Iholdiko lakua

Ez genuen guk aisialdi handirik bizi ginen Baxe Nafarroako xoko huntan. Herriko plazan pilotan josta gintezken baina hortarik aparte ez genuen kasik deus egiteko.

Beharrik auzo herria den Iholdin lakua edo aintzira genuela udako bakantza luzeak igarotzeko. Gure hondartza zen Iholdiko lakua, sablea edo area zegoen oihalak pausatzeko eta nahi zuenak azala gorritu zezakeen. Ur kantitate inportantea zuen eta igeri egiteko lekua bazegoen ausarkian.


Laku hunek historio ttipi bat zuen eta aitak kontatu zizkigun horren harat hunatak. Menderen mendetan ez zen egon lakurik Iholdiko herrian. Erreka bat baizik zegoen. Erreka horrek herria trebeskatzen zuen Eihera bat zeharkatuz. Justuki Eihera deitzen genion Irina egiten zen etxe hori. Etxe hortako nagusia Pattin Handia deitzen genuelarik.
Ez ditut ongi gogoratzen datak baina suposatzen dut 70.hamarkada bukaeran, Iholdiko hautetsiek, Kaldixuri auzapeza zutela buru, erabaki zutela laku artifizial bat sortzea hoien herrian. Ikusi baitzuten turismoa azkarki garatzen hasia zela kostaldean eta baita ere Garazi aldean, eta laku batekin jendea erakartzeko esperantza piztu zitzaien. Proiektua garatu zuten beraz eta planak egin behar izan zituzten. Erabakia izan zen lakua Pattin Handiaren Eihera zen ekualdean egin beharko zela eta beraz azken hunen etxea jaurtiki edo botatu beharko zela turismoaren izenean.

Nahiz eta segur aski diru zama eder bat proposatu zuten Pattin Handiari bere etxetik kanporatu ahal izaiteko, Pattinek errefusatu zituen eskaintza guziak arbasoengandik jasotako etxea atxiki ahal izaiteko. Gero ta presio handiagoa jasan behar izan zuen Kaldixuriren segitzaileen partetik eta ondorioz haren defentsa komite bat sortu zen. Aitaren erranetan, Iholdiko herria bi zatitan bereixi zen garai hartan, laku artifizialaren sustengatzaileak alde batetik eta Eiheraren defendatzaileak bestetik. Gure aita Pattin Handiaren lagun mina zenez (Kaldixuri ez zuen gustukoa ere egia erran…), naturalki Eiheraren defentsan jarri zen. Kristoren kalapitak izan omen ziren bi alderdien artean, elgarretaratze eta manifestazioak izan omen ziren herri ñimiño hortan, pentsa! Egun batez aita eta Eiheraren defendatzaileak iholdiko plazan zirela elgarretaratzen, laborari aurkari bat etorri zitzaien kabalen pisa lurretan botatzeko maxinarekin eta guzien gainera botatu omen zien hungarri hura…


Ikusiz tentsioak ez zirela apaltzen, Kaldixurik bere planak aldatu behar izan zituen eta lakua egin behar izan zuten Eihera hunkitu gabe. Azkenean alderdi guziak kontent geldituko ziren. Pattin Handiak bere etxea atxiki ahal izan zuen eta besteek laku artifiziala sortzen ikusi ahal izan zuten.


Maleruski historio guzi hauen ondotik, laku horrek ez zituen egundaino turistak Iholdi aldera erakarriko, kostaldean  igeri egiteko nahiko leku baitzuketen.  Guk ordea zenbait ordu pastuko genituen bertan udako bero azkarreri aurre egiteko…  Aita ta amek aldiz,  1978an sortuko zen nire anai handiari Pattin izena emango zioten Eiherako gizon azkarraren omenez…