Istorio irringarriak edo txisteak edozein bazterretan sortu eta berehala leku guztietara eta mintzaira guztietara hedatzen dira. Horixe da umoreak zabaltzeko duen erraztasuna. Oraingo honetan Baionan entzundako eta kokatutako hiru txiste kontatuko dizkizuet. Baionan entzun nituen, Baionan kokatuak ziren eta nik ere, entzun bezala, azalduko ditut. Horratx.
1.- Baionako Saint-André elizan
Igande goiza da eta Baionako Saint-André eliza jendez gainezka dago. Euskarazko meza da, euskarazko meza bakarra Baiona osoan. Kanpoan haize hotzak jotzen du karriketan. Barruan, berriz, bero da, eta tenperatura atsegin horrek lagundurik, bertan direnek arreta handiaz jarraitzen dute jaun apezaren elizkizuna. Euskal kantuek eliza betetzen dute eta horien oihartzunak karrika hotzetan entzun daitezke.
Halako batean 75 urte inguruko Margaitta senarrari belarrira mintzatzen zaio:
-
Ai Ttotte, kezkatua naiz.
-
Zendako Margaitta? Zer agitzen zaizu?
-
Otoitz Saindua egiten ari nintzela, bet-betan, uzker isil horietako bat atera zait. Pentsa ezazu! Beharrik isila zen! Baina, halere, kezkatua naiz. Jendea niri begira sumatu dut, eta beldur naiz urrin txarreko uzker horietako bat ez ote den izan. Hau ahalkea, Ttotte!
Eta Ttotte senarrak, errukita, belarrira dio erantzun:
– Uzker isil horietako bat erraiten duzu!? Lasai, lasai Margaitta, eta jarrai ezazu otoitz sainduarekin. Etxera itzultzean sonotonean pila berria ezarriko dizut-eta.
2.- Mutxurdinaren adina
Baionako bestak dira, larunbat gaua. Baiona osoa xuri-gorriz jantzitako jendez mukuru da. Adin guztietakoak, gainera. Badira gaztetxoak, gazteak, helduak eta aspaldian gazte izan zirenak. Denak xuri-gorriz jantzirik eta baso bana eskuan. Café des Pyrenées ostatuko kanpo aldean bada gizon mozkor bat, 37 urte ingurukoa, basoa eskuan nekez eusten duena. Hala ere, edaten jarraitzen du beti. Haren ondoan, mutxurdin pinpirin zahar bat etengabeki ari zaio mintzatzen. Atorra eta gona xuri-xuriak ditu, kapelua, mukanesa eta gerrikoa gorri-gorriak, Baionako besten usaian. Begietan ikusten zaio gizon mozkor harekin nahi duela.
Gizona ere antzekoz dago jantzita. Atorra eta galtza hiru egun lehenago xuriak zirenak, kapelu, zapi eta gerriko gorri zikinduak eta oin zikinetan espartin xuri aski lokaztuak. Gizonak aski du bere burua lepo gainean atxikitzen. Mutxurdinak, hala ere, temati segitzen du, hitz eta pitz, baretu gabe. Halako batean biziki galdera xelebrea egiten dio:
-
Zenbat urte botatzen didazu?
Gizonak basoa ezpain artetik kendu eta istant batez pentsakor izan da. Gero, ardo usainez beteriko hitzez, dio erantzuten:
-
Ez da erraza ihardestea baina zure larruari begiratuz gero, hemezortzi urte dituzula erranen nuke nik.
Mutxurdinaren poza!
-
Musu fin hori ikusita —darrai mozkortiak— hogeita bat urte erranen nuke. Gorputz lirain horrengatik hemeretzi urte, erranen nizuke —berriz ere gizonak— Eta begi ñabar eder horiengatik hogei urte.
Mutxurdina pozez gainezka dago. A zer gizon gisakoa! —erraiten dio maitekiro, eta gero eta handiagoa duen gogoa bazterrean ezin utzirik, honela galdetzen dio odolaren berotasuna ezin eutsiz.
-
Eta zer eginen dugu orain?
Eta mozkortiak ahots apalez erantzun:
– Horien guzien batuketa zure egiazko adina jakiteko.
3.- Emaztearen pena
Gizona tristea eta burumakur iritsi da lanetik Baionako bere etxera. Emazteak, horrela ikusita, zer gertatu zaion galdetzen dio. Gizona ahots urratuaz kontu kontari hasten zaio.
-
Hari zorigaitza, Gaxuxa! Gaur aldamioa seigarren estai batean ezarrita ginuen. Halako batean kakalarri handia etorri zait. Galtzetan eztanda egin behar zidala zirudien. Hortakoz, karrikara jaitsi naiz xoko bakarti baten xerka, eta sasi artean bazen ere, azkenean ederki libratu ahal izan dut. Horretan ari nintzela, aldamioa erori eta bertan ziren hiru lagunak amildu eta bertan hil egin dira.
-
Eneee! Haur zoritxarra! —emazteak, entzuten ari dena ezin sinetsiz.
-
Gero entrepresako nagusiak etorri dira —jarraitzen du senarrak— eta egia erran behar badizut, biziki ongi portatu dira. Alarguntsei sos ainitz eman diete bizitza osoan senarrik gabe bizitzeko adina.
Emaztea, hori entzunda, sutan jarri da eta biziki haserre honela erraiten dio senarrari:
-
Hau da, hau! Eta hi anartean kaka egiten!