Gaur gure artean Voltaia musika talde Zumaiarra daukagu,
1-. Zergatik Voltaia izena? Nondik dator?
Izenaren kontua ez zen erraza izan, hainbat buruhauste eman zizkigun egia esan, baina argi geneukana zen gure musikaren isla izan behar zuela. Gure musikak indarra eta erritmo elektriko zein bortitzak transmititzen dituenez, hor hasi ginen izenak bota eta bota, elektrizitatearekin loturik boltajea dugu eta hori oinarrian harturik VOLTAIA atera zitzaigun, eta nahiz eta hasiera batean ez gustatu horrekin geratu ginen. V-rekin jartzea diseinu kontua izan da eta gainera Volt-ekin zerikusia zuenez ba horrelaxe geratu zen…
2.- Taldea 2014ean sortu zen. Nolakoak izan dira bi urte hauek?
Egia esan dena hasieratik martxa onarekin joan da, 2014ko martxoan kaleratu genuen gure aurkezpen diskoa eta kontzertuetan tope ibili gara. Bigarren diskoa ere ia gelditu gabe etorri da. Kontzertuetan oso harrera ona izan dugu eta jendea geroz eta gehiago eskatzen ari zaigu.
Alde batetik horregatik izan da ere hain epe motzean bi disko atera izana. Lehenengoa motz geratzen zela dirudi. Baina hori ona da, seinale gustuko dutela gure musika. Eta horrela jarrai dezala.
3.- Interneten web orrialdea daukazue, sare sozialetan zaudete, bi diska argitaratu dituzue eta kontzertuak eskaini. Nondik lortzen da diru gehiago?
Gure diru iturri nagusia kontzertuetatik ateratakoa da. merchandising-etik ateratako dirua gastuak amortizatzeko da, hau da diskoaren grabaketa, kamisetak egitea duen gastua etab… Guk hasiera batean diskoaren promozioan ere inbertitu genuen, taldearen musika zabaltzeko asmoz, horrek kontzertu gehiago ekarri dizkigu eta horrela moldatzen gara. Panorama ikusita nola dagoen ezin gara kexatu.
Beste talde batzuek crowfunding bezalako plataformetara jotzen dute, guk oraingoz ez dugu baliabide horretara jo.
4.- Online munduari esker oihartzun handiagoa lortu duzue?Non nabaritu duzue hori?
Gaur egun ezinbestekoa da online munduan egotea, gure musika, bideoak, informazio etab eskegi genituen hasieratik eta horrek asko lagundu digu, denbora gutxian oihartzun handiagoa lortzen. Kontzertuak lortzeko garaian ere nabari dugu, adibidez sare sozialak tresna egokiak dira horretarako.
Musika, bideoak eta irudiak aurkezteko ere erakusleiho apartak dira interneten aurki ditzakegun web-orrialdeak.
5.- Ez dituzue zuen sustraiak galdu, abestien letrak euskaraz baitaude, baina zuen web orrialdea ingelesez. Zein helbururekin? Nazioartera zabaltzea, Berri Txarrak talde nafar eta euskaldunak lortu zuen bezala, adibidez?
Gure letra guztiak Euskaraz daude bai, web orrialdetako bat ingelesez dago bai, baina orrialde hori egokia delako gure musika deskargatu, erosi edo zabaltzeko. Besterik gabe izan da. Baina bai esan tresna horrekin munduko edozein pertsonak lortu edo entzun dezakeela gure musika.
Nazioartera zabaltzea izugarria litzateke guretzat, baina badakigu oso zaila dela, Euskaraz abesten duten talde oso gutxik lortu dute hori, horien tartean Berri txarrak. Hala ere nork daki guk ere lortzerik izango dugun. Ez zen gaizki egongo jajaja!!
6.- Nahiz eta talde euskaldun asko internazionalizatu diren, beren abestietan ez dira inoiz Euskal Herriak dituen arazo politiko, sozial eta ekonomikoez ahazten. Zuek zer salatu nahi duzue zuen letrekin? zer motatako abestiekin sentitu zarete gustorago?
Egia esan guk ez dugu helburu zehatz bat abestien letretan. Momentuan sentitzen duguna eta musikak transmititzen diguna adierazten saiatzen gara, batzuetan letra politiko, sozial, ekonomiko, pertsonal, deskriptibo edo paranoikoa izan daitekeelarik.
7.- Zer moduan zuen letrek bat egiten dute jendeak sentitzen duenarekin?
Letren mezua ez bada oso zuzena, letrak oso subjektiboak bihur daitezke. Musika bezala pertsona bakoitzak modu batera edo bestera senti dezake. Ikus entzuleak kontzertuetan ikusten dugunez askotan gurekin bat egiten du, edo hala ematen du, jejeje.
8.- Bi urte hauetan zuen estilo propioa garatu duzue, zuen publiko objektiboa zabalduz, bide beretik jarraituko duzue?
Momentuz oso gustura gaude daramagun bidearekin eta gure horretan jarraitu nahiko genuke. Bidea ez da erraza baina, bideari ekinez zailtasunak gainditu nahi ditugu. Publikoaren harrera ona da eta horri nahi diogu eutsi, musika da bizi poza ematen diguna, horrek horrela jarraitzen duen bitartean ongi etorri.
9.- Momentu honetan zertan zabiltzate?
Momentu honetan tope gabiltza, kontzertuz kontzertu. Udara begira gaude ia, jai, jaialdi, festa etabarretako kontzertuak ateratzen diren. Bideoklip bat ere hortxe daukagu erdi egina, baina espero dugu udararako prest izatea. Bitartean zuzeneko potenteari eutsiko diogu.
Mila esker Voltaiako gure babesle laguntzaileei tartetxo hau eskeini izanagatik!