Haurtzaroaren eta helduaroaren artean zubi-lana egiteko ardura daukan denbora-tartea da nerabezaroa. Haurtzaroa bukaerara iristen ari denean, helduaroa dator jada horren haurra ez den haurraren etxera ate-joka, tok-tok: Nor zaitugu? Zer asmo duzu hurrengo urteetarako?… Horrelako galderak egiten dizkio. Nerabeak Nor naiz ni galdera existentzial handi eta ezinbestekoari erantzun behar dion denbora-tarteari esaten diogu, beraz, nerabezaroa. Helduaroan identitate biopsikosozial aski sendoarekin barneratu ahal izatea dago nerabeak jokoan duen erronkaren muinean; benetan lortuko duen edo ez… Etapa horren bizipenaren nolakotasunaren arabera edukiko du erronkak arrakasta ala porrota. Helduaroan sartzeak ez baitu inola ere adierazten heldutasuna erdietsiko duenik, bistan denez. Gauza jakina da bizitzaren kudeaketa osasuntsu baterako nor garen ongi jakiteak duen garrantzia, eta, horregatik, eskuzabalago behar luke gizarteak nerabeari eskaintzen dion denboraren luzeran eta kalitatean, bere bidea osoki burutu dezan. Benetako heldutasunak barnean hartzen dituen gaitasunek beren denbora eta baldintzak eskatzen baitituzte.
Eginkizun zail eta erabakigarri horretan murgiltzeko eta, beraz, tamaina horretako erronkari ekin ahal izateko, zer bagaje daukan berrikustera ere jo behar izaten du nerabeak. Horrela, etorkizunari gogotsu eta ilusioz begiratzen dion bezala, atzera begira ere jarri beharko du, bidean abiatu ahal izateko dauzkan hornigaien eta beharrezko baliabideen bila. Haurtzaroaren azken egituraketa den denbora-tarte hori prozesuan zehar zer lortu duen eta zertan huts egin duen berrikusteko moduan planteatuko du, beraz, gazteak.
Horregatik, garapen-prozesuan zehar izan diren zailtasunak, ezintasunak eta gabeziak, heldutasunera bidean lortu ez diren konkisten hutsuneak edota bizkarrean luzaroan eramandako frustrazio eta porrot zaharrak indar handiz azaleratuko dira nerabezaroan. Eta horretan datza, hein handi batean, nerabe askoren eztanda eta gatazka kritikoaren arrazoia eta jatorria. Nerabeak dena eztabaida-mahaira ekartzeko duen joera ere dena galbahetik pasatu behar horretatik sortzen da: ongi dakigunez, bizitzaren, familiaren, eskolaren eta gizartearen gaineko begirada kritiko zorrotza du nerabeak, gure ondoezerako, askotan.
Haurtzaroa gizaki heldu bilakatzeko beharrezkoa den garapenerako denbora da. Giza garapena hainbat etapatan gertatzen da, eta naturak, fase horietako bakoitzean, gaitasun edo ezaugarri zehatz batzuetarako aukera jartzen du garatzen ari den haurraren esku. Naturak nahikoa egiten du, beraz, aukera emanez, eta hazten ari den haurraren inguruari dagokio gaitasun horiek lora daitezen baldintzak ezartzea. Horrela, garapenaren faseetatik haur guztiak pasatzen badira ere, bakar batzuek baizik ez dute lortuko giza espeziearentzat programatua den potentzialtasun guztiaren konkista. Haurrak gara daitezen Mendebaldeko gure gizarte honek ezartzen dituen baldintzak ez baitira inondik ere egokienak gizakiak osasuntsu haz daitezen laguntzeko. Osasunaren ordez, psikopatologiarako aukera gero eta agerikoagoa duen normaltasuna barreiatzen du.