Gizon bat bere parrokiara joan eta zera esan zion parrokoari:
-Egun on! Begira, heldu nintzen galdetzera ea bataiatuko ote zenuen txakur hau.
-Baina, zer diozu, gizona? Txakurrak ez dira bataiatzen! San Antonio egunean bedeinkatu ahal dira, nahi izanez gero, baina, besterik ez.
-Ez, ez, nik bataiatzea nahi dut.
-Ezetz ba, ezin baita!
-Apez jauna, hara, txakur hau familiako bat gehiago bezalakoa da… gainera, bataiatzen baldin baduzu, parrokiari 10.000 euroko dohaina emanen diogu.
-Bueno, bueno, egia esan… oraintxe bertan egiten badugu…, baina, aida batean, e?
Azkenean, bataiatu egin zuen.
Handik bi hilabetera, gotzain jauna parrokiara joan zen bisitan, eta halako batean, organo berriari erreparatu zion, gero erretaula berriari eta, azkenik, banku berriei. Orduan, parrokoari galdetu zion:
-Baina, ez al zenidan esan ba, parrokia gaizki zegoela ekonomiaz?
-Bai… baina… -negarrez- ezin diot ezkutatu berorri, gizon batek dirua eskaini zidan, haren txakurra bataiatzen baldin banuen, eta onartu egin nuen. -Apezak negar batean jarraitu zuen.
-Baina… Zer egin duzu, txoro halakoa? Sakramentu bat animalia bati? Hori Elizaren aginduen aurka doa, apez txarra, gizagaixoa, ezjakina…! Eta, zenbat diruren truke bataiatu zenuen ba, txakurra, jakin baldin badaiteke? -galdetu zion apezpikuak.
-10.000 euroren truke, gotzain jauna.
-10.000 euro, e? -lasaiago apezpikua.
-Eta… Aizu…! lehen jaunartzea egiteari buruz ez zizun deus ere esan?