Historia ez da inoiz zientzia absoluturik izan, guztiz malgua baizik, eta giza ekintza bat historiaren barruan arakatu nahi dugunean, bide, irizpide eta ideologia franko hartu behar izaten dira kontuan. Hori dela eta, historialari batentzat zuria dena beste batentzat beltza izan daiteke, eta ikuspegi batetik ikusten dena beste ikuspegi batetik ikusiz gero arras ezberdina suerta daiteke. Halaber, atzo argi samarra zena gaur ilun-iluna gerta dakiguke eta igarotako garaietan ontzat hartzen zena, agian gure garaian baztertzeko modukoa ikusten dugu. Hauxe baita, azken finean historia, eta honelaxe baita giza garapen logikoa. Bestalde, edozein gertaera edo ekintza historiko aztertzeko orduan, oso kontuan hartu beharra daukagu gertaera horren inguruko guztiak. Zenbaitetan ura bezain gardena izanen dira, bestetan, berriz, zeharo ilun eta korapilotsuak. Eta behin, historiaren posibilismoa onartuz gero, zergatik ezin diogu Cristoforo Colomboren balizko euskalduntasunari leihoa zabaldu? Zergatik ezin diogu Francisco Melendezen hipotesi honi sinesgarritasun ttiki bat eman?
1.- Hipotesiaren egilea.-
1936ko gerra madarikatua piztu baino zenbait urte lehenago, gaztelarra izan arren Euskal Herrian bizi zen Francisco Melendez Polo jaunak 338 orritan hausnarturiko teoria ausarta plazaratu zuen. Idazlanaren izena Colón vizcaino zen, eta bere orrietan zehar Colomboren euskalduntasuna frogatu nahian, era guztietako frogak azaldu eta aztertu zituen. Aipaturiko liburuak oso jakin-min handia sortu zuen bere garaikideen artean, baina berehala piztu zen gerrak, beste gauza askorekin batera, Melendezen teoria guztia ahantzi arazi zuen. Jakin badakigu, Colomboren sorterriari buruz era guztietako teoriak izan direla. Historialari batzuek genoarra zela diote, beste batzuek, berriz, espainiarra; badira judua zela defendatzen dutenak eta baita gizonezkoz jantzitako emakumea zela aldarrikatzen dutenak ere. Ikusten duzuen bezala, era guztietako kontuak korapilatzen dira pertsonaia historiko honen inguruan. Bakoitzak bere argudioak ematen ditu eta Melendezen teoriak ere bereak kaleratu zituen. Ikus ditzagun.
2.- Hipotesiaren nondik-norakoak.-
Melendez Polok defendatu zuenez, 1441eko uztailaren 10ean, Gipuzkoako Soraluze herrian Kristobal izenaz bataiatu zuten haurra jaio zen. Bere lehen deiturak hauexek ziren: Maiztegi, Larreategi, Laskurain eta Sologoien. Oraindik haurrak zirela, amak bidali omen zituen Kristobal eta bere anaia Bartolome Elorriora Joan Tabera apaiz arabarrarekin ikas zezaten, eta zenbait urte beranduago Italiako Pavia hirira nautika eta bestelako diziplinak ikas zitzaten. Italiara joan aurretik, gurutze baten azpian bildu zituen bi semeak eta beraien ama nor zen sekretupean gordeko zutela zin egin arazi zien. Hori dela eta, Melendezek, Kristobal eta Bartolomeren lau abizen horiek amaren aldetikoak zirela ondorioztatu zuen.
Gero, Colomboren garaiko zenbait historialariren eta bestelako pertsonaien idatziak aztertu ondoren, Melendezek Cristobal Colon, Cristoforo Colombo (edo Kristobal Maiztegi, nahiago izanez gero) Vianako Printze malapartatuaren seme naturala izan zitekeela azaltzera eman zigun. Aitaren inguruan jazotako gertaera odoltsuak izan omen ziren bere gurasoen sekretua gordetzeko egiazko arrazoia.
Paviako ikasketak egin ondoren, eta oraindik gaztea zela, Kristobal Guillame Casenove kortsarioarekin batera itsasoratu zen. Hamaika abentura igaro ondoren, Portugalera joan zen eta bertan bere lehen emaztearekin ezkondu. Ezkontza honen fruitu sortu zen Diego, bere lehen semea. 1484an, alargundu ondoren, Espainiara igaro zen eta bertako errege-erreginak eta nobleak, mendebaldeko itsas bidea hartuta, Indietara joateko zeukan asmoaz konbentzitzen ahalegindu zen. Medinaceliko dukearen babesa lortu zuen eta haren bidez Espainiako errege-erreginak bere proiekturako bereganatu zituen.
3.- Hipotesiaren oinarriak.-
Baina utz ditzagun orain denok ezagutzen ditugun gertaera historikoak eta ikus ditzagun Melendezek Colomboren balizko euskalduntasuna frogatzeko bere liburuan azaldu zituen argudioak.
1.- Colombok 1492an, Mundu Berriaren aurkikuntza zela eta, aukeratutako armarria. Bertan azaltzen diren armak Maiztegi abizenaren berberak dira.
2.- Ameriketara egindako lau ibilaldietan egin zituen itsas idazkietan azaltzen diren euskarazko hitz ugariak.
3.- Benetako abizenak azalduz erabili zuen zin ofizial eta solemnea, hau da, Cristobal Colon de Larreategui. Ez dezagun ahantzi Colombo edo Colon hitza maizterraren erdal baliokidea dela.
4.- Bere sinadurarekin batera erabili zituen armarriak Maiztegi eta Larreategiri dagozkienak dira.
5.- Colonek Ameriketan aurkitutako lurrak, itsasoak, ibaiak, golkoak… bataiatzeko erabilitako euskal izenak: Antillak, Arana, Akuilu, Amaika, Amona, Aitona, Anaia, Barruko, Barruari, Burukea, Borobil, Benetan, Barriak, Kaiku, Kai, Zurubi, Kariarri, Karramarro, Kadagua, Txiki, Giltza, Gizon, Galdu, Kubi, Igesi, Laguna, Unian, Lukaia, Makal, Motz, Mugar, Negua, Oma, Ona, Tximio, Placencia (Soraluze herriaren erdal izena), Xoxua, Urrera, Zugasti, Zuai,…
6.- Denok dakigun bezala, bere ontziburua euskalduna zen. Maria Galanta izena zuen eta Santa Maria izena berbataiatu zuten bidaia hartarako. Kapitaina Joanes Bengoa zen, El Vizcaino izengoitiaz ezaguna zena, eta eskifai edo tripulazio osoa euskal marinelez osatua zen. Liburuetan marinelen izen-abizenak eta sorterriak azaltzen dira: Galartza, Martinez Azoka, Ruiz Peña eta Txautxu Debakoak ziren, Altube eta Arrue Gorlizkoak, Axpe Santurtzikoa, Etxeberria Erandiokoa, Zabaleta Zumaiakoa, Arana Bizkaitarra eta Barrena Lekeitiokoak, Arriaga Mundakakoa, Entzio Lutxanakoa, Bergara Mutrikukoa, Bilbao Larrabetzukoa, Perez Vizcaino eta Urrutia Bilbokoak, Arrez Sopelakoa, Lete Iruñekoa….
Ikusten duzuen bezala, Francisco Melendezek aurkeztutako frogak ez dira ahuntzaren gauerdiko eztula. Baina gauza bera gertatzen da Cristobal Colon espainiarra eta Cristoforo Colombo italiarra defendatzen dutenekin. Frogak izan badira, eta gustu guztietarakoak, gainera. Melendezek ongi argudiatu zuen bere hipotesia, eta horrek ongi merezitako lekua ematen dio beste teorien defendatzaileen ondoan. Colon, Colombo ala Maiztegi? Hortxe dago koska!