Euskaldunok beti izan gara ezizenak edo goitizenak jartzeko zale. Hori dela eta, zazpi herrialdeetan ohikoa izan da herri bateko zein bestekoak ezizen batez ezagutzea. Gaur egun ere horrela da. Lapurdin gauza bera gertatzen da, jakina, baina euskararen gibelatzeak horren oroitzapena ahuldu du gure artean. Beharrik baziren zenbait bilduma eta gure aitatxi-amatxien buru onetan horietako ainitz atxiki direla. Julien Vinson euskalari frantsesa gure artean ibili zen euskara aztertzen eta 1883an plazaratu zuen Le Folk-Lore du Pays Basque izeneko liburuan hainbat zerrenda ezarri zituen. Horixe izan da gehienbat hemengo zerrenda egiteko erabili dudan iturria.
Lapurdik gaur berrogeita bat udalerri ditu: Ahetze, Ahurti, Ainhoa, Angelu, Arbona, Arrangoitze, Azkaine Baiona, Bardoze, Basusarri, Beskoitze, Biarritz, Bidarte, Biriatu, Bokale, Donibane Lohizune, Ezpeleta, Getaria, Gixune, Haltsu, Hazparne, Hendaia, Hiriburu, Itsasu, Jatsu, Kanbo, Larresoro, Lehuntze, Lekorne, Lekuine, Luhuso, Makea, Milafranga, Mugerre, Sara, Senpere, Urketa, Urruña, Uztaritze, Ziburu eta Zudaire. Zoritxarrez, ezin izan ditut herri guztietako herritarren ezizenak bildu. Dena den, izan badira, eta ni baino ikerlari hobea izanen den beste batek bilduko dituelakoan nago. Horra hor bildu dudan zerrendatxoa:
Ainhoarrak: Saltsa jaleak.
Akoztarrak: Idi adarrak.
Angeluarrak: Galtza haundiak / Galtza xuriak.
Arrangoiztarrak: Baxera egileak / Makilak.
Arrunztarrak: Arraxina (kandela) saltzaileak / Dantzari haundiak.
Azkaindarrak: Zoko-mokoak.
Baionarrak: Atanturrak (=zintzilikarioak) / Gormantak.
Biarriztarrak: Sorginak.
Bidarraitarrak: Errekak.
Bidartarrak: Arrain saltzaileak.
Biriatuarrak: Ardi zahar jaleak.
Bordagaindarrak: Ohoinak.
Donibandarrak: Xokolat edaleak.
Ezpeletarrak: Sisti-sastak / Piper saltzaileak / Piperdunak.
Gerezietarrak: Lerden eta bipilak.
Getariarrak: Moto (buruko zapi) xuriak.
Haltsuarrak: Bele jaleak / Esne saltzaileak.
Hazpandarrak: Tripa haundiak.
Heletarrak: Barnez bezala mihiz azkarrak.
Hendaiarrak: Mantxeta (beso mutur) haundiak.
Itsasuiarrak: Pinpi-panpak / Azkor-kakorrak / Gerezi-saltzaileak.
Jatsuarrak: Sorgin bildurrak.
Kanboarrak: Arno edaleak / Gormant haundiak.
Larresoroarrak: Xipa xorroak / Saski egileak.
Lekuindarrak: Biribil bezain lagunak.
Makearrak: Ginarriak ta gora mintzo direnak.
Milafrangarrak: Kafe edale haundiak.
Mugerrearrak: Astoak.
Oletarrak: Ezkondu nahiak.
Saratarrak: Gizon (edo emazte) ederrak / Mintzatzaile ederrak.
Senpertarrak: Belaunburu haundiak.
Urruñarrak: Ohore nahiak / Buru goratzaileak.
Uztariztarrak: Auzilariak.
Ziburutarrak: Moto zikinak / Kaskarotak.
Zuraidarrak: Tipula-saltsa jaleak.