Etienne Buhamia

Bazen nire haurtzaroan pertsonai bat merezi duena nik uste zutabe honen izen burua. Gizon handi eta argala zen. Ez genuen askotan ikusten Armendaritzeko bazterretan nahiz eta iduriz Laharraga etxearen ondoan bizitzen zen. Igandeko meza ondoren gure etxeko atea jotzen zuen eta gehienetan nik edo nire anaiek idekitzen ginakon.
Larru axala iluna zuen gizon horrek baina bere begirada arrunt beltza zuen. Guri ez zuen hitz bihirik erraiten eta gure aita edo amari ere arras gutti. Gogoratzen naiz gizon horretaz beldurtuak ginela nahiz eta ez zuen gaixtakeririk egiteko asmorik. Bere begiradak gintuen segur aski izitzen.


Etxeko atea ideki ondoren, bera zela ikusi eta, etxeko sulardara gindoazen amaren bila erranez: 

-Ama, Etienne Buhamia kanpoan da.

Ez uste ukan buhamia hitza mespretsu gisa erabiltzen ginuenik, alde batetik ez baiginakien orduan zer erran nahi zuen hitz horrek eta beste aldetik Baxe Nafarroan Buhami asko baitzen garaian eta aspalditik inguruetan bizi baitziren. Suposatzen dut ere, Baztan, Lapurdi eta Baxe Nafarroako jende ugarik nunbait buhami odol ttantta batzuk izango ditugula jakin gabean, ibiltzen gure zainetan…
Ama orduan, kanpora joaiten zen haren ikustera galdegiteko zer gustuko izango zuen. Etienne-ek erantzuten zion euskara garbian eta artetan ardo beltz batekin nahiko izango zuela erraiten zion eta bestetan zertxobait jango zuela gogotik. Kasu hortan Ama sulardara itzultzen zen, zenbait arroltze ateratzen zituen eta alimaleko biperrezko arroltze moleta ogitarteko bat prestatzen zion. Gogoratzen naiz nihaurek gogotik janen nuela hain usain ona zuen ogitarteko hori, bazkariaren beha egon gabe.


Harro sentitzen naiz gaur egun gogoratzen naizelarik zein ongi errezebitzen eta artatzen genuen gizon pobre hori. Zenbait urte geroago Sarkozy frantses lehendakariak errango zuen Donapaulen egindako bisita batean euskaldunak arrazistak eta sektarioak ginela, xistuen artean errezibitua izan baitzen ELB sindikatuko laborariengandik, nahiz eta haren politika soilik xistukatzen zuten jende horiek…


Etienne Buhamia hor egoiten zen gure etxearen ate ondoan bere ogitartekoa behar bezala preziatzen eta gu ere hor egoiten ginen, hari so, isilik, azken ahokada arte.

Jan ondoan, amak ekartzen zion ardo beltz baso bat eta ari naiz ez ginenez guhaur horren beha edo itxoiten ari, beti harritzen baiginen ardo beltz hori zein maneratan edaten zuen ikustean. Berezitasun bat zuen gizon horrek. Ardoa kasik kolpe batez edaten bazuen, beti xorta ttiki bat uzten zuen basoan, eta hor egoiten ginen ikusten nola xorta hori lurrera botatzen zuen aldi oro. Ez dugu sekulan ulertu zergatik lurrera botatzen zuen azken trago hori. Agian lurrari edo gure etxeari eskaintza gisa egindako keinu bat besterik ez zen… 


Hil zen gaixoa bakarrik, zenbait urte geroago, eta suposatzen dut frango jende gutti joan zitaikela haren ehorzketara. 
Guk aldiz, ez genuen nehoiz ulertuko zertarako azken ardo tragoa lurrerat botatzeko ohitura hartu zuen…