Meningitis meningokozikoa gaitz infekziosoa da. Gutxitan gertatzen da, baina oso larria izan daiteke. Gaitz horren aurka badira txerto desberdinak, horien artean, B meningokokoaren aurkako txertoa (izen komertziala bexsero da).
Espainiako Medikamentuen eta Produktu Sanitarioen Agentziak, joan den urrian, txerto horren preskripzio eta dispentsazio baldintzak aldatu zituen, hau da, ospitaleko medikamentua zena farmazietan dispentsatzea baimendu zuen. Bexsero farmazietan eskuratzeko errezeta medikoa beharrezkoa da, Osasun Agintariek oraingoz Txertaketa Egutegi Ofizialean ez dute sartu, eta Osasun Sistema Nazionalak ez du finantzatzen, beraz, kasu bereziak salbu, farmazietan dispentsatzen da, txertoa ordaindu behar da eta errezeta medikoa beharrezkoa da.
Kontua da, farmazialariok B meningokokoaren aurkako txertoen eskariak farmazian, aurreikusitakoak baino handiagoak izan ditugula, eta ezin izan diegu eskari guztiei erantzun. Gurasoen itxarote zerrenda moduko bat badugu farmazietan.
Guraso batzuk Frantziara joaten dira txertoaren bila (egun, Frantziako farmazietan ere arazoak dituzte txertoa erdiesteko). Guraso horiek jakin behar dute aurkako ondorioak saihesteko eta immunogenizitateari eusteko txertoa 2 eta 8 gradu bitartean gorde behar dela, hau da, txertoa ongi gordetzeko hotz-kateari eutsi behar zaiola.
Txertoaren gabezia dela eta, gurasoren bat Interneten bidez erostea saiatu da nonbait. Guraso horri ohartarazi behar zaio Interneten bidez eskuratze hori legez kontrakoa izateaz gainera osasunerako oso arriskatsua izan daitekeela.
Interneten, errezeta behar ez duten medikamentuak bakarrik eskuratu ahal izaten dira (B meningokokoaren aurkako txertoa eskuratzeko errezeta beharrezkoa da), eta betiere Interneten saltzeko baimena duen farmazia baten bidez. Farmazia hori Espainiako Medikamentuaren Agentziak baimentzen du, eta baimena egiaztatzen duen nazioarteko zigilua ere badu.
Azken hilabete hauetan Interneteko zenbait plataforma nabarmendu dira gizabanakoen arteko medikamentuen eskaintzak eta salerosketak egiteagatik. Farmazialarien Kontseilu Nagusiak esan du praktika horiek legez kontrakoak direla, agintariek ofizioz jazarri behar dituztela, eta osasun publikorako oso arriskutsuak direla (medikamentuen falsutzea, medikamentuen segurtasunik eza, kontrol sanitariorik eza, etab. gerta litezke eta).
Osasunaren Mundu Erakundeak dioenez Interneten bidez saltzen diren medikamentu guztien %50a faltsuak dira. Espainiako Kode Penalaren arabera medikamentuak faltsifikatzea delitua da, eta praktika horiengatik 5-10 urteko kartzela zigorra ezarri ahal da.
Bestetik, aduanetan konfiskatzen diren produktu guztien %15-20 medikamentu faltsuak dira. Faltsifikatzen diren medikamenturik ohikoenak sexu-indartzaileak, psikoestimulatzaileak eta gihar masaren indartzaileak dira, baina egun ere analgesikoak, antibiotikoak, argaltzeko medikamentuak, urdailaren babesleak etab. faltsifikatzen dira.
Beraz, kontuan hartu behar dugu legezko kanaletik kanpo erositako medikamentuak faltsuak izateko arriskua handia dela, eta gure osasunerako oso kaltegarriak izan daitezkeela.
Pello Iturria Sarasibar