UNAI BEROIZ ARGAZKI – KAZETARIARI ELKARRIZKETA

1.- Kaixo Unai, argazkilari-kazetari munduan zein lanetan ibili zara? Zein da gehien gustatu zaizun lana?

Nik berez, freelance bezala lan egiten dut. Honek ez nau enpresa bakar bati lotzen baina nere lan gehienak prentsarako izaten dira. Prentsa mundua askotan aspergarria izan daiteke baina leku, jende eta historio interesgarriak ezagutzeko aukera ere ematen dizu. Freelance izanda, askatasuna ematen dit nere proiektu pertsonalak garatzeko. Azken aldi hontan Europarako bidean dauden errefuxiatuen inguruan lan egiten nabil.

2.- Erreportaia bat egin behar duzuenean zeintzuk dira bilatzen diren helburuak? Berdinak dira paperean egiten den ediziorako edo digitalean egiten diren edizioetarako?

Munduko bidegabekeriak ikustea eta salatzea da helburua. Historioak kontatzea ere, gaur egun edonork egin dezake argazki polit bat, baina oso gutxik kontatu dezakete historio on bat argazkien bidez. Gure lana deseroso izatea da.

Asko alda daitezke paper zein interneteko edizioak, batez ere paperean mugatuta zaudelako testua eta argazkiak ipintzeko espazioaren arabera, interneten ez duzu arazo hori eta argazki gehiago ipini ditzakezu eta testua askoz gehiago landu.

Hala ere, kolaboratzen dudan egunkariarentzat, normalean eduki berbera izaten du papera zein interneten.

3.- Zer botatzen duzu faltan Euskal Herri mailan argazkilaritza inguruan?

Ez dakit Euskal Herri mailan baina Nafarroan argazkilarien arteko batura faltan botatzen dut. Kolektibo bezala gure interesen alde elkarrekin borroka egiteko.

Oro har, Nafarroan eta Euskal Herrian argazki kazetaritza maila altua daukagu.

4.- Erreportairen bat argitaratu berri dizute, zure argazki eta hitzekin, nola deskriba dezakezu bizipen hori?

Hori da gure lana. Joan, ikusi, argazkiak hartu, bueltatu eta gizarteari erakustea ikusi eta bizitakoa. Pertsonalki bizitutakoa, ez da garrantzitsua. Gure historioen protagonistak dira garrantzia dutenak, gu azken finean gure lana lantzen gabiltza eta gu ez gara erreportai hoien protagonistak.

Baina gustora sentitzen zara zure lana publikatzen denean, oso pozik alde hortatik. Badira kazetari eta foto-kazetari asko lan haundiak garatzen baina plataforma faltarengatik edo plataforma hoien zuzendariak dohainik publikatzea eskatzen dietelako, ez dituztenak publikatzen.

5.- Zer esan edo aholkatuko zenioke argazkilaritza ikasten hasiberria den ikasle bati?

Mundu zaila dela, baina gustoko badu, aurrera jarraitzera animatuko nuke. Bide zaila eta luzea dela, presarik ez izatea eta lana ondo eginez gero emaitzak iritsiko direla.

6.- Kazetaritza gaiarekin jarraituz, nola lortzen duzue hain tarte txikietan esan beharreko guztiak argi eta garbi iristea irakurleari?

Argazki edo argazki-saila batean historioa kontatzea da erronka. Argazki-oin batek indarra ematen dio argazkiari baina irakurleak argazkia irakurtzeko gaitasuna izan beharko luke. Zoritzarrez, irakurle gutxik daukate gaitasun hori.

7.- Amaitzeko kontaiguzu faborez zerk betetzen zaituen gehien argazkilari- kazetari lanean.

Izugarri betetzen nau historioak kontatzea, etxekoak zein kanpokoak, eta historia horien protagonistek beren etxea eta bihotza irekitzea nere kamararen aurrean. Entzutea eta beraien historioak begi bistan ipintzeak.

Eta jakina, nere lanak, gutxien dutenei eta gehien behar dutenei laguntzea, pentsatzeak.

Bukatzeko, utopikoa den esaldia, argazki batek mundua alda dezala.