Artikulu honetan Euskal Herriko historiaz, oroimenaz, kontakizunez, politikaz, euskaraz eta abarrez hitz egin behar dut, baina guzti-guztiak ere etikaren ikuspuntutik, horrexegatik, deus baino lehenago, eta gauza guztiak hobeki ulertze aldera, ikus dezagun, esate baterako, zer dioen euskal Wikipediak etikaren gainean.
Etika: grezierazko “íthos”, hitzetik; euskaraz, ohitura. Batzuetan filosofia moral ere deitua, ona, egokia eta moralari jarraiki zuzena denaren oinarriak aztertzen dituen filosofiaren adarra. Askatasuna modu egokian kudeatzeko jakinduria moduan ere definitzen da. Bertutetsu eta zoriontsu izateko nola bizi, norberaren helburuak baliozkoak diren eta horiek lortzeko nola jokatu behar den eta norberaren jokabidea zuzena den epaitzean kontzientzia, agintea edo arrazoia kontuan hartu behar dugun aztertzen ditu etikak. Moralak irizpide filosofiko, erlijioso eta kulturalen arabera ona eta txarra, zuzena eta okerra, besterik gabe bereizten dituen bitartean, etikak ona eta txarra bereizten dituen printzipio eta irizpide horiei buruz arrazionalki ikertzen du. Arrazionalki gogoetak eginez, etikaz hausnartuz, alegia, zuzena dena etikoa dela ere esaten da. Beraz, etika eta morala estuki loturik daude, epai etikoak egitean pertsona, egoera edo ekintza baten moraltasuna ere baloratu egiten baita. Hain zuzen ere, epai etikoek eta arau moralek ona, txarra, zuzena, okerra, nahitaezko adjektiboak partekatzen dituzte. Etika zenbait adarretan banatzen da: meta-etika, etika normatiboa, etika aplikatua (bioetika).
Antzina, gauzak eta kontzeptuak ez ziren idazten gaur egun bezala. Noizbait, gizaki aurreratuen artean hasi ziren marrazki, margo, hezur-irudiak eta abar egiten. Askoz geroago, kulturarik aurreratuenetan hasi ziren asmatzen eta erabiltzen ikurrak, zeinuak, hieroglifikoak, letrak eta alfabetoak. Ordura arteko garaiari esten diogu historiaurrea, eta hortik aurrerakoari historia edo kondaira.
Baina, dakigun bezala, gure herria (Euskal Herria, Nafarroako Erresuma, Iruñeko Erresuma, Baskonia edota nahi den moduan), berandu samar hasi zen testu idatziak erabiltzen, XVI. mendean, Bernart Etxeparerekin eta Linguae vasconum primitiae izeneko liburuarekin. Bitartean, gure herri honek askoz gehiago erabili omen zuen ahozko literatura edo mintzaira (abestiak, koplak, bertsoak, ipuinak, kontakizunak, e.a.).
Gero, badago beste faktore bat, oso garrantzizkoa eta inola ere ahaztu behar ez duguna, gure historia zeharo aldatu eta baldintzatu duena: Nafarroako Erresumako konkistaren gaia da, jakina. Ni ez naiz historialaria, eta zoritxarrez oso kondaira gutxi ikasi dut, baina, hala eta guztiz ere, badakit 1200, 1512 eta beste urte askotan ere, gure herri txiki honek, konkista, zapalkuntza, menderakuntza eta bidegabekeria asko pairatu dituela horien ondorioz.
Harrezkero, herri hau ez da askea izan egiteko nahi zuena; beti egon da, eta dago, bi estatu handiren menpean, esparru eta alor guztietan: hizkuntzan, hezkuntzan, ekonomian, politikan, edozein gauza erabakitzeko unean, gizartean, eta batean eta bestean.
Geroztik, Ipar Euskal Herria beti egon da, eta dago, Frantziako Errepublikaren esanetara makurtuta, eta era berean, Hego Euskal Herria Espainiako Erresumaren aginduetara belaunikatuta. Batak nola besteak, Euskal Herria baino handiagoak eta boteretsuagoak izanik, nahi izan duten guztia egin dute euskaldunen herria kolonizatzeko, asimilatzeko, hutsaltzeko, eta azken batean, desagerrarazteko, batere konplexurik, etikarik eta lotsarik gabe, nahiz eta oraindik ez duten lortu, erabateko moduan behinik behin.
Horrexetarako, azken mende hauetan guztietan, gure ondoko bi estatu handi eta boteretsu horiek, jo eta ke aritu dira inposatzen gure historia, oroitzapena, kontakizunak, politikak, hizkuntzak eta abar, inongo beldurrik, zorroztasunik eta egiazkotasunik gabe, hau da, inola ere frogatu gabe gauza horiek guztiak egia ala gezurra ziren.
Ospetsu batek aspaldian esan omen zuen bezalaxe “esan, esan ezazu gezurra, beti gelditzen baita zerbait”. Eta gurekin horixe bera egin dute errukirik gabe, gorago aipatu ditudan bi estatu triste horiek, beraien legeak, historiak, kontakizunak, politikak, hizkuntzak, oroitzapenak eta abar inposatu, batere etikarik eta zehaztasunik gabe.
Hainbeste hamarkada eta mendetako eskarmentu luze eta latz honek, balio beharko liguke zerbait ikasteko eta erreakzionatzeko. Argi eta garbi gelditu da irabazleek ez dutela barkatzen, eta kosta ahala kosta, saiatuko direla berriz ere lortzen beraien helburu politiko guztiak.
Horregatik guztiarengatik, gaur egun horren boladan dauden hauek bezalako kontzeptuak eta gaiak, alegia, historia, politika, oroipena, hizkuntzak, kontakizunak, presoak, biktimak, egia, aitorpena, ordaina, damua, barkamena, eta abar, eta abar, oso komenigarria izanen litzateke kontu bakoitzean, zorroztasun eta zehaztasun guztiarekin jokatzea.
Esaten dute gizarte demokratiko batean bizi garela. Bueno ba, demokrazian denak ez du balio, edo ez luke balio beharko behintzat. Gezurrek, erdizkako egiek eta abarrek ez dute baliorik, ez dute zilegitasunik.
Goragoko gai serio eta garrantzitsu horietan guztietan, gero eta gehiago eskatu eta exijitu beharko litzateke, doitasunez eta zehaztapenez jokatzea, etikaz aritzea, benetakotasunez jardutea, egiazkotasunez lan egitea eta zuzentasuna bilatzea.
Horrela, segur aski, poliki-poliki lor liteke gizarte hauek hoberako aldatzea, bestela, oso zaila izanen da. Gizakiok badugu non ikasi. Gehiena borondate kontua omen da. Ea ba, hemendik aurrera zer borondate mota erakusten dugun.