondestablearen idazkari izan zena, 1539ko urriaren 25ean, San Adriango bortuan Karlos V.a enperadoreari harrera egin zion berbera. Debako San Anton kapera fundatu zuen eta Aranzibiako jauna ere izan zen. Paskual sasiolakoa, Mutrikuko eskribaua eta 1583an Debako alkate izan zena.

Estibalitz Sasiolakoa, Patri Urkizuk emandako datuei jarraiki, debarra zen, 1550. urtea baino lehen jaioa eta 1611n zendua. Emakume noblea zenez gero, bazekien irakurtzen eta idazten. Bereak dira, beraz, Joan Perez Lazarragaren liburuan, amaiera aldean agertzen diren maitasunezko hiru olerki hauek:

XXIII

LEKU ON BAT DA ESKOZIA

De la señora Maria Estibaliz de Sasiola

Leku on bat da Eskozia

obeagoa da Beneszia

ene aldeko lagunoni

elkaenzako flakezia

nai deban orduetako

andia dakar fantasia

bosteun dukat kosta jakan

baroeoni balentia

emperadore jaunaganik

ekarizea lizenzia

eleizara juen oi naiz

egin oi det bekatu

abemaria asi baize

ezin oi det notatu

liburuan bere jari oi naiz

begi neureok lausotu

fraidia predikazen jarri

izik ezin aditu

ofrendara dianea

ondo oi det miratu

sagara gora dianean

amore lindeaz oroitu

amore linda galantorek

gogoan oi ni banindu

lagunok baiez diostau

neuronek ezin sinistu

neuronek esin neio baia

egingo digot mandatu

arenzat jaio ninzala ta

enagiala largatu

es bisteak konsolat[u]

ez egonak amorat[u]

ez maian asentatu,

ez oean albergatu.

Jaun zerukoa estagizu[la]

gizona onein amor[adu]

laztan enea nai gara…

sure atean arteti

aren agun zaite[z]

sakuskedan leiotik.

Egun artan nik ez ne[ban]

munduan lizan bear(rrik)

speranzeak bizi oi…

erri onezat atean

speranzea galdu oi dot

errira natorronea[n]

ene lastan zuri ederra

zure laztan ni banari

kontu estua emango digozu

zeruetako jaunari

munduan diran podere oro

eskuan dituanari

bazinaki gogoa

lastana biozekoa

[zu]re minez ilgo banaiz

[l]udatu jaun zerukoa

[a]more linda galant bata

[e]ne amore berria

[g]ura dakustan ordu orotan

[or]rzean ur det irria

[ur]a estakustanea

[a]ldea malenkonia

[…]gun ekusi estet eta

[…]oi ene bekataria

[…]sigarika banendorren

[…]patu egun batean

[…]estanarekin enkontra nezan

[S]an Juanen aurea

[ber]e iru matalotekin

[gorp]utza galanta joean

zazpi urtekoz ekari nau

gajoturik oea

korzierrean irte neban

baii? joean kalean

debotaro enzutera

birjinearen mezea

Madalena santea da

ene abogadea

arren emon degidala

eska nakion doea

arimakoz eta gorpuzekok

obe dedan bidea

ene laztan biozekoa

kortes enseinadea

eri onetan bestek eztu

ar oi deban librea

Franziako armak dakaz

goian eta bean

aren ekuzten etoriko naiz

lebante urrunerean

biok ondo izango gara

mundan garan artean

paradisu ereinuan

mundutik goazenean

XXXIV

ITAI LELO I BAI LELO

Itai lelo i bai lelo

etxean arai leloa

damarika dan galantaena

Belagai Butroekoa

Belagaia dioza eta

korionean jajoa

oreanik jagi ninzan

astelen goizean

eskuetan busti eta

kalera nirteanean

ene lastan zuri ederra

berdurakin aurean

soinean gonaz ondo jazita

jurapa oria gainea

gerian gerikoa eder

solea sotil oinea

bularteria trapua zuri

labradurak urrea

donzellakin fordelizak

lepoan goienainean

donzella batek jozi zeban

Iruneko kalean

niri ondo kosta jakin

Gipuskoako lurrean

orain aldiaz aita deza[…]

Gaztelako noblezia

Burgus ta Toledo

ta Kordoba ta Sibillia

[Maro]ko errei[nua]

Barzelona ta Balenzia

Napol erri noblea da

arek urrean Kalabria

Genoako kondaduan

Pisakin Florenzia

Pullalekin Ferrera baino

obeagoa da Beneszia

munduak klaramentean daki

zurca dana Zizilia

[A]ostaenez lezu on dira

Toskanarekin Lonbardia

aek gustiak baino bere

obeago ene amore onetsia

XXXV

MENDI ALTUAN

EDURRA DAIDI

Mendi altuan erurra daidi

aran baxuan eguzki

mendiaran guztiak baino

ene koitaok nagusi

ikaz lazten ninduan dontzella batek

aurten nai ez ekusi

laster kanbiatu ninduan

deseo ebenagaiti

Lehen olerkian mintzo den pertsonaia emakumezkoa da, bigarrenean ez da garbi ikusten nor ari zaigun hizketan, eta hirugarrena gizonezko baten ahoan jarrita dagoela dirudi. Olerkien kaligrafia aztertuta, garbi dago, hiruak esku berberak idatziak direla, eta kontrakoa frogatzen ez den bitartean, Estibalitz Sasiolakoak idatziak ditugu.

Baina nola iritsi ziren hiru olerki hauek Joan Perez Lazarragakoaren eskuizkribura? Patri Urkizuk honako hipotesia damaigu:

Estibalitz lehen olerkian matemindurik ageri zaigu eta badirudi maitasunezko olerki hau Joan Ruiz Belaskokoari idatzi ziola. Antza denez, arrakasta handirik gabe, Belaskokoa, berriz, Balagai Butroekoaz maitamindurik baitzegoen, damarik dan galantaenaz olerkian azaltzen zaigunez.

Joan Ruiz Belaskokoaren semea izen zen Joan Belaskokoa Joan Perez Lazarragakoaren alaba mariarekin ezkondu zen Santillan de Larrean, 1599ko urriaren 31n, eta aitaginarreba hil zitzaionean, haren idatziei jarraipena eman zien, euskarazko paperen artean, Estibalitz Sasiolakoaren olerkiak gehituz.

Hauxe da Patri Urkizuri esker, Estibalitz Sasiola lehen euskal emakume olerkariaz dakiguna.