Axular, boterearen itzalean (I)

Asko idatzi eta esan da Axularri buruz, eta bereziki bere idazlan ospetsuaren itzalean Sarako eskola deituriko gune kulturalaz; ukaezina bada ere erretorearen prosa dotorea eta egindako ahalegina, gerora  lapurtera batua deituriko eredua dela eta, itzal handiak zabaltzen dira bere jardun eklesiastikoaren inguruan, are gehiago jakinda  Pierre de Lancre, magistratu  inkisitorea, Sara inguruan ere egon zela bere sorgin-ehiza burutzen.


Goazen birgogoratzera data eta datu batzuk: Pierre de Lancreren aitona, Bernard Errostegik, mahasti lanetan arituak, jatorri euskalduna zuen; Nafarroa Behereko Juxue herriko semea zen, hain zuzen. Bordelera bizitzera joaterakoan, abizena aldatu zuen Lancre frantsesa hartuz; euskalduntasunaren, sustraien ukazio horrek eragina izango zuen gerora bere arbasoen lurra “garbitzera” etorriko zen bilobarengan. 

Hona hemen bere izaeraren inguruko hiru ikuspuntu,  aditu batzuen lumatik:

  • Eugene  Goienetxe: Erdipudiko izpiritu pedante, txirriporroa, lakarra eta harroputza, estimazio baxukoa bere kideen artean, frustrazioz josia…

  • FranÇois Bordes: Kultura eklesiastikoz, juridikoz eta magikoz  lepo, berak, modu interesatuan, sorginen eta haien begizkoetan sinisten du…

  • Julio Caro Baroja:  Lege gizonen estereotipoa, delituaren xerkan itsututa; erlijioa da berarentzat  kode penalaren oinarria, errepresioari zilegitasun guztia ematen diona…

1609an Enrike IV.ak Lapurdira bidaliko du sorginkeria, eta erlijio katolikoaren kontrako usaina zuen edozein talde arakatu eta zigortzeko, horien artean moriskoak eta juduak.

Erregeak arrazoi indartsuak zituen ehiza hau martxan jartzeko

– Nelson Cazeils: Lancre Lapurdira etorri baino urtebete lehenago, Ternuako baleazale lapurtarrek ehizatutako piztien larruen monopolioa zuten, eta Erregea horren atzetik zebilen ; era berean, Kanadan jarritako Jesusen Lagundiako lagun kantziler  eta absolutista batek, Brulart de Silleryk, gomendatzen dio Lancre jartzea talde inkisitorearen buru.

Erregeak, larruen auzia, eta gerora ikusiko dugun Lapurtarren Biltzarraren kontrako erasoa zela medio, bere mendeku pertsonala burutzeko, makinaria errepresiboa martxan jartzen ari zen, baleazaleak Lapurditik kanpo egongo ziren lau hilebetetan; horrela, 1609ko urtarrilaren 17an zera dio: “sorginen heriotz zigorrek ez dute ez apelaziorik, ez itzulbiderik izango”

Bada beste arrazoi pisutsua ere: Lapurtarren Biltzarra. Tristan Urtubikoa, beste lapurtar noble batzuekin batera eta sorginen ehiza aitzaki, saiatzen da gutxiesten Biltzarraren boterea, beraiek ez baitaukate bertan aulkirik, indarrik. Lapurtarren Biltzarra, gainera, ez da Erregearen eta Bordeleko parlamentuaren gustuko; prozesu honetan jokatutako paperaren ordain gisa, Urtubiko jaunak gora egingo du Gortean.

Lau hilabetetan, 1609ko uztailaren 2tik, azaroaren 10era, izua eta ikara hedatzen da Baionan, Ustaritzen, Senperen, Azkainen, Donibane-Lohitzunen, Saran eta Kanbon. Jendeak ihes egiten du beste euskal lurretara.

Eta  Axularrek, 9 urte zeramatzanak jada, Sarako erretore gisa,  zer egiten zuen, anabasa, jazarpen, torturaren, hilketen aurrean? Zer egiten zuen bere meneko kristauak babesteko? Lancreren botereari aurre egiteko prest zegoen edo boterearen itzalean bere izkutuko lana egiten zuen?

Deabrua bera baino azkarragoa zela uste omen zuten herritarrek, behin bere itzalarekin ziria sartu eta  jakinduria basa bereganatu zuelakoan; baina agian, orduko eta oraingo elizaren ohiko okultismoari esker, guri sartu digute ziri hori, ziri galanta, bere herritarrek maite zutenekoa, alegia. (jarraituko du)

 

 

ITURRIAK:

1)

Izenburua: SORCELLERIE? Ce que cache la fumée des bûchers de 1609
Egilea:Claude Labat

Argitaletxea: ELKAR-Igela
___________
2)

Artikulua: AXULAR JEKYLL, AXULAR HYDE // Patxi Salaberri Muñoa
___________

3)
Izenburua: BRUJERIA en el país vasco

Egilea: José Dueso

Argitaletxea: …de la luna
________________
4)
 

Izenburua:GERO

Egilea: Pedro Axular

Argitaletxea: Jakin