Fulcanelli idazle hermetikoak Mystère des catedrales liburu entzutetsuaren bigarren argitalpena 1957an egin zuen (Lehena 1925ean egina zuen). Liburu horretan dotrina hermetikoaz, sinbolismoaz eta alkimiaz aritzen dela gauza jakina da, Fulcanelli –ezizen horren azpian gordetzen den egiazko nortasuna ezezaguna zaigu– azken alkimista handia izan baita aunitzen ustetan. Gauza da aipatu dugun bigarren argitalpen horretan kapitulu berri bat gehitu zuela liburuaren bukaera aldean: Hendaiako gurutze ziklikoa izenburuaz bataiatu zuena. Eta hortxe hasten da gure historia hau.
1.- Hendaiako gurutze ziklikoa.-
Fulcanellik bere liburu ospetsuan erantsitako kapituluan honako azalpenak ematen dizkigu:
Gurutzearen egiturari begiratuz gero, badirudi XVII. edo XVIII. mendean egina dela, eta Hendaiako aitatxi zahar bati galdetuta jakin dudanez, hasiera batean Beltzeniako hilerrian kokatu zuten hildakoen betiko loa zain zezan eta gero1842. urtean, gurutzea hilerritik Jondoni Bixintxo eliza ondora eraman eta elizaren hormatik biziki gertu ezarri zuten. Ene ustez hargina ez zen oso trebea baina bai ezaguera kosmografikoz jantzia.
Fulcanellik ez digu argitzen nork egin zuen edota noren aginduz egin zen. Gero, gurutzea deskribatzerakoan, honela esaten digu:
Gurutzeak bi zati ditu, bata gurutze bera, eta bestea gurutzea eusten duen oinarria. Gurutzean, VI. mendeko poeta izan zen Venancio Fortunatok sorturiko himno bati X. mendean erantsi zioten esaldia zizelaturik dago: O CRUX AVES PES UNICA. Ongi idatzirik balego, hau da, O CRUX AVE SPES UNICA jarriko balu, AGUR GURUTZE, ITXAROPEN BAKARRA esan nahiko luke. Haatik, esaldia ez dago ongi idatzirik, bi zatitan banaturik horrela agertzen baita: OCRUXAVES / PESUNICA. Hau da, S letra tokiz aldatuta dago. Ene ustez, ez dirudi harginaren akatsa denik –horrelako testuak zizelatu aurretik, ikatzez egindako zirriborro modukoak lantzen baitzituzten– nahita egindako
aldaketa edo translazioa baizik.
Harginak idazkera hermetiko eta ezkutua erabili zuen, itxurako akats batez babesturik, bestelako esanahia aditzera emateko. PES UNICA hitzen itzulpena OIN BAKARRA litzateke. Hala eta guztiz ere, eta egiazko esanahia ez adituen begietan ezkutatu nahian, ez zituen, nahita, latinaren arau gramatikalak errespetatu. PES latinez maskulinoa da eta dagokion adjektibo maskulinoa UNICUS da. Harginak, berriz, eta lehen aipaturiko arrazoiagatik, UNICA femeninoa erabili zuen. OIN BAKARRA hinduen sinesmenetan zikloaren amaieraren adierazlea da, gizateriaren bukaeraren igarlea.
Gurutzearen oinarrian gaizki idatzitako testuan, bokal aldakorrak erabiliz gero, honako hau irakur daiteke: “Il est écrit que la vie se réfugie en un seul espace” Euskaraz esana: “Idatzirik dago bizitza gune bakar batean babesten dela” Eta mezu honen esanahia zera litzateke: “Bada leku bakar bat non hondamendiaren tenore ikaragarrian, heriotzak ez duen gizakia harrapatu ahal izango”
Gurutzearen oinarriak, berriz, lau alde ditu. Horietako lehenean artizarra adierazteko erabili izan den izar mota agertzen da. Bigarrenean ilbeheran dagoen ilargia. Hirugarrenean eguzkia, eta azkenik, laugarrenean, lurra irudikatzen duen ikur koaternarioa. Biribil handi batean eta gurutze handi batek banaturiko laurdenetan A letra bana azaltzen dira. Gurutzearen gibeleko aldean, gaur elizaren hormatik dagoen alde ezkutu horretan alegia, INRI (Iesus Nazarenus Rex Iudeorum / Nazareteko Jesus, juduen errege) irakur daiteke.
Lurra irudikatzen duen ikur koaternarioak mezu zikliko bat dakarkigu gogora. Lau A horiek alfa, hau da, guztiaren hastapena lirateke, eta biribila O letra, omega, litzateke, garai guztien amaiera alegia. Irudi hau hinduek erabiltzen zuten gizakiaren ziklo osoa adierazteko, eta bertan azaltzen diren lau gune horiek gizateriaren lau aro handiak sinbolizatzen dute.
Lehena Urrezko Aroa da (Gredadugan diturikoa), inozentziaren aroa da. Behia indartsu eta osasuntsu dago eta lau hanketan sostengatzen da. Bigarrena Zilarrezko Aroa (Tredadugan). Behia ahulago dago eta hiru hanketan sostengatzen da. Hirugarrena Brontzezko Aroa (Tuvabaragugan) Behiak bi hanka ditu bakarrik euskarritzat. Eta laugarrena, Burdinazko Aroa (Caigugan) miseriako aroa da. Behiak ez du kolokarik lortzen euskarritzat duen hanka bakarrean. Honen mezua heriotza da eta bere hieroglifikoa Saturnoren atributuez jantzitako giza hezurdura. Eraldatzearen ordua da, hondamendiaren eta suntsiketaren tenorea. Ziklo hau amaitzean, gizaki ia guztiak desagertuko dira, hautatuen multzo txiki bat izan ezik. Hauei egokituko zaie ziklo berri, aberatsago eta aratzago bati ekitea. Gurutzean zizelaturik dagoen testua honetaz hitz egiten digu:
PES UNICA / OIN BAKARRA esaten duenean, horixe baita gure zikloaren amaiera hurbila.
2.- Sarako gurutzea eta Joxemiel Barandiaran.-
Sarako hilerrian, elizatik gertu, bada Hendaiakoarekin antz handia duen harrizko gurutze bat. Badirudi bertan ezarriz geroztik, tokiz aldatu gabe dagoela. Egituraz oso antzekoa bada ere, esan beharra daukagu, Sarako gurutzea, Hendaiakoaren aldean jarrita, sinpleagoa, xumeagoa, umilagoa dela. Gurutzean ez du inolako mezurik idatzita, eta oinarrian, bakar-bakarrik, aitzinako aldean lurra sinbolizatzen duen eta Hendaiako gurutzearen oinarriko aldeetako batetan ikus dezakegun ikur koaternario bera.
Denok dakigun bezala, Joxemiel Barandiaran Ataungo ikertzaile eta antropologo handiak hamahiru urte egin zituen Saran bizitzen, Hegoaldetik, frankismoaren hatzaparretatik ihesi etorria izaki. Saran zegoela, beste gauza askoren artean, hilerriko gurutzea ezagutu eta ikertu zuen, eta dirudienez, gurutzearen oinarrian zizelaturiko irudiak nolabaiteko ekarpena eragin zuen harengan. Zer ikusi zuen Sarako gurutzean? Apaiza eta fededuna izanik, badirudi Jainkoaren irudikapena ikusi zuela bertan, Jaungoikoa baita kristauentzat, mundu honen alfa eta omega, hasiera eta amaiera, genesia eta apokalipsia. Gainera, ordena koaternarioak badu tradizio luzea mendebaldeko kulturaren eta kristau sinesmenen barruan: oinarrizko lau osagaiak (ura, sua, airea eta lurra), lau puntu kardinalak, ilargiaren lau uneak, urtearen lau sasoiak, gurutzearen lau besoak, lau ebanjelariak… eta abar.
Horrela izanda edo ez, gauza da Joxemiel Barandiaranek, bere testamentuan, hilobian ezarri behar zioten hilarria guztiz diseinaturik utzi zuela. Hilarriaren buruan, biribil baten barruan, Sarako gurutzean azaltzen den irudi koaternario berbera, eta oinarrian idatzirik: Sarako hilarria.
Barandiaran Ataunera itzuli zenean, Lapurdiko etxeen antzeko bat eraiki zuen bizitokitzat eta Sara izena eman zion, Lapurdiko herri horretan emandako urteen oroitzapen gisa. Barandiaranek hilarriak ongi aztertuta zituen eta jakin bazekien garai batean, ehorzketak etxeetatik eliza ondoko hilerrietara eraman zituztenean, euskal etxearen eta hilobiaren artean betidanik egon den lotura estua adierazteko, hilarrietan, familiaren etxe izena ezartzen zutela. Horregatik agindu zuen horrelako testua jartzea bere hilobian.
Bitxia bada ere, Barandiaranek ez zuen inoiz deus idatzi Hendaiako gurutzean azaltzen den irudi koaternarioaz, eta jakin badakigu Hendaiako gurutzea ongi ezagutzen zuela.
3.- Hendaiako gurutzearen inguruko bestelako kontuak.-
Iñigo Etxebestek sinaturiko artikulu batean irakur daitekeenez, Hendaiako gurutzearen jatorrizko kokapena hauxe izan zitekeen: Gurutzearen latinezko esaldia eta eguzkiaren irudia ekialdera begira, egunsentira begira, hain zuzen; artizarraren irudia mendebaldera eta ilunabarrera begira egonen litzateke; ilargiaren irudia hegoaldera eta eguerdira begira; eta azkenik, lurraren irudi konplexua iparraldera eta gauera begira legoke.
Artikulu berean, Iñigo Etxebestek (jakin dugunez izengoiti honen atzean bi lagun ezkutatzen dira) oso datu argigarria ematen digu Hendaiako eta Sarako gurutzeen balizko egileaz. Bertan aditzera ematen zaigunez, Shanti de Oiarsok Errenteriako Oarso izeneko aldizkari batean gurutze horien benetako diseinatzailea XVIII. mendeko Joan Kruz Etxeberri alkimista izan zitekeela idatzi zuen. Zoritxarrez, ezin izan dut pertsona honi buruz datu gehiago eskuratu.
Aitaren aldetik alsaziarra eta amaren aldetik euskalduna den Axel Brücker-ek 2005. urtean plazaratu zuen Fulcanelli et le mystère de la croix d´Hendaye izeneko liburu ederrean, Hendaiako eta Sarako gurutzeen oinarrietan azaltzen diren ikur astrolaktikoek antzinako beste kulturetan eta baita Amerika postkolonbinoan ere, azaltzen direnekin dituzten antzekotasunak aditzera ematen dizkigu.
Buka dezadan artikulu hau Aitor Puche idazle eta ikerlari irundarrak aldizkari batean idatzitako kontakizunaz. Puchek, bitxikeria gisa, ematen du aditzera, eta dioenez, ingelesez idatzitako aldizkari elektroniko batetik atera du. Nik euskaraz emanen dizuet.
Ingelesezko artikuluak dioenez, Hendaiako gurutzeak oso ekarpen handia eduki omen du garai ezberdinetako pertsonaien artean. Honela, esate baterako, Frantziako Luis XIV.ari gertatu zitzaiona kontatzen digute.
Lur hauetara etorri zen Espainiako Maria Teresa printzesarekin ezkontzera, eta esaten dutenez, aterpeturik zegoen Donibane Lohizunetik Hendaiara joan zen gurutze misteriotsua gertutik ezagutzeko asmoz. Artikuluan diotenez, inork ezagutu ez zezan, zaldiz eta bakarrik joan zen Hendaiara, gaskoi noble baten janzkeraz, eta ezpataz, sastakaiaz eta pistola pare batez armaturik.
Artikulu berean esaten dutenez, hiru mende berantago, 1940ko urriaren 23ko goiz aldean, asteazkenarekin, Adolf Hitlerrek Hendaiako gurutzea miresteko aukera ukan omen zuen. Baina Hitler ez zen bakarrik hurbildu, SS Leibstandarte-ko guardiako kide aunitzekin lagundurik baizik. Orduko Europan biziki pertsonaia ezaguna zenez, Hitlerrek kontu handiz ibili behar izan zuen inork ez zezan ezagutu. Goizeko 8,30etan, zamarra ilunaz eta soldadu-kapelaz jantzirik, treneko bere bagoitik jaitsi zen. Aitzinean bazuen mercedes beltz bat bere zain. Barrura sartu, gibeleko jarlekuan eseri, eta berehalaxe autoa gurutzea dagoen tokirantz , hau da, herriko eliza alderantz abiatu zen.
Jondoni Bixintxo elizaren parera iristean, Hitler autotik jaitsi eta poliki elizaren ate aldera joan zen. Atea babesten duen arkupean bazen gizon bibotedun bat bere zain. Fulcanelli izengoitiaz ezaguna dugun okultista zen. Artikulu-egileak aitortzen digunez, inork ez daki urriko goiz hartan Hitlerrek eta Fulcanellik hitz egin zutena. Baina haren ustetan, Fulcanellik berba egin zion Hitlerri aurrean zuten harrizko gurutzearen alde esoterikoez, haren mezu eta ikurren esanahi kriptikoaz, munduaren amaierako iragarpenez,… Elkarrizketa hau bukatu ondoren, eguerdi aldera, Hitler Hendaiako tren-geltokian zuen tren blindatura itzuli eta bertan egon zen Franco noiz iritsiko zain.
Aipaturiko artikuluak bukatzen du Falconelli Parisera itzuli zela eta bizitza publikotik, 1944ko agorrilean, aliatuak Parisen sartu zirenean, desagertu zela azalduz. Hala eta guztiz ere, 1957an, “Le mystère des catedrales” liburuaren bigarren argitalpenaren aurkezpena egin zenean, Fulcanelli bertan ego zela dio. Argitalpen berri honetan, Hendaiako gurutze misteriotsuari buruzko kapitulu berria gehitu omen zion bere liburuari.
Ikusten duzun bezala, irakurle, Fulcanelli idazle hermetikoa izan zen nolabait sua piztu zuena, hau da, Hendaiako gurutzearen misterio isila lehen aldiz aditzera eman zuena. Orduz geroztik horren inguruan ikertu eta idatzi den guztia Fulcanellik pizturiko sugarraren garapen logikoa izan delakoan nago.
You must be logged in to post a comment.